Zinea  IV. urtea // 117. zenbakia

Genesis


Ez da ohikoa izaten naturearen ganeko dokumentalek telebista jakin batzuen txokoetatik urtetea eta pantaila handira salto egitea. Dokumentala, berez, kontsumo urriko ikus-entzunezkoa da, eta are murritzagoa naturearen ganekoa bada.

Horregaitik, mueta honetako luzemetraiaren bat zine-aretoetan emoteko asmoz egiten bada eta karteldegietara heltzea lortzen badau, ikusgarritasunera hurreratzen diran edukinez horniduta egon behar dau, gureztala.

Horixe da lurraren sorkuntza eta naturearen garapenaren inguruko dokumental honetan egin edo jadetsi dabena; irudien indar dramatikoa eta ikusgarritasuna oso zinematografikoak dira, soinu bandeak off-eko ahotsa baztertzea lortzen dau eta, kontakizunari emondako ikutuak dirala eta, gaia natur fabula batera edo abentura bidaia batera hurreratzen da.

“Genesis” eszena deigarri, harrigarri eta atseginez betetako lana da; ugaztun handien taldekoak ez diran animalia bitxiak ikusi ahal izango doguz. Ur barruan kezko kiribil modura mobiduten diran medusak, gomazkoak dirala emoten daben ugaraxo koloretsuak, biolina joten ibiliko balira lez euren saretik zehar atzera eta aurrera dabilzan armiarmak, ezpatari baten antzera burrukan jarduten daben karramarroak, alkarri laztanak egiten dabilzan papagai maitagarriak...

Pelikula hau “Deep blue” filmaren ildokoa da. Ikus-entzunezko esperientzia eder eta jakingarria.

Joseba Terreros

- Zuzendaria eta gidoia: Claude Nuridsany eta Marie Pérennou.
- Herrialdeak: Frantzia eta Italia.
- Iraupena: 80 minutu.
- Generoa: Dokumentala.
- Produkzinoa: Alain Sarde.
- Musikea: Bruno Coulais.
- Argazkia: Claude Nuridsany, Marie Pérennou, Patrice Aubertel, William Lubtchansky eta Cyril Tricot.
- Muntaia: Marie-Josèphe Yoyotte eta Pauline Casalis.