Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 117. zenbakia

Iraultzea bikote homosexualentzako


Atzerriko umerik adoptetako eskubiderik ez

Hego Euskal Herriko gay eta lesbianek ezkondu eta umeak adoptau ahal izango dabez. Ume batzuk baino ez: Hego Euskal Herrikoak, Herrialde Katalanetakoak, Galiziakoak eta Espainiakoak. Hortik kanpo, ez. ‘Gaur egun ez dago estadurik beste herrialde bateko homosexualei bertako umeak adoptetan ixten deutsenik’, zehaztu eban Lamarkak.

Halan dabe, gaur egun homosexualek badaukiez beste herrialde batzuetako umeak adopzinoan hartzeko aukerak: umea bikotekide batek adoptetan dau, nahiz eta gero bikoteak hazi eta hezi. Hego Euskal Herrian, ganera, onartuta dago adopzino partekatua: hau da, umea bikotekide bakarrak adoptau edo lesbianen kasuan erditu arren, urte batzuen ostean beste bikotekideak be ume hori adoptetea.

Begiluzea

Hego Euskal Herriko gay eta lesbianek alkarregaz ezkondu eta umeak adoptau ahal izango dabez. Espainiako Kongresuak aurreko asteko eguenean onetsi eban hori egiteko aukerea emoten deutsen Kode Zibilaren aldaketea. 187 diputaduk proposamenaren alde egin eben (PSOE, ERC, IU-ICV, EAJ, CC, CDCko diputadu bi, Talde Mistoa eta PPko Celia Villalobos), 147k kontra (PP eta UDC) eta lau abstenidu egin ziran (CDC). Legea Estaduko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean sartuko da indarrean, aste honetan hain zuzen be.

Espainiako Kode Zibilaren testuan egingo daben aldaketea txikia da. Orain arteko testuaren esanetan, ‘gizonak eta emakumeak ezkontzeko eskubidea daukie’. Esaldi horri, ostera, beste bat gehituko deutsie: ‘Ezkontzak baldintza eta ondorio berak eukiko dauz ezkontideak sexu berekoak edo desbardinekoak diranean’. Aldaketa horrezaz ganera, Kode Zibileko hainbat berba be aldatuko dira: senar, emazte, aita edo ama dakarren lekuan, ezkontide edo guraso ipiniko da aurrerantzean. Era berean, xedapen gehigarri batek txarto ulertuak albo batera itxi gura dauz. Zera dino: ‘Ezkontzearen ganeko aitamenen bat egiten daben legezko xedapenak kideen sexua edozein izanda be aplikau ahal izango dira’.

Donostiako ospakizuna

Aurreko asteko eguen eguerdian Kontxako ibiltokian ikusitako xanpain botila eta kopek, koloretako puxikek, kazetariek, besarkadek, musuek eta zorionek helburu argia eukien. Koldobike Mujika Gehitu Euskal Herriko Gay eta Lesbianen Alkarteko koordinatzaileak berbea hartu eta ospakizun ekitaldiaren helburua zehaztu eban: ‘Topa egiteko alkartu gara. Egin daigun topa bardintasuna eta duintasuna lortu doguzalako’.

Espainiako Kongresuak gay eta lesbianei ezkontzeko eta umeak adoptetako eskubidea onartu deutsela ospatu eben. ‘Egun historikoa’, Mujikaren esanetan. ‘Mugarria’, Iñigo Lamarka EAEko arartekoaren eretxiz. ‘Ez gay eta lesbianentzat bakarrik, baita gizarte osoarentzat be’. Gizarteak beste aurrerapauso batzuk emon behar dauzala esan eban Lamarkak. Hiru azpimarratu ebazan: homofobia desagertzea, transexualen eskubideak onartzea eta emakumeen bardintasuna. Lamarka, hain zuzen, belu heldu zan ospakizunera, goizean Irunen izan zalako, alarde mistoa babesten. Gehituren ekitaldiak herritarren ikusmina eragin eban: inguruko aulkietan jesarrita egozan edadetuena, eskuoihalak hartuta hondartzara bidean joiazanena, uria bisitetan ebilzan atzerritarrena, paseoan ebilzanena...