Antxina-barri  IV. urtea // 117. zenbakia

Urre gorrizko txokolatea

Real Compañía Guipuzcoana de Caracas


Konpainia honen jatorria eta sorrerea ezagutzeko, lehenengo eta behin sasoiko egoerea ezagutzea komeni da: XVIII. mendean oraindino Espainiako Erreinua Ameriketako hainbat lurraldeen jaube zan. Baina lurralde horrekaz izan beharreko merkataritza eta hartu-emon komerzialak beherantz etorrita egozan. Bai holandarrak zein britainiarrak, erabat hartuta euken Ameriketako lurraldeakaz merkataritzako tratuak adosteko ohiturea, izan be, lurralde horreek baldintza hobeak eskaintzen ebezan.

Egoerea ikusita, Espainiako Erregeak zeozer egin beharra egoala pentsau eban eta aukerea José Patiñori emon eutson (Itxasoko arduraduna Espainiako Gobernuan). Estaduak merkataritzea zuzenean egin beharrean, hartu-emon komertzialak enpresa baten esku itxi eta irabazi beharreko etekinakaitik enpreseak Gobernuari zergea pagau behar eutson. Gobernuak ardurea kentzen eban eta enpresea ahalegintzen zan merkataritzea hobetzen etekinak handitzeko asmoz. Egia esan Patiñoren ideia ez zan barria eta Europako hainbat herrialdek, berbarako gorago aitatutako holandarrek edo britainiarrek aspaldi indarrean eukezan neurriok.

Erregearen oneretxia 1728an lortu eta enpresea martxan jarri zan, Donostian egoitza nagusia eta Cádiz, Panama, eta Pasaian ordezkaritzak eregiz. Dirua, lurren errentakaz aberastutako jauntxo batzuk jarri eben eta enpresa barriaren zeregina gehienbat Ameriketatik kakaoa ekartea zan. Dana dala, ekarri beharreko produktorik garrantzitsuena kakaoa izan arren, beste gauza batzuk ekartea be aurreikusten zan. Urtean ontzi bi gitxienez ekartea egoan pentsauta eta azkenik Espainiako Gobernuaren aginduz, gipuzkoar ontziak Gipuzkoako portuetan lehorreratu baino arinago, Espainiako Gobernuari Sevillan zergea pagau behar eutsien. Baldintzak behar ziran moduan zehaztu ostean, kontratua hogei urterako izenpetu eben.

Kontuak kontu, lehenengo urteetan gauzak ez ziran ondo joan, Ameriketan ziran lur jaubeek ez ebelako ondo ikusten Espainiako Erregetzak ezarritako monopolioa. Ordura arte euren produktuak diru gehien eskaintzen ebanari saltzera ohituta egozan, berbarako holandar zein britainiarrei eta Karakaseko “Konpainia” sortu eta gero aukera guztiak gipuzkoarren esku geratzen ziran. Edozelan be, enpresa barria Gobernuaren aldekoa zanez, Espainiako Erregeak konpainia barriaren alde egin eban, azkenean Ameriketako lur jaubeek sortutako arazoak bertan behera geratuz.

Egoerea baretu eta gero, “Real Compañía Guipuzcoana de Caracas” konpainia sekulako diru etekinak lortzen hasi zan. Kakaoa ez eze, bestelako produktu batzuk garraiotzen be hasi zan, besteak beste, alkohola, itsas ontziak egiteko egurra, makailao eta baleen merkataritzea, esklabuen komertzioa...; horren guztiaren ondorioz, Pasaia edo Tolosa lako urien garapena itzela izan zan eta bitxikeria modura esan daigun ordukoa dala txokolatearen zabaltze prozesua Euskadin.

Konpainiaren etekinak, indarra eta eragina gero eta handiagoak ziran eta horren erakusgarri, hurrengo urteetan Espainiako Gobernuak parte hartu eban gerraren baten be laguntzinoa emon eutson, berbarako 1739tik 1748ra bitartean, Ingelesen kontra izandako gerran.

Halan da be, urte biribilen sasoia be pasau zan. Laster hasi ziran kritikak Konpainiaren monopolioagaitik. Holan ba, 1749tik 1751ra arte Ameriketan bizi eta jatorriz kanariarrak ziranen iraultzea etorri zan. Espainiako Gobernuak euskaldunekaz izandako hartu-emon sendoak salatu ebezan; tirabira horreek hasieran konpondu arren, azkenean handitzen joan ziran eta egoera horregaz batera, Konpainiak diru arazoak izan ebazan. Azkenean, 1785an Filipinetako merkatzaritza enpresa bategaz batu eta holan desagertu zan ordura arte indar handia eukan “Real Compañía Guipuzcoana de Caracas” izeneko enpresea.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria


Gaurko artikuluan, gure herritik urtendako enpresa ospetsuenetariko bat aitatuko dogu. “Real Compañía Guipuzcoana de Caracas” enpresea XVIII. mendean zehar sortu eta garatu zan, eta txokolatea egiteko kakaoa garraiotzea izan zan bere aberastasunaren iturri. Hauxe ba enpresa honen historia laburra.