Euskaltzaindiak eta BBK-k igaz sarituriko liburuak argitaratu dabez
Beste alde batetik, 2005eko literatur lehiaketearen deialdia kaleratu dabe. Lanak aurkezteko epea 2005eko urriaren 16an amaituko da eta lanak ondoko helbidera bialdu behar dira:
Bilbao Bizkaia Kutxaren Kultur Gela
Elkano, 20
48008 Bilbo
Epaimahaikoen erabagiak 2005eko abenduaren 31 baino lehen iragarriko dira.
Bizkaie!
Igaz Euskaltzaindia-Bilbao Bizkaia Kutxa Literatur Sariak irabazi ebezan lau literatura-lanen argitalpenak aurkeztu dabez egunotan Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan, Plaza Barrian. Ekitaldian izan ziran, Juan Jose Ispizua kenduta, ganerako saituak (Pantxo Hirigarai, Aintzane Galardi eta Xabier Agirre), Pello Telleria, idazkariordea, Joserra Bilbao, BBKko euskara arduraduna, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Gorka Martinez, BBK Fundazinokoa.
Txomin Agirre eleberri-saria Juan José Ispizua Hormaetxearentzat izan da, "Harizpeko neskaren afera" lanagaz; Toribio Altzaga antzerki-saria Pantxo Hirigaraik eskuratu dau, "40 urteak" obreagaz; Felipe Arrese Beitia olerki-saria Aintzane Galardi Portuk irabazi dau, "Itoti urdinaren azpian" lanagaz eta Mikel Zarate saio-saria Xabier Agirre Urteagarentzat izan da, "Zertan dira askatasuna eta berdintasuna gaur egun?" lanagaz.
Juan José Ispizua, Gernika-Lumon sortua, Busturian, Mundakan eta Bermeon bizi izan da. Urdaibaikoa da eta bertakotzat dauka bere burua.
Aspalditik idazten badau be, badira bi urte idazteari serio ekingo eutsola erabagi ebana. Ttu-Ttua aldizkarian kolaborau izan dau. Ipuin eta poesia alorretan, hainbat sari jaso ditu Bermeon eta Ondarroan, eta orain dala hiru urte Euskaldunon Egunkariak antolatzen eban Erreportaje Lehiaketaren bigarren saria jaso eban.
Kazetari izana da. 80ko hamarkadan, Anaitasuna taldeko partaidea izan zan. "Argia" aldizkarian be lan egin dau, bai eta "Egin" egunkarian, Gernikako "Hilean Behin" eta Bermeoko "Hilean Behin" hilabetekarietan eta Bermeoko "Berrietan Blai" herri astekarian be.
Bestalde, AEK-ko eta UEUko Prentsa Bulegoetan, kazetari beharrean be ibili zan hainbat urtez.
Pantxo Hirigarai Baigorrin sortua da, 1957an. Gaur egun, Baigorrin bizi da eta 1984tik bertako Irulegi Irratiko langilea da. Xirrixti Mirrixti antzerki taldeko aktorea da eta bakarkako saioak be egiten ditu.
Aintzane Galardi Oiartzunen jaioa da. Euskal Filologia Lizentziatura eta Kultur Baliabideen Kudeaketa espezializazinoa Deustuko Unibersidadean egin ebazan. 1996tik Nafarroan dihardu lanean, aurten Altsasun Aralarko Mikel Donea ikastetxeko irakasle lez. "Itoti urdinaren azpian" lanagaz eskuratu dau bere lehen saria.
Azkenik, Xabier Agirre Eibarren sortua da 1967an. Orain Girgillaon (Nafarroa) bizi da. 1990ean Filosofia ikasketak egin ebazan Salamancako Unibersidade Pontifizian, Norberto Bobbio-ri buruzko "La democracia en Norberto Bobbio" tesineagaz. Zizur Nagusiko Bigarren Hezkuntzako Institutuan, Filosofia irakasle da eta John Rawls-i buruzko tesia mamitzen dihardu EHUn, Jesus Casquete irakaslearen zuzendaritzapean.
1988an, 1989an, eta 1990an euskarazko literatur lanak sortarazoteko bekak lortu ebazan. Azken hiru urteotan, Euskalerria Irratian kolaborau izan dau, lehen "Metropoli forala" irratsaioan, eta aurten "Karrikoluzio" irratsaioan.
Hainbat lan argitaratu izan ditu: "Doping-aren gainean hitz aspertua", Diario Vasco-Zabalik (1988); "Epoka berri bat", Korrok, 11 (1988); "Hiria, hutsa ala esnearekin?", Korrok, 12 (1988). UEUn emondako bi hitzaldi be argitaratuak izan dira: "John Rawls-en Zuzentasunaren Teoriaren ondorioak" eta "Askatasuna (nahikundea) eta ordena (arrazoia): bateraezinak ala bateragarriak?".
1992ko Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Gazteen Literatur Lehiaketan saritua izan zan, "Ivonne zai edukiko nuen" ipuinagaz.