Spam = zaborra, posta elektronikoaren alderik txarrena
Gaur egun teknologiaren munduan bizi gara, baina baita publizidadearen sasoian be, eta 'spam'-a da honen erakusgarririk onenetarikoa. Kontua da ze, iragarki horreek gehienetan erdi guzurrezkoak izaten dirana: 'aberastu zaitez berehala', 'lortu eizu eskuko telefonoa doban' edo antzekoak izaten dira mezuak. Publizidade mueta honegaz orrialde pornografikoetarako loturak be bialtzen deuskuez, baina oraintsuko ikerketek erakutsi dabenez, azken hileotan pornografiari buruzko korreoen kopuruak behera egin badau be, erdizka edo oso-osoan iruzurrak edo timoak diran posta-mezuak asko ugaldu dira.
AEBetako Senatuaren Merkataritzako Batzordeak baieztau dauen erabagi batek dinoanez, 'spammerrek' hamar dolarreko multea pagau beharko dabe posta-mezu bakotxeko, mezu hori legez kontrakoa bada behintzat; ganera, jasoten doguzan mezu elektronikoetan gure izena 'spammerren' zerrendetatik kentzeko aukerea izan behar dabe. Erabagi hau laster Kongresura pasauko da behin betiko baieztapena lortzeko, baina halan eta guztiz be arazoa ez da konponduko, Internet mugarik bakoa Sarea da eta. Zertarako balio dau AEBetan onartutako lege batek, gero 'spammerrek' Australian dagoan zerbitzaile bat erabilten badabe zabor posta bialtzeko? Internet sarea guztiz globala da eta, beraz, arazo honek eta antzekoek konponbide globalak behar ditue.
Gotzon Plaza,
Informatikoa.
Internet erabiltzaileok sarritan jasoten doguz ehundaka mezu bialtzailea nor dan be ez dakigula, baina hori bai, argi eta garbi ikusten dogu mezu horreek iragarki eta publizidadez josita dagozana. Honako mezuei ingelesez 'spam' esaten jake, eta hona hemen horreen ganeko kontu laburra.
Spam hori, nondik nora dator?
XX. mendeko hasikerara jo behar dogu ezer baino lehen. Sasoi haretan, jakina, hozkailurik ez egoan, eta janariak ez usteltzeko komeriak izaten ziran. AEBetako enpresa batek, Hormel etxeak hain zuzen be, 1926. urtean pernila espezieakaz (Spiced Ham) latetan sartu eban eta pernil lata horreek ez eben hozkailurik behar. Munduko Bigarren Gerran, AEBetako gudarosteen janarien artean pernil lata honeek derrigorrezkoak bihurtu ziran, eta sasoi haretako Ameriketako gastronomian nonahi eta zenbat gura topetan genduan 'Spam' pernil hori, hain famatua egin zana. Arrakastea sekulakoa izan zan eta, horren erakusgarri, 'Spam' horrek bere museoa be badauka gaur egunean: www.hormel.com helbidea tekleau ezkero, museo horretara bisita birtuala egin geinke, ingelesez jakina). Pernil hau plater guztietan eta edozertarako erabilten eben, eta hori dala eta 'Spam' izena jarri jakon hain ugaria dan zabor posta elektronikoari.
Mezu honeek internautentzako benetako izurritea dirala esango neuke. Gure korreoa mezuz eta mezuz beteten da, amaiera jakinik barik. Berbarako, joandako irailean era horretako mezuak % 64 hazi dira, eta urte osoa kontuan hartzen badogu, 'spam'-ek % 81ko hazkundea izan dabe, MessageLabs Ingalaterrako enpreseak argitaratu dauen txostenak dakarrenez. Munduan zehar egunero bialtzen diran mezu elektronikoen kopurua benetan ikaragarria da, gitxi gorabehera 31.000 miloe mezu egunero dira Sarean batera eta bestera dabilzanak. Adituek dinoenez, kopuru hau hazten doa etenik barik eta 2006. urtea baino arinago kopuru hori bikoiztu egingo dalakoan dagoz (60.000 miloe mezu elektroniko egunero). Kopuru horreen zati handi bat 'spam'-ari jagoko; goitik behetik, sei mezutik bat zabor mezua da.
Spam horreen kostua
Holako mezu bat heltzen jakunean, ondokoa jakin behar dogu: guretzat karuagoa dala bialtzailearentzat baino. Bialtzaile horri 'spammer' deritxo ingelesez. Internautak linearen kostua pagau behar dau posta elektronikoa jasoteko, 'spammerrak' milaka korreo batera bialtzen dituan bitartean eta, horrenbestez, mezu bakotxa ia-a doban atarako jako. Internet zerbitzaileak ganezka egoten dira milaka edo miloeka 'spam' bialtzen diranean, eta guk abiadura aldetik moteltze handia igarriko dogu. Txostenek azaltzen daben moduan, Europa mailako internautek urtero 10.000 miloe euro pagetan dabe (dogu) honako mezuak jasotearren. Eta ez bakarrik dirua: zenbat denpora galtzen dogu korreoan sartzen jakuzan mezu guztiak irakurten? Ganera, Interneten sorturik dagozan barri edo news taldeek be honako plubizidade izurritea jasoten dabe gelditu barik, eta internautek alde egiten dabe; azkenean, gogaituta, zer egin ez dakigula, hasarretzea baino ez jaku geratzen
Zelan aurre egin zabor mezuei?
Errazena, gure postan mezu-iragazkiak ipintea da, hau da, geuk gura doguzan mezuei bakarrik 'atea zabaltzea'. Hortik aparte heltzen jakuzan mezu guztiak, karpeta berezi batera joango dira eta guk geuk erabagiko dogu zer egin.
Spamen jarduerea
Spamgileak gure posta helbideak lortzen saiatzen dira, bai zerbitzaileetan, bai web orrialdeetan, bai news taldeetan. Gure korreoa lortu ondoren, akabo, geureak egin dau! Enpresa batetik bestera pasetan dabe lortutako informazino hori eta azkenean, marketing enpresei saltzen deutsie informazinoa. Interneten topau geinke enpresa horreen barri, eta bai horreen arteko erlazinoak be. Hau konprobetako hor doa Clueless Mailers erakundeak atondutako Interneteko helbidea: www.cluelessmailers.org (ingelesez dago orrialde hau)
Enpresa honeen arteko hartu-emonak erakusten dituan mapeari 'Spamdemic' izena emon deutsie, eta aprobak egin ondoren konturatu dira ze mapa honetako enpresa batek gure korreo helbidea lortzen dauenean, handik denpora gitxira ganerako enpresek be izango dabela, eta hortik aurrera jasoko doguzan mezuak kontauezinak izango dira.