Garagarrileko barikuak Bergaran: jazz, blues eta funkyaren inguruan
Orain bost urte hasi ziran garagarrileko barikuetan kontzertuak antolatzen Bergarako Espoloian, bertako leku atsegina, kioskoa eta jarlekuak aprobetxauta. Hasieratik programazinoa jazz eta bluesaren inguruan egin izan da eta bertatik talde amateurrak zein profesionalak pasau dira, Euskal Herrikoak eta kanpokoak.
Bizkaie!
Bergarako udalak antolatuta eta Zuhaizti tabernearen laguntzinoagaz, garagarrileko lehen lau barikuetan sekulako kontzertuak izango dira Espoloia izeneko plazan. Emonaldiak dobanekoak dira eta gaueko 22:30etan hasiko dira. Hona hemen, kartela:
- Garagarrilaren 1ean: ASSTRIO + LAIA CAGIGAL (Bartzelona).
- Garagarrilaren 8an: GONZALO TEJADA SPECIAL TRIO (Donostia).
- Garagarrilaren 15ean: TRES HOMBRES (Madril).
- Garagarrilaren 22an: TERESA ZABALZA 5et (Iruñea).
Pasa dan barikuan hasi zan jaialdia Kataluniako Asstrio talde handiagaz. Groove eta funk-jazz estiloan, eurek sortutako kantuak eta bersinoak be egiten dabez (Duke Ellington, M. Jackson..). Talde honetako musikariak Fundación Tony Manero, Kinky Beat eta beste hainbat jazz taldetan ibilitakoak dira eta Bergaran ‘A soon as possible’ kaleratu barri daben diskoa aurkeztu eben Laia Cagigal Bartzelonako abeslariagaz batera.
Gonzalo Tejadak ez dau behar aurkezpen larregirik. Kontrabaxu jole eta musika sortzaile donostiarrak oraintsu argitaratu dau ‘Encore’ izeneko diskoa eta nahikoa erantzun ona euki dau. Bergaran, barriz, Special Trio Bill Evans pianojole haundiari egindako omenaldia eskainiko deusku Iñaki Salvador eta Mikel Anduezagaz batera.
Tres Hombres, barriz, kalean hiru CD dituan ‘La Vaca Azul’ rock taldearen partea da. Amparanoiako musikariak be izan dira eta eurekaz eta alkarregaz edo banaka grabazino askotan parte hartu izan dabe; ganera, estudioko edo zuzeneko musikari lez be ibilten dira. Tres Hombreseko Jairo, ganera Canal+ eta Tele 5ko “El club de la comedia” eta “La noche con Fuentes y Cía” programatan ibilten da gitarrajotzaile. Javi Vacas eta Antonio Pax “Los Reyes del KO” blues taldearen base erritmikoa dira eta eurekaz grabau eben lehen diskoa (Gaztelupeko Hotsak 2002) eta zuzenean be ibilten dira. Lehen “Chocolate Blues Express” taldeagaz be ibili ziran.
Gaur egun, jazz, blues, soul, funk, reggae, swing, rithm´n´bluesa eta afroamerikar musikea jorratzen dauen talde madrildarra da Tres Hombres.
Beste alde batetik, jazza baino gehiago, musika modernoa egin gura eban Teresa Zabalzak Iruñeatik Bartzelonara jo ebanean, bertan ezagutu ebazan egun bere boskotea osotzen dabenak: Alejandro Mingot gitarran, Miguel, Pintxo, Villar saxuan, Iosu Izagirre kontrabaxuan, eta Hasier Oleaga baterian. 2004ko neguan Euria izeneko diskoa kaleratu eben eta bertan Carme Canela kantariak be parte hartu eban.
Iruñeako boskote honen zuzenekoetan swing, cha-cha-cha eta bolero doinuek bat egiten dabe jazz pasarteakaz.