‘Nazinoarteko XVI. Kale Antzerkia’ Lekeition
Parte-hartzaileak
- Karromato (Txekia).
- Elixir (Frantzia).
- Lionil Pioline (Frantzia).
- Los Demendez (Katalunia).
- La Tal (Katalunia).
- Deabru Beltzak (Euskal Herria).
- Tokia (Euskal Herria).
- Trapu Zaharra (Euskal Herria).
- Markeliñe (Euskal Herria).
- Panta Rehi (Euskal Herria).
- Azukillas (Euskal Herria).
- Mungiako herria (Euskal Herria).
- Ondalan konpartsa (Euskal Herria).
Bizkaie!
Garagarrilaren 8an, 9an eta 10ean, antzerkiak Lekeitioko kale guztiak beteko ditu. Aurtengo Nazinoarteko Kale Antzerkiaren ekitaldia 16. edizinoa da eta Axularren ‘Dabilan harriari etçaica goroldioric lotcen’ leloagaz, jaiari ekingo deutse lekeitiarrek eta bertara hurreratzen diran antzerki-zale danek.
Hamahiru konpainia etorriko dira hiru egun horreetan Bizkaiko kostaldeko herrira. Danetara, hamasei emonaldi izango dira. Euskal Herriko zortzi kale antzerkigileren obrak erakusteaz gan, Txekiako, Frantziako eta Kataluniako hainbat talderen lanak kaleratuko dira. Bertoko lanen artean, Lekeitioko jaialdiaren produkzino propio bi nabarmendu behar dira: batetik, Euskal Herriko Buruhandien Bigarren Topaketea eta, bestetik, Zuberoako Tokia antzerki taldeagaz alkarlanean sortutako Kautera obrea. Bien oinarrian herri-tradizinoa dago.
Lauaxeta gogoan
Euskal Herriko beste lan berezi bat ekarriko dau Lekeitioko hitzordu honek, ‘Lauaxeta, ez zaitez joan Gernikara’ izeneko operetea. Carlos Panerak zuzendutako obrea pasa dan hilean estreinau zan Mungian.
Estepan Urkiaga Lauaxeta poetea jaio zala aurten ehun urte beteko dirala (abuztuaren 3an da mendeurrena) gogoratuko dabe Lekeition.
Atzerriko lanak
Atzerriko bost kale-antzezlanean artean, ‘Los Demendez’ taldearen obreak sortu dau ikusmin handiena. Kataluniakoek ‘El bala perdida’ estreinauko dabe Lekeitioko hamaseigarren ekitaldi honetan. Zirkuaren urrezko garaian hain mitikoa izan zan ‘bala-gizona’ ekarriko dabe jentaurrera.