Gregorio Moreno bilbotarrak bere hautagaitzea aurkeztu dau UCIko presidente izateko
Bizkaie!
Gregorio Moreno bilbotarrak oraintsu aurkeztu dau bere burua Txirrindularitzearen Nazinoarteko Batasuneko (UCI) presidentetzarako. Errepideko Munduko Txapeleketen harian, irailaren 23an Madrilen UCIk egingo dauen Biltzarrean aukeratuko dabe presidente barria.
UCIren Estatutuen 51.1 artikuluak aurreikusten dauen epeko azken egunean aurkeztu dau Morenok bere hautagaitzea, aukeraketea baino 90 egun natural lehenago egin behar baita.
Moreno Bilbon jaio zan 1944ko urtarrilaren 13an. Injineru industriala da eta txirrindularitzagaz hartu-emon handiak daukaz, izan be, Burgoseko Itzuliko zuzendari nagusia eta Txirrindularitza Lasterketen Antolatzaileen Espainiako Elkarteko presidentea be izan da. Horrezaz ganera, Txirrindularitza Lasterketen Antolatzaileen Nazinoarteko Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko, UCIko Dopingaren kontrako Burrukearen Kontseiluko eta nazinoarteko beste erakunde tekniko batzuetako kidea da.
Morenoren hautagaitzea ez da bakarra; Pat McQuaid irlandarra, gaur egungo UCIko Zuzendaritza Batzordeko kidea be aurkeztuko da eta, beraz, bietako batek hartuko dau kargua irailean.