Jon Irazabal (Gerediaga Alkartea): 'liburuak erostea droga antzeko bat da'
Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokearen 37. edizinoa (abenduaren 4tik 8ra)
Durangoko Merinaldeko Adiskideen Gerediaga Alkartea 1965. urtean sortu zan lagun talde baten ekinbidez Durangaldea berbiztuteko eta ingurualdeko ondare kulturalaren ganeko informazioa jaso, aztertu eta zabaltzeko asmoagaz. Hogeita hamazazpi urte bete dituan alkartea da beraz eta, urte horreetan guztietan, makinatxu bat behar egin dauena.
Jon Irazabal, Gerediagako kideari itaun-sorta erraza preparau deutsagu; hona hemen:
1. Ezer baino lehen, zorionak urteotan egindako beharragaitik. Hasikerako momentu hareek gogorrak izango ziran seguru. Kontaiguzu zelako giroa egoan hirurogeiko hamarkadearen erdialdean.
Franco zan jaun eta jabe, baina ordurako Euskal Herrian berpizkundea hasita egoan. Ikastolak be apurka-apurka bideratzen joiazan. Noizbehinka euskerazko liburu barri bat argitaratzen zan, sarriago gaztelaniaz baina. Errepresinoa handia zan, eta antolatzailea edo eragilea edozein izan arren, kale ekintzarik edota adierazpen ekitaldirik antolatu ezkero, han agertzen ziran atoan 'berde famatuak' eta danek hanka egin behar izaten eben, arineketan. Ikurrina azaltzea gauza handia zan. Giro honetan hasi ginan Gerediagatarrok beharrean.
2. Nortzuk izan ziran Gerediaga Alkartearen sortzaileak?
Hirurogeiko hamarkadearen inguruan Gerediagako baseleizea jausi zan. Baseleiza hau gure eskualdeko monumentu historiko nagusia da. Haren aurrean egiten zituen Durangaldeko eleizateek euren batzarrak. Baseleiza honen aldeko lanak zirala eta, Durangaldeko batzuek alkarlanari ekin eutsien. Bestetik, 1965. urte inguruan gure eskualdeko egoera kulturala eta soziala zelakoa zan ikusita (kontuan izan behar dogu diktadura sasoian bizi ginala) lagun talde honek garai haretan onartutako 'Ley de Asociaciones' izenekoak emoten eban aukerea aprobetxauta alkarte bat sortzea erabagi eban. Asmoa, gehienbat aitatutako egoereari aurre egitea zan eta gure eskualdea bultzatzea. Zehatz-mehatz, sortzaileak honako honeek izan ziran: Luis Maria Alcibar Arrinda jn.a, Mª Rosario Astola Sertucha and.a, Jesus Mª Astola Sertucha jn.a, Mª Arrate Salazar Sarasua and.a, Vicente Kapanaga Totoricaguena jn.a, Jesus Astigarraga Eizaguirre jn.a, Julian Berriozabalgoitia Bilbao jn.a, Mª Concepción Astola Sertucha and.a, Salvador Solaegui Ispizua jn.a, José Luis Lizundia Ascondo jn.a, Leopoldo Zugaza Fernandez jn.a eta Mª Carmen Miranda Zubieta and.a.
3. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokea antolatzen dozuelako ezagutzen dogu Gerediaga, baina bestelako jarduera batzuetan be buru-belarri zabilze beharrean. Zeintzuetan?
Gure helburu nagusiak bi dira: alde batetik, gure lurreko iragana berreskuratzea eta, bestetik, etorkizuna bultzatzea. Horrenbestez, beste ekintza batzuk be antolatzen doguz urtean zehar, gaur egunean hain ospetsua dan Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka horrezaz aparte. Besteak beste: berbaldiak eskualdeko historia eta artea aztertuz; Ezpatadantzarien Eguna, gure eskualdean jatorria dauen dantzari dantzearen aldeko jaia; argazki zahar eta historiako beste gai batzuk sakontzen dituen erakusketak; argitalpenak, eta dokumentategi zerbitzua (Gaur egun Astolako egoitzan kokatuta dago 'Durango Merinaldeko Dokumentategia'). Azken zerbitzu honetan saiatzen gara gure eskualdeari buruz ahal dogun informazinorik gehien batzen (argazkiak, eskuizkribuak, grabazinoak, aldizkariak, liburuak, paskinak eta bestelakoak).
4. Oraintsu plazaratu dozue 'Durangerriko banderak' izenburuko liburua. Mañariko herriko banderea ei da zaharrena, 1802koa hain zuzen be. Antxina gerrarako oinarrizko tresnea, herriaren sinboloa zan herriko banderea eta gaur egun funtzino hori galduta egon arren, bandera horreetako batzuk gorde egin dira. Beti aurrera begira dagoan gizarte honetan, atzera begiratzeko ohitura larregirik be ez dago eta, jakina, gauza asko galtzen doguz.
Esan deutsudan legez, behar orekatua egiten saiatzen gara. Gure iragana eskuratzearen aldeko lanaren bidez, gure lurraldearen nortasun administratibo eta politikoa berreskuratu eta etorkizunerantz bideratu gura geunke. Ondo eta preminazkotzat be ikusten dogu lehenagoko edo antxinako banderak eta abar berreskuratzea, baina ekintza honeek bigarren maila baten dagoz. Lehenengo eta behin, jentearen artean herri edo eskualdetasun kontzientzia sortu behar da, eta horren bitartez gero, eguneroko bizitzearen erronkei errazago aurre egingo deutsegu. Gure alkartea askotan bide ertzean topetan doguzan iturrien antzekoa izatea gura dogu. Bidaiariari ur barria emon gura deutso egarria kentzeko, nahiz eta ur hori iturri zaharretik etorri.
5. Urteetan zehar egindako ikerketa, azterlan eta kontsultetan kontu bitxiak ugari jasoko zenduezan. Pare bat edo azpimarratzekotan, zeintzuk aitatuko zeunkezz?
Guretzat oso interesgarriak izan dira 1986an Durangaldeko Erdi Aroaren ganean egindako erakusketak eta, beste alde batetik, azken urteotan argitaratu doguzan liburuak be oso garrantzitsuak dira, batez be, kontuan hartuta urte askotan, diru arazoak tarteko, ez dogula argitalpenak kaleratzeko aukerarik izan.
6. Gerediaga Alkartea sortu zan urtean, 1965ean, egin zenduen Euskal Liburu eta Disko Azokearen lehenengo edizinoa. Domu Santu egunean eta Andra Mari eleizpean 19 stand ipinita. Zelakoa zan sasoi haretako euskal literaturearen eta diskoen produkzinoa?
Adibide gisa aitatu geinke, 1966. urtean egin zan bigarren azokan 680 disko eta liburu salgai izan zirala. Horreetatik 396 liburu gaztelerazkoak izan ziran, 284 euskerazkoak eta ganerako 179ak diskoak izan ziran. Aurten, 37 urte pasau ondoren, guk batutako informazinoaren arabera, 875 liburu eta 96 disko argitaratu dira. Azokako katalogoaren arabera, gaur egun euskeraz edo euskal gaiei buruz 22.264 liburu dagoz salgai eta 1.735 euskal diskoak dira.
7. Zelako aleak egon ziran salgai lehenengo edizino haretan?
Gaur egun, aintxinako argitalpenen liburudendatan topau geinkezan liburu asko, altxor preziatuak benetan. Berbarako, Bizkaiko Foru Aldundiak lehenengo azokan salgai jarritako Gregorio Balpardak XIX. mendean argitaratutako 'Historia Critica de Vizcaya', edo Cinsal-ek 1968. urtean Benito Lertxundik argitaratu eban lehenengo diskoa.
8. 1974. urtean, azokea Andra Mariko arkupeetan egiteko debekua etorri zan, baina plazan uste baino hobea izan zan jentearen erantzuna, ezta?
Tokia egokiagoa zan. Durangoraino etorrenari ez eutson ardura Andra Mariko eleizpera edo azoka plazara joateak, eta azken hori epelagoa zan, itogin gitxiago egozan bertan eta egokiagoa zan erakusmahaiak jarteko. Berba baten esanda: kaltea baino gehiago mesedea izan zan guretzat. Urte baten, gogoratzen dot, gobernadore zibila azokea debekatzekotan be izan zala, baina azkenengo orduan ez zan ausartu.
9. Urtetik urtera Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokea hazten joan da eta gaur egun eredugarria da, sektoreko garrantzitsuena Euskal Herrian. Azoka garrantzitsua ez eze, euskaltzaleen topaleku be bihurtu da. Zer esan gura dau horrek?
Azokeak ardatz bi daukaz. Alde batetik ardatz komertziala dago, ezin dogulako ahaztu parte hartzen dabenak liburuak saltzeko asmoagaz etorten dirala eta begi bistakoa da Durangon asko saltzen dabena. Beste alde batetik, kultur kutsua be badauka. Gerediaga Alkartekook saiatzen gara hainbat mahainguru, berbaldi, kantaldi eta bestelako kultur ekitaldiak antolatzen. Ganera, Azokako egitarautik kanpo, Durangok beste funtzino bat be beteten dau: kulturgintzan dabilenarentzako topagune berezia izaten da Durango, eta hori be oso interesgarria da.
10. Aurtengo edizinoa abenduaren 4tik 8ra egingo da eta 300 stand inguru egongo dira: berbaldiak, aurkezpenak, kontzertuak, zuzeneko irratsaioak eta bisitariak milaka. Lekualdaketak asko izan dira azken urteotan, baina azokeak leku egokia behar dau. Noizko?
Orain dala egun batzuk, zemendiaren 6an, jarri eben eremu barri horren lehen harria, eta ezustekorik ez bada, 2003. urteko azokarako amaituta egon daiteke eraikuntza hori, bertan 38. Euskal Liburu eta Disko Azokea egiteko. Hori nahi dogu behintzat.
11. Euskeraz idatzitako gero eta liburu gehiago argitaratzen da gaur egun, baina, irakurri behinik behin, ez ei dogu horrenbeste irakurten. Akaso, erderaz errazago irakurten dogulako ala ohitura larregirik be ez dogulako?
Belaunaldi bakotxak bere arazoak eta gorabeherak izaten ditu. Ikastoletan ibilitako gazteek, teorian behintzat, badabe edo izan behar leukie erraztasuna euskeraz irakurteko, baina jokera orokorrari jarraituz, edade horretan edozein lekutan eta edozein hizkuntzatan pasetan dan legez, irakurtearen aldeko jarrerea gero eta txikiagoa edo urriagoa izaten da. Beste alde batetik, jente helduak, gehiengoak, gaztelaniaz egin ditu ikasketak eta irakurteko jarrera edo pasinoa dabenek hizkuntza horretara joten dabe, beste barik.
12. Unai Elorriagaren 'SPrako tranbia' liburu salduenetarikoa izan daiteke aurten Narratibako Sari Nazionala irabazi ondorik. Jon Irazabalek zer erosteko edo zenbat diru gastetako ustea dauka aurtengo azokan?
Oraintsu Pablo Antoñanak esan dauen legez, liburuak erostea droga antzeko bat da. Etxeko toki guztiak beteten ditue eta hareekaz eta etxeko ganerako biztanleakaz burrukan ibiltera behartzen gaitue. Hori bai, ahal dodazanak erosteko asmoa daukat; normalean liburudendetara heltzen ez diran liburuak gustetan jataz eta era horretakoak erosten dodaz.
Koldo Isusi Zuazo