Euskal Herriko Gazte Orkestreak sei kontzertu emongo ditu udan
Bizkaie!
Euskal Herriko Gazte Orkestrako musikariak Eibarren alkartuko dira egunotan garagarrilean emongo dabezan kontzertuak preparetako. 1997an Eusko Jaurlaritzako Kultur Sailaren ekimenez sortutako orkestreak 105 partaide ditu aurten, inoiz izan dauen kopururik handiena.
Musikari gazteek udako egitaraua preparau eta klaseak emongo dabez Juan Jose Ocon orkestrako zuzendariaren gidaritzapean. Europako musikari eta irakasleek emongo dabez klaseak eta baita Gilbert Varga Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendariak be. Irakasle bitxiena Oscar Terol izango da, 'Vaya Semanita' programako zuzendari eta aktorea, hain zuzen be; kontrol eszenikoari buruzko ikastaroa emongo deutse Gipuzkoako herrian, Eibarren alkartzen diran musikariei.
Jentaurrean jo aurretik, EGOk egitaraua ondo preparau gura dau. Juanjo Ocon zuzendariak azaldu dauenez, programea Gershwinen Kubatar Oberturak eta Mahlerren Lehen sinfoniak osotuko dabe. Gershwinen obrea gazteentzako aproposa dala uste dau Oconek 'kolorez, tinbrez eta perkusinoz beterik dagoalako', eta Mahlerren sinfonia, barriz , 'etorkizunari begira baliogarria' dala adierazo dau. Egitarau desbardina izango dauen kontzertu bakarra Zumaiakoa izango da eta horretan orkestreak perkusinoa izango dau oinarri.
Emonaldiak Santurtzin (garagarrilaren 14an), Zumaian (garagarrilaren 15ean), Zarautzen (garagarrilaren 16an), Gasteizen (garagarrilaren 18an), Donostian (garagarrilaren 19an) eta Bilbon (garagarrilaren 20an ) izango dira.