Izaro Goiriena: 'hizkuntza bat ikastea kultura bat, herri baten pentsamoldea ikastea da'
Izaro Goiriena (Gernika, 1978) Filologia Klasikoan lizentziatua da eta Filologia Eslavako 4. mailan dago gaur egun. Poznaneko Adam Mickiewicz Unibersidadean irakurle-lektore da azken urteotan eta euskera irakaslea da. Hizkuntzak maite ditu eta ingelesez, grezieraz, polonieraz eta oinarrizko mailan errusieraz daki.
1.- Poloniako Poznanen, Adam Mickiewicz Unibersidadean azken 15 urteotan euskal giro aparta dago. Euskal Herriak, euskereak eta euskal kultureak leku berezia dauka bertan. Zelan hartu zenduan hara joateko erabagia? Zenbat denpora daroazu zuk bertan? Hasierako momentuak zelakoak izan ziran?
Bai, orain 15 bat urte Poznango irakurletzaren ideia Aurten Bai-rena izan zan eta Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntzinoa jaso eban. Hasieran, Aurten Bai-ko irakasleak ibili ziran, bi urteko txandatan eta, azkenean, Poloniako ikasleetako batek, Adam Zawiszewskik hartu eban postua. Bederatzi urte egin ebazan euskerea ikasten eta Zornotzako barnetegian eskolak emoten be ibili zan. Poznango irakurle-lektore izan zan 3-4 urtetan eta Gasteizen Euskal Filologia egiten hasi zanean, beste ordezko irakurle bat imini eben, beste poloniar bat eta haren atzetik etorri nintzan ni.
Filologia Klasikoa amaitu ostean, zer egin ez nekiala Granadara Filologia Eslava egitea otu jatan. Lehenengo urtean nengoala lagun batek esan eustan beka bat egoala Poloniara joateko euskerea irakastera. Lar pentsau barik, oposizinoetan ni aukeratu ninduen eta berehala hasi nintzan beharrean. Dagoeneko hiru urte egin dodaz Poznanen eta orain gitxi egin deustien beste hiru urterako eskaintzeari baiezkoa emon deutsat, gustora nabil.
Hasierako momentuak, gogorrak izan ziran. Polonian, bakotxak bere bidea egin behar izaten dau, azalpen eta erraztasun larregi ez deutsue emoten eta norberak asmau behar izaten dau dana; atara kontuak, eskolak emoten hasi eta hilebetegarrenean firmau neban kontratua. Han unibersidadeak dobanekoak dira eta ekonomiaren aldetik ez dabiz lar ondo. Heltzea be kostau jatan ze inork be ez ekian unibersidadea non egoan. Kostata, lau pisuko eraikinean, hizkuntzalaritza saila topau nebanean, leku txikia, iluna zan; danetara, 80 irakasle ginan eta erdiak, gitxi gorabehera, kanpotarrak. Hamazazpi lagunentzako bulegoan ordenadore bi, inprimagailu bat eta liburu zahar batzuk baino ez egozan. Liburutegian be ez egoan gauza handirik (euskerazko liburu bi topau nebazan)..., holako panoramea topau neban.
2.- Zelakoa da Adam Mickiewicz unibersidadean euskera ikasten dauenaren perfila?
Unibersidadeko bi fakultadetan emoten da euskerea, hispanicasen eta hizkuntzalaritzakoan hain zuzen be; hispanicasekoak gaztelania ikasten dagozanak dira eta bigarren hizkuntza lez, italiera edo frantsesa aukeratzen dabenak; hirugarren hizkuntza lez, portugesa, katalana edo euskerea aukeratzen dabe. Euskerearen alde egiten dabenak, normalean Euskal Herrira etorteko bekeagaitik aukeratzen dabe; edozelan be, benetako interesa azaltzen dabenak be badira.
Hizkuntzalaritzakoak, barriz, unibersidadean bertan arrarotzat hartzen dabezanak dira, hizkuntza arraroak ikasten dabezanak. Nire eretxiz, egia da ohiko bide eta jokabideetatik kanpoko lagunak dirala.
3.- Zure ustez zergaitik dago Poznanen horrenbeste interes euskereagazko eta, oro har, euskal kultureagazko?
Gaur egun, 25 ikasle inguru daukadaz baina bost talde dira eta handienean 10 lagun dagoz. Dana dala, beste hizkuntza batzuekaz konparauta horrenbesteko interesik ez dagoala esango neuke. Hori bai, kontuan hartu 15 urte daroaguzala euskerea irakasten Poznanen eta, beraz, zeozelako tradizinoa dauka euskereak. Hispanicaseko ikasleen artean, jakitun dagoz euskerea ikasteko aukerea dagoala eta bekak dagozala. Ahoz aho zabaltzen da kontua eta goi mailatan dagozanen artean, Euskal Herrira ostera bat baino gehiago egin dabenen artean, interesa apartekoa da, hemengo giroa, hemengo jentea gustetan jakez. Ganera, gure arazo politikoa zeozelan euren historiagaz lotuta ikusten dabe ze eurak luzaroan II. Mundu Gerrara arte banatuta egon ziran hiru inperioen artean, gero Alemaniaren menpean, aurrerago Errusiaren menpean, beti egon dira zapalduta eta zeozelako konplizidadea edo identifikazinoa igarten dabe Euskal Herriagaz.
4.- Euskal Herrian eta Polonian euskerea erakusteko metodoetan ba ete dago alderik? Euskeraz berbarik be ez dakienari zer erakusten jako lehenengo?
Esan deutsudan lez, nik Filologia Klasikoa ikasi neban eta euskerazko eskolak zelan emon ez nekian. Orduan, Deustuko Unibersidadean euskerazko eskolak emoten dituan nire izeko batek IKAko liburuak gomendatu eustazan eta horrexekaz ekin neutson beharrari. Hasieran ingelesez emoten nebazan euskerazko klaseak baina denporeagaz konturatu naz, astunagoa eta gatxagoa izan arren, eragingarriagoa dala dana euskeraz egitea hasieratik.
Metodoaren kontuagaz jarraituz, gehienak gaztelaniagaz konparauta atondutakoak izaten dira, gaztelaniaz berba egiten dabenen zailtasunak kontuan hartuta preparautakoak. Beste batzuetan, barriz, euskaldunontzako arruntak diran kontuak jorratzen eta nabarmentzen dira. Poloniarrek pausu batzuk gaztelaniaz egiten dabenak baino errazago emoten dabez; berbarako, euskerako nor, inor eta norbait desbardintzeko antzera jokatzen dabe. Bestetik, -ik partitiboaren harian, ezezkoetan kasua aldatzen da polonieraz eta nahikoa erraz hartzen daben kontua da.
Jakina, euskeraz berbarik be ez dakian ikasleagaz pazientzia handiagaz jokatzea nahitaezkoa da. Ezer baino lehen izan aditza erakusten jake: ni naz, zu zara eta enparauak, norberaren aurkezpena egitean erakusten jake lehenengo eta behin.
5.- Poloniarrentzat gatxa da euskerea? Badago antzekotasunik (egituretan, esaldiak eregiteko ordenari dagokionean...) polonierearen eta euskerearen artean?
Bai, poloniarrentzako oso gatxa da euskerea. Eurak ohituta dagoz indoeuropear egiturako hizkuntzetara eta euskerea ikasten hasten diranean, euren eskemetatik kanpoko gauza asko euki behar dabez buruan: subjektuak aditz transitiboa edo intransitiboa behar dauen, berben ordena...
Antzekotasunei dagokienean, polonieraz be deklinabidea dago eta, ganera, euskerearen fonetikea erraz hartzen dabe. Kontuan hartu, polonieraren fonetikea gatxenetakoa dala, pilo bat konsonante eta bokal dagoz eta oso gatxa da.
6.- Neguan eta udan Euskal Herrira osterea egiten dozue eskoletan ikasitakoa barnetegian praktikan iminteko. Zelako esperientzia izaten da?
Oso ona. Neguan, urtarrila-zezeila bitartean pare bat aste egiten dabez berton eta bigarren osterea garagarrilean izaten da. Polonian ikasitakoa in situ praktikan jarteko esperientzia aberasgarria dalakoan nago; ganera, eskoletan neure ahotsa, ahoskerea eta doinua baino ez dabe entzuten, ni naz erreferentzia bakarra eta Euskal Herrira datozenean, beste euskera batzuk ezagutzen dabez, beste tinbre, eten eta tono batzuk. Eurentzat oso interesgarria izaten da euskerea erabilten dan hizkuntzea dala ikustea, euskerea komunikazinorako tresna dala eta ez liburuetako hizkuntzea bakarrik. Horrezaz ganera, bertoko kulturea, ohiturak eta jaiak be ezagutzen dabez (Euskal Herria ezagutzeko bidaiak, museoetara bisitak...).
7.- Pozanen bertan, oraintsu ‘Euskal Jaiak’ lemapean, ekitaldiz jositako Euskal Astegoiena antolatu dozue eta Euskal Herritik joanda, besteak beste, Ludger Mess (EHUko euskera erretoreordea) eta Gotzon Lobera (BFAko euskerea sustatzeko zuzendaria) izan dira euskerearen gaur egungo egoeraz berba egiten... Ze ondorio atara zenduen?
Bai, Ludger Mess jn.ak euskerearen historia kontau eban lehenengo eta gaur egungo egoerearen harian, nahiko baikor azaldu zan, traba eta atzeraldien ostean, susperraldia bizi dogula hain zuzen, erabileran gora egin dogulako, unibersidade elebiduna daukagulako eta administrazinoa eta ganerako arloetan gero eta pausu gehiago emoten diralako euskerea hizkuntza normala izateko.
Ni neu ez naz bizi Euskal Herrian baina nire eretxiz euskerearen gaur egungo egoerea orain urte batzuetakoa baino hobea da. Nire lehengusu txikiek, berbarako, danetarako erabilten dabe euskerea. Niretzako euskereak fama hobea dauka, hobeto ikusita dago gaur egun.
8.- Musika ekitaldien artean, txalapartariak eta The Uskis taldearen kontzertua nabarmenduko geunkez. Zu zeu gernikarra izateak zerikusia izango eban talde horren kontratazinoan...
Bai. Aurreko urteetan Euskal Jaia antolatzen izan da Poznanen, lokal bat alokatu, euskal musikea jarri eta asko gehiagorik ez. Aurten, barriz, ikasle batek proposatu eban Adamek hiru urtetan edo egin ebanari jarraipena emoteko, Euskal Astea preparetako. Astea larregi zala baina Euskal Asteburua ideia ona otu jakun. Euskal musika talde gazteen kontzertua be eskatu eban ikasle horrek eta buruari buelta batzuk emon ostean, The Uskis taldeari proposatu geuntson diru saririk barik, Poznanera etortea bidaia eta egonaldia pagauta eta onartu egin euskuen. Kontzertua polito egon zan eta jentea be pozik geratu zan. Jakingo dozunez, abendurako Elantxobeko The Uskis taldeak diskoa atarako dau.
9.- Gitxienez beste hiru urte egingo dozuz Poznanen. Ze erronka dozu?
Orain arte taldeak nahiko nahastauta euki dodaz, hau da, bosgarren urratsekoak 3. eta 4. urratsekoakaz batera eta aurrerantzean, programa bat finkatu gurako neuke holako nahasterik ez izateko, batez be, ikasketa prozesuaren eragingarritasuna lortzeko. Hemetik aurrera Poloniako irakurletza ondo finkatu eta sustraitutakoa izatea gurako neuke.
Horrezaz ganera, aurten ikasitakoagaz, urtero Euskal Asteburua egiten jarraitzeko amesa daukat, zeozelako tradizinoa izan daitela aurrerantzean.
10.- Euskal Herrian euskerea ikasteko pausua emon ezinik dabizanentzako ze mezu daukazu?
Animau daitezala. Poloniako puntan euskeraz ikasi ahal badabe, Euskal Herrian askosaz errazagoa dala. Ganera, hizkuntzak berez oso aberasgarriak dirala esango neuskie eta euskerea apartekoa dala, gaztelera eta latinagaz konparauta ez dauka hiztegi abstrakto eta filosofiko handirik baina euskereak hiztegi konkretu handia dauka, Horrek esan gura dau, euskerea sortu dauen herria lurragaz lotuta dagoala.
Ni neu hizkuntzalaria naz eta pentsetan dot zenbat eta hizkuntza gehiago jakitea sano aberasgarria dala. Hizkuntza bat ikastea kultura bat, herri baten pentsamoldea ikastea da.
9.- Gitxienez beste hiru urte egingo dozuz Poznanen. Ze erronka dozu?
Orain arte taldeak nahiko nahastauta euki dodaz, hau da, bosgarren urratsekoak 3. eta 4. urratsekoakaz batera eta aurrerantzean, programa bat finkatu gurako neuke holako nahasterik ez izateko, batez be, ikasketa prozesuaren eragingarritasuna lortzeko. Hemetik aurrera Poloniako irakurletza ondo finkatu eta sustraitutakoa izatea gurako neuke.
Horrezaz ganera, aurten ikasitakoagaz, urtero Euskal Asteburua egiten jarraitzeko amesa daukat, zeozelako tradizinoa izan daitela aurrerantzean.
10.- Euskal Herrian euskerea ikasteko pausua emon ezinik dabizanentzako ze mezu daukazu?
Animau daitezala. Poloniako puntan euskeraz ikasi ahal badabe, Euskal Herrian askosaz errazagoa dala. Ganera, hizkuntzak berez oso aberasgarriak dirala esango neuskie eta euskerea apartekoa dala, gaztelera eta latinagaz konparauta ez dauka hiztegi abstrakto eta filosofiko handirik baina euskereak hiztegi konkretu handia dauka, Horrek esan gura dau, euskerea sortu dauen herria lurragaz lotuta dagoala.
Ni neu hizkuntzalaria naz eta pentsetan dot zenbat eta hizkuntza gehiago jakitea sano aberasgarria dala. Hizkuntza bat ikastea kultura bat, herri baten pentsamoldea ikastea da.
Koldo Isusi Zuazo