'Lost in transportation'
18.03: Trena hartu dogu. Ordu erdi geroago, Osakara heldu gara, bidean komeria ugari pasau ostean. Geltokia lur azpiko uria lakoa da eta hainbat metro egin behar doguz oinez gure lineara heltzeko. Osakan, Hui Ling-en hotelera joan gara, maletak jasotera.
18.40: Hotelean, Internet dobanekoa dala ikusi dogu eta, aurreko egunean orduko 12 euro pagau ostean (min emon euskun, bai), putre sarraskijaleen antzera jarri gara ordenadoreen aurrean. Handik bost minutura, Hui Ling harrera-gelara heldu da, Olentzerok baino boltsa gehiagogaz. Pisua danon artean eroatea erabagi dogu, bestela gure laguna zanpatuta hilko dalako.
19.05: Geltokira goaz barriro. Handik, erdigunera goaz, periferiara doan trena hartzeko. Trenean sartu ostean, bildurtuta, linea hori egiteko lau tren dagozala konturatu gara. Ganera, batzuk ez dira geltoki danetan gelditzen. Limited Expres, Express, Superexpress eta Local trenak dagoz. Gure zuhurtasunari esker, denporaz bajatu gara tren horretatik eta, ahal izan dogun moduan, maleta artean jesarrita, hurrengo trena hartu dogu. Begien aurretik Osaka eta Japonia pasau jakuz baina taxia hartzeko ideia burutik kendu behar izan dogu (autoaren atea zabaltzeagaitik 660 yen, bost euro inguru, kobretan deutsuez).
20.00: Tren horretatik urten eta gure hazurrak jente gehiago dagoan beste tren batean sartu doguz.
20.45: Heldu gara (izan da ordua) azken geltokira. Hutsik dago. Ez dago inor guri itxaroten.
21.05: Hui Ling-ek bi koletadun neska bat ezagutu dau. Kalean behera dator, arrapaladan, barreka. Maiko da, gure anfitrioia. ‘I´m soli’, dino, birziklatutako papel bat boltsilotik ataraten dauen bitartean. Letra handiz ‘Kantsauta zagoze? Nire etxea hemendik hamar minutura dago’ jarten dau. Oinez hasi eta gitxira, aldatsak gero eta gogorragoak dira baina gu indartsu goaz aurrerantz, gure erromesaldiari eutsi guran, fededun sutsuak legez.
21.15: Heldu gara. Gure botafumeiro propioa jaso dogu. Maikoren mutil-lagunak ondo-etorria egin deusku eta bikotearen lagun bat be han dago. Etxea txikitxua eta alaia da. Pisu bi daukaz, txikiak. Lehenengoan jangelea, komuna eta suetea dagoz. Bigarrenean, tatamia, armairu bat, futoi bi eta gitarra elektriko bat. ‘Honi deitzen deutsat nik minimalismo japoniarra’, dino Zigorrek etxea ikusi ostean. Sarreran, kartel arrosa erraldoi bat dago: ‘Welcome Hui Ling’.
22.00: 45 minutu, dozenaka argazki, sushi apur bat eta olagarroz betetako artozko bolatxu batzuk jan ostean, Zigor eta ni bagoaz. Jaia atsegina da eta denpora gehiago egon gurako geunke, baina Kiotorako bide luzea daukagu aurretik oraindino.
22.15: Geltoki hutsera heldu gara. Handik minutu gitxira etorri beharko litzateke trena eta uste dogu hutsik helduko dala.
22.17: Etorri da makinea eta, aho-zabalik, orratz bat bera be kabiduten ez dan bagoi piloa pasetan ikusi doguz musturren aurretik. Haserre, jentetzearen artean sartu gara.
22.50: Geltoki nagusira heldu ostean, kanporatz jo dogu. Asteguna da eta leku danetan dago jentea. Arin doaz, batzuk arrapaladan. Gu kantsauta gagoz eta hotelera eroango gaituan taxia hartu dogu.
23.00: Koma sakonean sartu gara. Zortzi ordu geroago, zorionez ala zoritxarrez, barriro izartu eta egunari ekin deutsagu. Pozik gagoz, abenturea bizi ostean kontau egin ahal izan dogulako.
Testua: Demelsa Gonzalez
Argazkiak: Zigor Aldama
Ez dakit ze buru maltzurrek diseinau eben Kioto eta Osaka urien arteko garraio publikoa baina, duda barik, guretzat lar korapilatsua da eta zuhur ibili behar dogu. Kioton alkartuko gara Hui Ling lagunagaz. Jatorriz txinatarra da, Singapurrekoa. Beraren izakereak kronika osoa merezidu arren, aitamen berezi bi egingo doguz: oso jatorra da eta ganerakoak ondo egoteko ahaleginak egiten ditu beti. Badauka, ganera, herrialdeko nesken ezaugarri bera: kontsumitzaile amorratua da eta kapritxo ugari ditu. Beti orduan egoten da eta, orain be, arratsaldeko seiak puntuan Kiotoko geltokian topau dogu, ia kasualidadez, boltsa pilo baten artean. ‘Zer erosi dozu?’, galdetu deutso Zigorrek. ‘Ez dot gogoratzen’, erantzun deutso, haserre, erosketen ganean galdetu ezkero beti erantzuten dauen legez. Gustura egoten gara beragaz.
Hui Ling-en lagun japoniarrek agur-afaria antolatu deutse Osakan, arratsaldeko zazpiretan, eta guri be joateko gonbita egin deuskue. Omenduak maletak jaso behar ditu hotelean eta, beraz, meloi txikitxu bat eta boltsatsu batean kontu handiz sartutako dozena bat mailuki erosi ostean (Japonen, frutea altxorra da eta prezioa be altxorren parekoa izaten da), Osakarantz goaz. Hurrengo sei orduetako kontuak suberte txarraren eta zentzubakokeriaren ondorio dira.