Manu López Gaseni bilbotarrak irabazi dau Baporea 2005 saria, "Gogoa lege" zientzia fikzinozko nobeleagaz
Bizkaie!
Manu López Gasenik (Bilbo, 1961) irabazi dau Baporea sariaren hamaseigarren ekitaldia, 'Gogoa lege' zientzia fikzinozko eleberriari esker. Saridunak 6.000 euro eroango ditu lehiaketea irabazteagaitik, sariketea antolatzen dauen SM talde argitaratzaileak jakinarazo dauenez.
Patxi Zubizarretak, Teresa Arriolak eta Elsa Aguilarrek osotu daben epaimahaiak esan dau eleberri irabazleak gaurkotasun handiko gaia jorratzen dauen zientzia fikzinozko obra bat dala, klonazinoaren gaia, hain zuzen be. Gauzak holan dirala,, gizateriaren etorkizun posible baten ikuspegia eskaintzen dau.
Ildo honetan, 'dokumentazino zientifikoa, kontakizunaren antolamendua eta jazoeren sinisgarritasuna' nabarmendu ditu epaimahaiak, eta egileak lengoaia erraza erabilten dauela azpimarratu. 'Gogoa lege' izenburuak Jon Etxaide idazle donostiarraren 'Gorrotoa lege' obrearen erreferentzia dakar.
Bestalde, Manu López Gaseni irabazleak adierazo dau eleberri honegaz ez dauela irakatsi nahi, zientzia fikzinozko edozein obratan mezu bat eta egoerak ebitau gura dituan sentimentu humanista bat dagozala onartu arren.
Autoreak 'egunkarietan egunero agertzen dan' errealidade bati egiten deutso aurre eleberri honetan. Bere esanetan, errealidade horretan, aldi berean existiduten dira 'itxaropen mediko handiak, ingeniaritza genetikoa eta gizakiaren bizitza luzatzea eta hobetzea bilatzen dauen oro, alde batetik, eta burrukatzeko gatxak diran gaixotasun imajinauezinak, bestetik".
"Gogoa lege" liburuan, jentez beteta dagoan planeta baten istorioa kontetan da. Gizaki batzuk, 'pariak' egilearen esanetan, espazio-estazinoetara bialtzen dabez eta Lurraren zerbitzura lan egiten daben eskulan gisa erabilten dabez han.
Irabazlea
Manu López Gaseni Bilbon jaio zen 1961ean eta Euskal Filologian lizentziatua eta Psikodidaktikan doktorea da. Gaur egun, lengoaia eta literatura klaseak emoten ditu Gasteizko Irakasle Eskolan.
Haur-literaturako zenbait obra argitaratu ondoren, itzultzaile lanetan hasi zan Lewis Carrolen "Alice's Adventures in Wonderland" klasikoaren itzulpenagaz.
Ondoren, gazteentzako liburuak idazten hasi zan, 'Borroka arroka' eta 'Jaun agurgarria' obrakaz. Horrezaz ganera, 'Urrutiko intxaurrak' liburuagaz haur eta gazte literaturearen 'Lizardi' saria eskuratu eban.