Kulturea  IV. urtea // 117. zenbakia

Rol eta estrategia jokoen inguruko CNL topaketak Portugaleten garagarrilaren 7tik 10era bitartean


Bizkaie!

Espainia mailako Convivencias Lúdicas Nacionales (CNL) izeneko topaketak Portugaleten izango dira aurten. Rol eta estrategia jokoen inguruan espainiar estatuan egiten dan bilgune handienetakoa da CNL. Horrezaz ganera, aisialdia, kulturea, kirol eta beste hainbat alorretako aukera eta jarduerak be eskainiko ditu. Aisialdi osasuntsua eta jolasgarria eskaintzea da helburu nagusia, Portugaleteko Udalak jakinarazo dauenez.

Esandako moduan, aurtengo edizinoa garagarrilaren 7tik 10era bitartean izango da eta 2.000 bat neska-mutilek parte hartzea aurreikusi dabe, Espainiako autonomia erkidego guztietatik etorrita. Kontuak kontu, Portugaleteko Udalak ikastetxe bi atondu ditu, eskatzen daben kanpotarrek lo egiteko lekua izan dagien. Jarduerak herri osotik zabalduko dira, haize zabalean zein aterpean. Dana dala, erdigunea Zubi-Alde kiroldegia izango da.

CLN alkarteak lehiaketa bidez erabagiten dau urtero zein herritan egin behar dauen hurrengo edizinoa. Igaz, erabagia hartu behar eban batzordeak Portugalete aukeratu eban, aurrean Valladolid moduko arerio handiak egozala.

Portugaleteko Udaleko Hezkuntza eta Gazteria Saila eta Ezkerraldeko hainbat gazte alkarte dira topaketen antolatzaileak, eta Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailen, Gazteria Institutuaren, Euskadiko Kutxaren, El Correo taldearen, Telefónicaren, Metro Bilbaoren eta Puente Colgante hotelaren babesa izan dabe.