Batman Begins
Mundu osoko kritikariek adierazo deuskue honako hau superheroi honen ganean orain arte egindako filmik onena dala, pelikularik distiratsuena, osoena, konplexuena, sakonena... Eta egia da 'Batman Begins' honek pare bat ordutan entretenituta egoteko aukerea emoten dauena, baina handik aurrerako goraipamen demasekoak zinearen industria erraldoi eta ahaltsuari egindako keinu interesatuak diralakoan nago.
Izan be, filmari hoztasun apur batez erreparauta, ideologia faxistea daukien ninjen eta gaizto diruzaleen arteko nahaste-borrasteak nahiko harrituko dauz ikus-entzuleak, komiki baten logikea onartuagaitik be. Bestalde, erritmoa irregularra da, gorabeheratsua, beharbada zuzendaria azaleko bilbe hau buztartu ezinik ibili dalako. Era berean, gorputzez gorputzeko burruketan kamerea sano artega eta urduri mobiduten da eta ezin jakin daiteke zer jazoten dabilen. Eta zer esanik ez, atondutako gidoiaren ganean; jokabide ideologikoak janzteko erabilitako erretolikeak ez dauka ez bururik ez buztanik.
Guztiagaz be, eszenografia, filma girotzeko egindako beharra, dekoratuak eta efektu bereziak goi-mailakoak dira. Antzezleen jarduna, batez be bigarren mailako aktoreena, ona da eta erritmoa, nahiko irregularra izan arren, inor ez gogaitzeko baizen bizia da. Ahor film honen bertute bakarrak.
Joseba Terreros
-Zuzendaria: Christopher Nolan.
-Herrialdea: AEB.
-Iraupena: 134 minutu.
-Antzezleak: Christian Bale (Bruce Wayne/Batman), Michael Caine (Alfred), Liam Neeson (Ducard), Katie Holmes (Rachel Dawes), Gary Oldman (Jim Gordon), Cillian Murphy (Jonathan Crane doktorea), Tom Wilkinson (Carmine Falcone), Rutger Hauer (Earle), Ken Watanabe (Ra's Al Ghul), Morgan Freeman (Lucius), Linus Roache (Thomas Wayne), Larry Holden (Finch).
-Gidoia: Christopher Nolan eta David S. Goyer; David S. Goyer-en argumentu batean oinarritua
-Argazkia: Wally Pfister.
-Muntaia: Lee Smith.