Berritxu saria: neskak olatuaren ganean!
Xabier Paia
Bai ba! Iñakik aurreko astean iragarri eutsuen lez, Miren Amurizak irabazi eban Berriatuan egiten dan Berritxu Sariaren aurtengo edizinoa eta, bigarren, etxe oneko Itxaso Paia izan zan.
Lehenengo aldia izan zan bi neskatoek Berritxu sariketan parte hartzen ebena, Amurizarentzat parajeko ekitaldia izan arren. Edozelan be, Bizkaiko eskolarteko txapelketan piramidearen puntan ezarri ziran bi neskatoek atzera erakutsi eben euren meritua ez dala suberte kontua. Eurakaz batera, Izar Mendiguren (Laudio), Ekhi Erremundeguy (Baiona), Julio Soto (Gorriti), Joanes Igeregi (Sopelana), Amaia Uribe (Foru) eta Unai Gaztelumendi (Añorga) gipuzkoarra ibili ziran kantuan. Izenotako asko eta asko Euskal Herriko eskolarteko txapelketan aitatutakoak dira; hortaz, sariketako antolatzaileek gerora gaztetxuek eurek eskaini eben maila ona bilatu gura izan eben hasikeratik.
Lehenengo atalean, zortziko handian eta txikian kantau behar izan eben. Berbarako, Itxaso eta Izarrek ale politak bota ebezan gai honen inguruan: ‘Zuek biak ligau ezinik ibilten zarie beti. Hori dala eta, Itxasok gimnasioan hastekoa asmoa dauka. Izarrek, ostera, gimnasiora joateari itxiko deutso.’
Itxaso:
Gimnasioa uzteko
duzu zuk kemena
baina laguna, hori
ez da egin behar dena
borroka jarraitzea
liteke onena
esperantza delako
galtzen den azkena.
Izar:
Diskotekan hurbildu
ta dantzatzen hasi
nahiz ta igual giroa
dagoen nahasi
ligatzen nahi baduzu
gehiago ikasi
gimnasioa utzi ta
kareta erosi!
Itxaso:
Zertan saiatuko naiz
ni orain argaltzen
ea zortea behingoz
noiz zaidan azaltzen!
Eta zu ez saiatu
kilo hoiek galtzen
maskararekin ere
ez duzu ligatzen!
Ofizioen atzetik kartzelako lana etorri zan. Bigarren atal honetara Ekhi, Unai, Miren eta Itxaso sailkatu ziran. Puntua erantzuna, berba bat emonda bertso bat eta gai bati bertso bi kantetea zan kartzela-penintentzia. Unai Gaztelumendik honeek bertsoak kantau ebazan kartzelako gaian: ‘Zuk, Unai, bullying-a sufriduten dozu zeure ikaskideakandik. Zer sentiduten dozu?’
Unai:
Gizen samarra naiz ni gorputzez
ta hankak dauzkat baldarrak
horregatikan nire ondora
datozkit ne(r)i zoritxarrak.
Aspaldi hasi ziran oihuak,
aspaldi hasi negarrak…
sentimenduak ateratzeko
nik ezin utzi indarrak,
sentimenduak direlako nik
dauzkadan lagun bakarrak.
Nik hasieran eutsi nahi nion
nire buruari tinko,
tratu txarrekin ondoan dauzkat
hainbat neska ta mutiko.
Azkenean nik aitortuko det
honenbesteraino kito:
Negar malkotan hasi behar det
arituko naiz betiko,
horrela bizi baino nahi(ag)o det
negar malkoetan ito.
Mirenek hau bertsoau kantau eban berbea emondako ariketan. ‘Berbea: antxoa
Miren:
Olatu artean igeri dabiltz
aspaldi hontan ez erraz
gal zorian ta etorkizunik
ez dabe topauko beraz.
Onartu behar arrain kontuak
asko gustetan ez jataz,
txuleta galtzen ez dan artean
trankil-trankil biziko naz!
Mirenen kartzelako gaia:
Mundu hau zelan izan liteke
nirekin horren krudela
neure bihotza ta nortasuna
bihurtu jatez kartzela
lagunartera hurbildu naiz ta
horren erantzun ustela
amorruagaz kontu bat daukat
neure gurari bezela:
sufriarazi deusten guztia
eurek sufridu deixela.
Neure kontura barre mordoa
gozatu dau oingoz askok
ta zenbat negar e(g)in ete dogu
nire bihotzak ta biok!
Zenbat sufritzen dodan gauero
ezin leuke asmau inork
ta halan ere isil-isilik
minberata hauxe dinot:
Nik be bihotza badaukat eta
bardin-bardin sufritzen dot.
Itxaso, berbea emonda:
Egun hauetan antxoa horiek
dira horren ezagunak
gure historian beti izan dira
Euskaldun danon lagunak
Non ote dauden galdetzen gaude
gauak ta noski egunak…
Gure itsasoak hutsik daude ta
baita ere azeitunak.
Itxaso, kartzelako gaian:
Nire arazoak gehiegi dira
Ez dira soilik hamalau,
Lagun artean egonda ere
Betidanik mila arau.
Baina arazoak arazo dira
eta honek gainditu nau!
Zer egin dut nik? Zer egin dut nik
jaso dezadan zigor hau?
Zergatik pasa behar ditut nik
negarrez horrenbeste gau?
Bihotza bitan egin aurretik
hobe hartzea bi tiro
baina ihesa prestatu aurretik
pentsatuko dut astiro.
Alde egiteko ditudan arren
nik horrenbeste motibo,
amildegitik behera begira
ez dut nahi zerura igo:
Inpotentzia bukatuko da
bizi nahi baitut berriro
Bizkaiak aurten erakutsi dau neskak dirala nagusi jaurerriko bertsolari gaztetxuen artean. Mirenek eta Itxasok sari sorta ederra jaso dabe aurten. Zorionak biei!