Euskerea berbagai  IV. urtea // 116. zenbakia

Arejita euskaltzain


Kargua eta kargea

Zaharrak berri, euskararen bizigarri izeneko berbaldian, Arejitari erantzuna emon eutson Andres Urrutia euskaltzainburuak. Andres Urrutiak, besteak beste, euskera modernoari iraganeko moldeak integratzeaz berba egin dau batik bat eta horretan kokatu dau bere azalpenen ardatza.

Maila partikularragoan, Andres Urrutiak Adolfo Arejitaren profila zirriborratu dau. Arejitak Filologia Erromanikoa lizentziaturea atara eban Deustuko Unibersidadean eta lehen pausuak orduko lehen euskal komunikabide urrietan emon ebazan, Bizkaiko Herri Irratian batez be. Deustuko Unibersidadean bertan, doktorego-tesia egin eban eta klaseak emon, ‘Filologia Erromanikoaren azpian euskarari be berea emon guran’. Urrutiak aitatutako eran, lanik handiena Labayru Ikastegian bete dau.

Akabera aldera, Andres Urrutia euskaltzainburuak bizkaierea aukeratu dau akademiko barriari ondoetorria emoteko: ‘gaurkoa da egunik aproposena zeuri azaltzeko zugandik espero doguna, hau da, orain artekoaz ganera, zeure ekarriak Akademiaren zereginetan jartea, kargua hartzen dozulako eta karga handiagaz jardun beharko dozulako. Horretarako nahi zaitugu, geugaz bat egin eta lan egin dagizun, euskerea gero eta aurrerago joan daiten.’

Xabier Paia

San Juan egunez, bagilaren 24an, Adolfo Arejita euskaltzainaren sarrera ekitaldia egin zan Bilbon. Andolin Eguzkitza zanaren lekua beteko dau Arejitak. Bilboko Udaletxean egindako ekitaldiaren akaberan, Andres Urrutia euskaltzainburuak euskaltzain osoa dala adierazoten dauen diplomea eta 3. zenbakia dauen dominea emon eutsozan. Sekula holakorik jaso eben euskaltzainak honeek dira: Julio Urkixo, Luis Villasante eta Andolin Eguzkitza.

Ohore-arauak eta gero, Adolfo Arejitak Idatzizko eta ahozko tradizioa gaur egungoari buruz izeneko berbaldia eskaini eban. Hasikeratik Julio Urkixo, Luis Villasante eta Andolin Eguzkitza gogoratu ebazan. Julio Urkixoren lana aitatu eban –‘RIEV aldizkariaren inguruan etxeko eta kanpoko batu ebazan, euskal hizkuntzea eta literaturearen ikerkuntza bilgune eukazala’-; Luis Villasante ‘euskal literatura osoaren irakurle, ikertzaile eta kritiko zorrotza’ zala esan eban eta, azkenik, Andolin Eguzkitza zana ekarri eban gogora: ‘gizarte hartu-emonetan erakusten eban gizatasun, adikortasun eta irekitasunari, erdaldun jaiota bere burua euskaldun oso eta bete egiteko egin eban ahalegina autortu gura neuskio lehenengo, eta hortik aurrera gramatika arloan, literatura sorkuntzan eta euskal hizkuntza-literaturen susperkundean egin eban behar zabala’.

Hortik aurrera, Arejitak idatzizko eta ahozko tradizinoaz berba egin eban, gaur egungo gizartean zelan ikusten dauzan azaltzeko. Berbarako, informatikearen eragina aitatu eban. Jarraian, ahozkotasunaz berba egin eban: ‘azken hamabost-hogei urteotan lengoaiari ardura gehiago hartzen hasita gagoz geurean be, eta euskerearen inguruan hizkuntza-kalidadearen kezka biztu dan unetik esango neuke areagotu dala mintzamenaren ardurea’. Historiaren hari-eroalearen bidetik aurrera egin eban tradizinoa goraipatuz. Azkenik, hauxe esan eban euskaltzain barriak: ‘hiztegi garbiaren aldeko lehia geure hizkuntza idatziaren aldi guztietan egon da, gitxi edo asko, indarrean; eta badira euskal literatura idatzian, obra edo autore batzuk, adierazgarritasun berezia daukienak, hizkera jakin baten lekuko aparteko diralako’. Ondorio garbia atara leiteke, beraz: ‘ahozkotasunak berean dirau, bizirik, tente euskal literaturearen historia guztian, mobiduezinezko zutabe sendo bat lez.’