Eretxia  I. urtea // 14. zenbakia - 2002ko zemendiaren 15a

Metroa eta tranbia, Bilboko gidari isilak


Honezkero, abenduan tranbia martxan ipinten danean, Bilbon bertan topau ahal izango dogu Amsterdam, Paris, Erroma edo Londresen moduko uriek gogoan itxi ohi deuskuen irudia; gure uriburua eta, horregaz batera, Bizkai osoa, aurrera doazen seinale.

Joseba Terreros

Metro eta tranbiaz horniduriko uriak bisitau ostean, bidaiariari etxera heldukeran gomutetan jakon gauzarik egotekotan, horixe bera izaten da lokomozino sistema bitxi eta praktiko honeen irudia. Seguru antzean, bisitariei arrasto hori ixten deutsie, metroa eta tranbia hainbat egunetan barrena beraien ibilbideen lagun eta adiskide banaezinak izan diralako. Azken baten, garraiobide honeek bisitari nahiz ganerakoon gidari isil bihurtzen dira, toki esanguratsuetara hurreratzeko eta lekuok hobeto ezagutzeko aukera bikaina emonez. Metro eta tranbiaren bitartez, uria arakatzeko bidea itzel erraztuten da. Behin eta barriro erabilten doguz eta, halako baten, geure egin doguzana konturatzen gara. Egia esan, metro eta tranbia guztiek aparteko berezitasunak izan ohi dabez. Horregaitik, urietako paisajearen ikur dira.

Bilboko metroaren ganeko jakingarriak

Norman Foster arkitekto britaniar ospetsua ezinbesteko erreferentzia bihurtu jaku, Bilboko metroaren ganean berba egikeran. Izan be, Norman Fosterren lantaldeari eskatu jakon Bilboko metroaren barruko 'lezean' egongo ziran lurpeko geltokien nondik norakoak zehaztuteko. Bilboko metroan eragin on-ona izan eban ideia nagusia be badago, arkitekturea eta ingeniaritzea buztartzea, hatan be. Horrezaz ganera, oso kontuan hartzekoak dira metro barruko espazioa atontzeko egindako lezearen itxurako barrunbe ikusgarria, eskilara mekanikoak eta igongailuak hartzen dituan tarteko gunea eta, zelan ez, metroa azaleratzeko erabilitako fosterito ospetsuak.

Bilboko metroak lehenengo pausoak 1995eko zemendiaren 11n emon zituan, eta hainbat helburu lortzeko egin zan: alde batetik, metropoliaren eremuan trafikoa eta garraio publikoen kalidadea hobetzea; eta, bestetik, metroa Bizkaiko garraioen ardatz eta bizimoduaren lanabes dinamizatzailea izatea. Bilboko Guggenheim museoagaz batera, abian jarri eta lasterrera, Bilbok kanpoan zein barruan emon gura eban irudi barritzailearen ikur bihurtu zan.

Sestaoko Urbinaga auzoraino ailegetan dan II. linea zabaltzeagaz batera, Bizkaiko garraio publikoa guztiz antolatzeko ageriko aurrerapausua emon da. Abian jarri barri dan lineak zerbitzu erosoa eta arina emoten deutse 100.000 biztanle ingururi. Ganera, linea honen barruan planifikautako azken geltokia, Santurtziko Kabiezes auzokoa, 2010. urtean gitxi gorabehera amaitukeran, Bilbo Handiko metropoliaren eremu osoari emongo deutso zerbitzu hau.

2011n metroak 44,5 kilometroko luzerea eta 41 geltoki izango ditu; ondorioz, Bilbo Handiak zeharo loturiko gune bakarra iznago dau, uriko ingurua garatzeko funtsezko oinarria, hain zuzen be.

Bilboko Metroarentzako trenak Beasaingo CAF enpreseak egiten ditu; enpresa honen ospeaz jaubetu gaitezan, esan beharra dago azken urteotan Bartzelona, Madril, New York edo Mexiko CFko metroak egiteko agindua emon jakola. Bagoiak aire girotuaz eta ikus-entzunezko iragarkiez horniduta dagoz.

Laburbilduz, uriaren erraietan sartuta, munduko metrorik modernoetariko bat topau geinke. Bere diseinua zein itxura barritzaile eta estilizatuak dirala eta, hainbatetan izan da saritua eta berbarako 'Brunel' sari garrantzitsua emon deutsie. Edozein kasutan, Bilbokoa munduko metro barrien ezinbesteko erreferentzia ez eze garraiobide arin eta erosoa be bada, hau da, gure jakin-mina asetzeko edo lanera joateko beharra bidaiatxu atsegin eta gozagarri bihurtu ohi dauen lurpeko trena.

Bilboko tranbia abendurako

Bilboko kaleetatik orain dala 37 urte desagertu zan, iraganaren, antxinako gauzen eta atzerapenaren ikurtzat jo ostean. Baina hurrengo abenduan urira itzuliko da etorkizunaren eta uri gizatiar zein ekologistearen ezaugarri modura. Tranbia itzuli egingo da, baina, hori bai, orduko 50 kilometroko abiaduran.

Eusko Trenek kudeaturiko eta Euskotran izenaz bateaturiko tranbiaren zehaztasun guztiak ezagututa, etxurea ikustea baino ez dogu falta, apurka-apurka uriaren paisajean txertatu ahal izateko. Abendutik aurrera, bere lekua topau beharko dau bilbotar eta bisitari guztien bizimoduan. Garraio kontseilariak halantxe egin eban, herritarrei garraiobide barri hau euren ekanduen barruan sartzea eskatu eutsenean; ganera, garraiobide honen alde egin eban ibilgailu pribatuaren alternatibatzat hartuz.

Bedarrez estaldutako trenbideak

Tranbia asfaltotik bota eban autoaren kontrako burruka honetan, garraiobide honek bere armak erakutsi deuskuz: 15 minutu baino ez ditu beharko Atxuritik Basurturainoko tartea egiteko; dana dala, azken geltoki hori hile batzuk beluago egingo da. Bien bitartean, linearen azken muturra San Mamesen izango da. Lurrin batzuen iragarkietan aitatzen dan legez, distantzia laburretan irabazlea izango da, esate baterako Guggenheimetik Arriagarako tartean. Ibilbide horrek bost minutuko iraupena izango dau, hau da, tranbia oinez joatea baino arinagoa izango da eta automobila baino praktikoagoa, aparketako zeregin gogaikarria ebitauko dogulako.

Tranbiak, metroagaz batera, Bilboko erdigunetik mobiduteko ezinbesteko baliabidea izan gura dau eta proiektuan inplikautako erakundeek esan daben legez, aurrera egingo dau. Proiektuan 21 miloe euro inguru inbertidu dabezan Eusko Jaurlaritzeak, Bilboko Udalak eta Bilbao Ría 2000k linea hau tranbien etorkizuneko sarea eratzeko lehenengo pausua baino ez dala adierazo dabe. Eta egia esan, A linea izenagaz sortu da.

Aire girotua eta eskilara bako sarbidea izango dituen unidadeak bost edo hamar minuturik behin igaroko dira geltokietatik. Tranbiek Abandoibarra eta Uribitarte bedarrezko galtzada batetik zeharkatuko ditue. Ibilbidearen ganerako zatian galtzadarria izango da, eregitako tarteetan ikusi geinken moduan.