Bertsotan  IV. urtea // 116. zenbakia

Bizkaiko lorak bikain bagilean


Berritxu Sarian lehenengo eta bigarren

Forman dagoan txirrindulariak lez, karrera guztietan aurrean dabiz Miren eta Itxaso. Aurreko barikuan Berritxu Sarian kantau eben, Euskal Herri mailako izaerea daukan eta gonbidapenez parte hartzen dan sariketan. Zer egingo bertan, eta biak tropelaren buruan. Miren Amurizak irabazi eban eta Payatarren gazteenak bigarren egin eban. Saio horretako detaileak datorren astean izango doguz berton, Xabi Payak preparau dauen dauen kronikeari esker. Zorionak Bizkaiko lora bieri!

IƱaki Aurrekoetxea

Bagila azkenetan dagoenean, ikasturteari agur esaten deutso ikasleak. Batzuk damututa, aurretik beharrik egin ez izanaren damuz. Beste batzuk, barriz, ahaleginak eta frutuak bat egin dabela jakinda, merezidutako oporrakaz gozetan. Eskolan eta bertsotan.

Miren Amuriza berriztarra eta Itxaso Paya getxoztarra bigarren taldean dagoz. Eskolan ez dogu dudarik egingo ze emoitza izan daben. Bertsotan be, bikain ibili dira azken txanpa honetan, txaloak eta txapelak banatzen ziran sasoian. Bizkaiko eskolarteko txapelketan Itxasok txapela eta Mirenek bigarren lekua lortu ostean, Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketaren finalean hartu eben parte. Hilearen hamazortzian jokatu zan finala Altsasun, eta lan polita egin eben bizkaitarrek. Hamabi parte hartzaileen artean, Miren azken fasera sailkatu zan bostekoan izan genduan, eta Itxaso atarian geratu zan, seigarrena. Mirenek azkenean laugarren egin eban. Bizkaiko ordezkaritza ondo bete eben biek be.

Biengana jo dogu, Altsasukoaren osteko sentsazinoak kontau deiskuezan. Eta zer hobeto bertsotan egitea baino! Aiko hemen zelan erantzun deutsen Itxasok eta Mirenek guk jarritako lanari. Kartzelako gaian lez aritu dira, lan bardina eginaz bestearena ezagutu barik. Hasikerako puntuari bertso bat, emondako lau oinakaz beste bat eta hirugarrena gaiari

Kontau egiguzue
Altsasun zer moduz?

Itxaso Paya

Bertsotan egon ginen
hiruzpalau orduz
baina bukatu nuen
eztarri lehortuz
hurrengoan ibili
beharko dut kontuz

Kontau egiguzue
Altsasun zer moduz?

Miren Amuriza

Izarditan urtuta
ta halan be kantuz,
Doinu eta errimak
bertsoeri lotuz,
Gure helburu guztiak
sobran bete doguz.

Lau oinak: GOGOA, DOA, BEROA, ARRAROA

Itxaso Paya

Osasungarria da
txapelen beroa
baina hori lortzea
hain da arraroa...
nahiz eta beti izan
nagusi gogoa
gerturatu orduko
berriro badoa

Miren Amuriza

Konturatu orduko
aurrerantza doa,
txapelketaren eta
txaloen beroa,
orain lasaitasuna
gozo ta arraroa,
Bertsotan dago nire
udako gogoa.

Gaia: Txapelketa amaitu zan, eta ikasturteak be itxi dauz ateak. Oporrak hartu dozuez daborduko. Jakin gura geunke ia bertsorik sartzen dan zuen udarako motxilan.

Itxaso Paya

Garrantzitsua den horrentzako
lekurik uzten dut beti
motxila ez da handiegia
baina sartzen da ederki
neurriko zira, doinu katiuskak,
4 errima, 2 aterki...
horiek hartzea komeni zaio
abenturazale bati
nahiz eta uda izan euria
egingo duen nork daki?

Miren Amuriza

Joan zan negua ta udabarria
bueltatuko dira nekez,
Danon helmugan itxi gaitue
ala hasikeran artez?
Motxila ametsez bete dagigun
liburu astunen partez,
egin geinkezan hainbeste gauza
gogora etorri jatez:
Nire bertsoak motxilan barik
buruan gorde nahi neukez.