Eretxia  IV. urtea // 116. zenbakia

Barriro be ‘matrakea’


Ez da bardina PSOEri esker ala EHAKri esker aukeratua izatea politikea egiteko orduan. Ezker abertzaleak hareen politikea egiteko beste aukerea bat eskaini eutson Ibarretxeri. Bere izena daroan Plana bertan behera geratu bazan be, haren ildo nagusiak behin eta barriro agertu ziran Ibarretxeren berbaldian zehar. Ez dau emoten, beraz, Espainiako prentsan agertu dan ‘traka-traka, gora matraka’ amaitu danik. Oraindino Euskadi eta Espainiaren arteko erlazinoa aldatzeko asmoa eta borondatea agertu dau lehendakariak.

Garai interesgarriak dira honeek. Hauteskundeetatik lar ondo urten ez bada be, ez da agortu Ibarretxeren kemena. Bestalde, indarkeriaren arazoa konpontzeko bidean egon leitekela sumatzen da. Egin beharrekoa behar dan moduan egiten bada, hemendik hilabete batzuetara ezin izango da indarkeria atxakia modura erabili eztabaidea oztopatzeko. Catalunyako Estatutu barriaren ganeko eztabaidea pil-pilean dago, baina ez dot uste nik bertako eredua jarraituko danik Euskadin. Ikustekoa izango da zelako bidea hartzen dauen euskal politikeak. Gobernagarritasuna maila minimo batean bermatzen bada, bestelako kontuetan sartzeko aukerea izango dabe euskal alderdi politikoek.

Bien bitartean, azken aste honeetan zehar ikusi da badagoala oraindino konpondu beharreko beste arazo bat: horren herri txiki batean horreenbeste alderdi politiko dagoz... Lau alderdi abertzale hain herri txikian? Ezkerreko bost alderdi horren bizimodu-maila altua daukan herri honetan? Enpresa munduan bolada batean modan egozan ‘OPA’ famatuak guk uste baino arinago helduko dira gure mundu politikora.

Iñaki Atxutegi

Uste baino arinago izan da. Mahaia osotzeko izan ziran komeriak gogoan eukita, lehendakaria aukeratzeko zailtasun handiak izango zirala uste genduan. Halanda be, pronostiko guztiak apurtu ebazan EHAK alderdiak. Hasikeratik esan eben Ibarretxeri emongo eutsezala aukeratua izateko behar ebazan botoak. Esan eta berehala emozino guztia galdu eban eztabaideak.

Ez dot uste nik Patxi Lopezen kandidaturea benetakoa zanik. Haren asmoa Ibarretxeren debilidadea islatzea baino ez zan. Bere kalkuluen arabera, mahaiaren aukeraketea behin eta barriro errepetidu eta gero, etenbako bardinketeak orain arteko lehendakariaren aroaren amaierea erakutsiko eban. Seguruenik, debilidade hori aho-beteka zabaldu eta gero, kandidaturea erretirau egingo eban Patxi Lopezek, instituzinoen egonkortasunari trabarik ez egiteko. Euren irudia garbitu gura izango eban, Ibarretxerena lohitzen eban bitartean.

Honeek asmook bertan behera geratu dira. Ibarretxe aukeratu dabe bigarren botazinoan. Lehendakariak bere diskursoan zehar hamaikatxu keinu egin eutsozan ezker abertzaleari. EHAK-k, ostera, behar ebazan botu bigaz erantzun eban.