War of the worlds eguazten honetan estreinauko dabe
Joseba Terreros
War of the worlds Steven Spielberg zuzendariaren azken lana bagilaren 29an estreinauko dabe. Urteko film arrakastatsuenenak egiteko asmoz, Spielberg eta Tom Cruise ostera be alkartu dira, gaur egun film bakotxeko diru gehien jasoten daben zuzendaria eta aktorea, hatan be. Lehenengo biderrez, 2002an egin eben behar alkarregaz Minority Report pelikulan, eta, oraingoan be, zientzia fikzinozko filma eskainiko deuskue.
H.G. Wells idazle britainiarraren nobelea da pelikulearen abiapuntua, bai eta Orson Welles zine zuzendariak 1938. urtean irratsaio batean antzeztutako obrea be. Wellesek estadubatuarrak bildurtu ebazan orduan egindako antzezpenagaz. 60 urte geroago, Steven Spielbergek lan horren gidoia erosi eban, eta hiru urtean ibili dira zuzendaria eta Cruise, buru belarri, lana preparetan. Arin filmau dabe pelikulea, hiru hilabetean, eta, horren ostean, 10 hilabete behar izan dabez produkzino lanetarako. Guztira, 130 miloe dolarreko aurrekontua euki dabe.
Tom Cruisek Ray Ferrierren zeregina beteten dau. Ferrierrek portuan behar egiten dau, ontziak deskargetan. Bananduta dago eta seme-alaba bi daukaz; estralurtarrek planeteari eraso egikeran, seme-alabak jagon eta babestu beharko dauz.
Polemika bizia
Azken egunotan eztabaida handia sortu da Cruise-ren filmaren inguruan. Aktore estadubatuarra Europan da Katie Holmes emaztegaiagaz batera, eta biak dabilz filmak promozionetan: Cruisek War of the worlds eta Holmesek Batman Begins. Baina, badira aktore bien arteko hartu-emonak dudan imini eta azpian marketing kontuak dagozala esan dabenak be.
Ganera, pelikulea aurkezteko prentsaurrekoetan egon diran segurtasun neurriek be polemikea biziagotu dabe. Madrilen egindako aurkezpenean, kazetari eta kritikariei zinema aretora sartzean objektu guztiak kendu eutsiezan, inork pelikula ezkutuan grabatu ez eian. Segurtasunaren arduradunek gaueko bisoreen bitartez ikuskatu eben aretoa, proiekzinoa egin zan bitartean. Neurri horreek Alemaniako Zinema Kritikarien Alkartearen haserrea biztu dabe.