Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 116. zenbakia

Internet eta bikoteen arteko hartu-emonak


Urtebete inguru terapian

Arazo hau konpondu guran profesionalen kontsultetara hurreratzen diran bost personatarik bi jokabide patologiko honen menpean dagoz. Gaixotasun hau tratetako gitxien-gitxienik urtebete inguru behar da, normaltasunera itzuli ahal izateko. Baina, antza danez, menpetasun mueta honetan sartuta dagozanak sekula ez dira guztiz osatzen.

Edozelan be, bikote bat bietariko bat Interneten menpe dagoalako apurtzen danean, beste arazoren bat beti izaten da tarteko. Edo hartu-emonetan zelan edo halango hutsunea egoan lehenagotik edo arazoak izaten ziran sexua egiteko orduan. Eta halango zer edo zer jazoten bada, ohikoa izaten da bietariko bat kanpoan topetan ahalegintzea etxean lortzen ez dauena. Internet oso aukera merkea da eta ez dago zertan etxetik mobidu behar.

Hartu-emon eta kontaktuen herri globala gero eta txikerrago eta eskuragarriagoa da. Nahikoa da www.meetic.com webguneen moduko sorta ikaragarrietako batean sartzea. Ezkon-agentzia handi eta erraldoi baten antz handia dauka eta mugak norberak iminten dauz.

Begiluzea

Eugeniaren kasua da; 37 urte daukaz eta 24 hilabete igaro dira ezkondu zanetik hona; une honetan banantzeko tramitazinoa egiten dago: senarrak gurago dau gauak pantaila aurrean emon haregaz oheratu baino. Sareak bikoteen arteko hartu-emonak apurtzen dihardu eta daborduko sortu dira modalidade honetan espezializaturiko abogaduen bulegoak.

’Ez eban nigaz oheratu gura. Nik behin eta barriz esaten neutson, egunez alkar ikusten ez genduanez, gaueko orduak aprobetxau behar genduzala alkarregaz egoteko. Baina Javierrek beti erantzuten eustan enpresearentzako beharren bat amaitu behar ebala. Afaltzen amaitu eta etxeko beste gela batean giltzapetzen zan. Eta hortxe egoten zan, ordenadorearen aurrean, goizaldeko laurak edo bostak arte. Halantxe, gauero. Une batera helduta, egoera honi ezin eutsi eta abogaduarenera jo neban. Epaia? Oraindino ezin izan dogu eguna zehaztu’.

Eugeniak 37 urte daukaz eta ezkontzako porrota auzitegietara eroateko erabagia hartu dau. Ezkondu eta 24 hilabetera, bikotekideek Interneten daukiezan maite-jokoen ondorioz banandutakoen zerrendan sartuko da. Izan be, adituek dinoenez, gero eta gizon nahiz andre gehiagori ahazten jake, txat-etako menpekotasun patologikoa dala eta, zeintzuk diran bikote bizitzearen barruan euki beharreko jokabideak. Bikotea apurtzeko lehenengo pausoa izan daiteke. Edo ditxosozko bideo-jokoak; horreek be Sareak eragindako lotura psikologikoen barruan sartu eta hartu-emon egonkorrak urratu daikiez. Izan be, jokozale amorratu mueta honeen % 5 inguru bikotekidea daukien helduak dira.

Adituen esanetan, txat-ek daukien arrakastea bikoteetan gero eta handiagoa dan komunikazino faltan dago, bai eta erabiltzaileei berbaldi honeek ziurtatzen deutseen anonimatuan be. Beste batzuentzat, familiarteko edo laneko arazoei arin be arin iges egiteko bitarteko bat da, beti be eztabaidei aurre egiteko preminarik euki barik. Ganera, irudimena bete-betean askatzeko guraria be tartean sartzen da. Horixe jazoten da on-lineko sexu seguru eta konpromiso bakoagaz. Guztira, 300 miloe webgune dira sexu elektronikoaren menpeko ezkonduen fantasiak elikatzen dabezanak.