Andrearen mendekua: senarraren kotxea saltzea
Gotzon Plaza,
informatikoa
Senar andrazale amorratua, eta gero, gerokoak. Honakoa da istorioa: Ingalaterrako Tim Shaw (ezkondua eta seme bigaz) Birmingham uriko irrati saio batean Jodie Marsh andereñoaz maiteminduta egoala autortu eta emaztea eta umeak itxiko ebazala esan eban, beragaz alde egiteko. Benetan ala bromatan, Tim jaunaren emazteari ez eutson ezelako graziarik egin kontuak.
Hemen dator, ba, andrearen mendekua: Interneten, enkanteko webgune batera sartu eta senarraren Lotus Esprit Turbo kotxe ederra zentimo batzuren truke saldu eban, atoan. Hasierako prezioa 50 penikekoa zan (0,75 euro) eta kotxearen benetako prezioa 37.000 eurokoa. Kotxearen eskaintzeagaz batera, honako mezua agertzen zan: ‘kotxe hau atoan kendu behar dot bistatik, posible balitz urrengo ordu bi edo hiru ordutan, nire senarra etxera etorri baino lehenago, kotxearen desagerpenaz konturatu baino lehenago eta bere gauza guztiak etxeko atean topau baino lehenago’.
Kotxea bost minutuan saldu eban.