Euskaldunok munduan  I. urtea // 14. zenbakia - 2002ko zemendiaren 15a

Euskal kirolariak munduan


Josune Bereziartu (eskalatzailea)

Emakume honen mugea non dagoan jakitea ez da erraza, baina lurtarra izanda, mugatik hur egongo dalakoan gagoz. Hogeita bederatzi urteko lazkaotarra munduko emakume eskalatzailerik onena da, Liz Sanzoz frantziarraren eta Marietta Udhen alemaniarraren aurretik eta gizonezko eskalatzaile asko baino maila handiagoa erakusten dabil munduan zehar. Oraintsu, Suitzan 9a zailtasuneko 'Bain du Sang' izeneko bidea kateatu dau hirugarren ahaleginean, eta berak pentsetan ebana baino errazago. Bereziartu bide hau egiten dauen munduko seigarren eskalatzailea da. Edozelan be, lehenago be marka politak ditu, berbarako, 'Baing du Sang' ospetsuaren aurretik, Baltzolako 'Sapaia', 8c+ / 9a bidea eginda dauka eta gitxi batzuk baino ez dabe holakorik lortu.

Alberto Iñurrategi eta Jon Beloki (mendizaleak)

Alberto eta Felix anaiak danon gogoan dagozan mendizaleak dira. Felix, Gasherbrum 2 mendian behera joiala izandako ezbeharrean hil zan eta, urtebete geroago, Felixen pioleta erabiliz, Albertok Jon Beloki lagunagaz batera, Gasherbrum 1 mendiaren tontorra zapaldu eban (Belokirentzako lehenengo zortzimilakoa). Beti alkarregaz ibili ondoren, Felixen agurraren ondoren, Albertoren 13. zortzimilakoa izan zan. Geroago, Annapurnaren tontorrera heltzea lortu eban eta, era horretara, Reinhold Messner, Jery Kukuczka, Erhard Loretan, Carlos Carsolio, Krysztof Wielicki, Juanito Oiarzabal eta Sergio Martinigaz batera, munduko 8 mila metrotik gorako 14 mendiak zapaldu dituen mendizaleen zerrenda magiko horretan dogu Alberto Iñurrategi.

Dana dala, Txo Oyuren tontorrera heltzea da orain Albertoren asmoa. Lehen be egon zan bertan, baina oraingo erronkea gogorragoa da, paraje haretan negua dalako orain. Hotzagaz eta haize boladakaz kontu handia izan beharko dabe Belokik eta Iñurrategik. Ezustekorik ez bada, abenduaren erdialdean helduko dira zerutik hur dagoan tontorrera.

Guillermo Bañales (Zierbena, 36 urte), Josu Feijoo (Gazteiz, 37 urte) eta Angel Navas (Tolosa, 42 urte): (mendizaleak / abenturazaleak)

'Bizkaia 2003: Hego Poloa' ezpedizinoko kideak Antartidan dagoz daborduko, eta asmoa hego polo geografikora heltzea da. Horretarako, 60 egunetan 20 bat kilometro egin gura ditue egunean eta bakotxak eroango dauen trineoak 100 kiloko pisua dauka. Zero azpitik 20-40 gradu bitarteko tenperaturea izango dabe ibilbide osoan. Hego Polo geografikora 2003ko urtarrilaren lehenengo egunetan heltzeko ustea dabe, eta bertan Ingurumenerako Giza Eskubidearen ganeko Bizkaiko Adierazpenaren ale bat eta ikurrina itxiko ditue. Gauza bera egin eben aurten Ipar Poloan. Hego Polora heldu ezkero, urtebetean Polo bietara heltzen diran munduko kirolari bakarrak izango litzatekez.

Alex Basterretxea (gimnastea)

Orain dala denpora gitxi kirol-gimnasiako Espainiako titulua irabazi ondorik, munduko onenen artean sartzeko aukerea dauka bilbotarrak. Munduko Txapelketea zemendiaren 21etik 24ra jokatuko da Hungarian, eta dominea ekarri gura dau etxera, jakina. Ez da erraza izango, baina Alex gogor dabil beharrean, egunean zazpi bat orduz entrenetan dabil eta bere espezilidadeetan, hau da, uztai edo anilletan, barra paraleloan eta lurreko ariketetan dominaren bat eskuratzea da haren asmoa; izan be, kirolariaren progresinoa ikusita, aukerak badituala esan leiteke. Munduko Gimnasia Txapelketan dominaren bat irabazi ezkero, Alex Basterretxea lehenengo euskal kirolaria izango litzateke. Zoritxarrez euskal kirolaria izan arren, Espainiako selekzinoagaz parte hartuko dau Alex Basterretxeak.

Almudena Cid (gimnastea)

Gimnasia Erritmikoko Europako Txapelketan podiumetik hur geratu da orain gitxi Arabako gimnasta beteranoa. Budapesteko Munduko Txapelketan laugarren postua eskuratu eban eta Atlantako Joku Olinpikoetan finalean sartzea lortu eban. Arabarraren kirol ibilbideko azken txanpan, datorren apirilean jokatuko dan Munduko Txapelketea preparetan dago eta han bere esperientzia arma polita izan daiteke dominaren bat irabazteko.

Bizkaie!

Euskal Herrian beti egon dira kirolari onak eta modalidade gehienetan ganera. Orain amesa eukal selekzinoak ganerakoakaz lehian ikustea da, ze, momentu jakin batzuetan, era sinbolikoan baino ez bada be euskal kirolariak Euskal Herria ordezkatzen ikustea ederra izan da. Kontuak kontu, ezer baino lehen, aupada handia eta zorionak kirol diziplina edo modalidade desbardinetan, munduan zehar sekulako mailea erakusten ibili diran eta gaur egun oraindino badabilzan euskal kirolariei: herri-kiroletan (Iñaki Perurena, Zelai, Mieltxo Saralegi...), txirrindularitzan (Migel Indurain, Olano, Beloki...), atletismoan, espezialidade desbardinetan (Martin Fiz, Javi Conde...), saski-baloian (Tau Baskonia...), surfean (Eneko Acero), futbolean (Gaizka Mendieta...), golfean (Jose Maria Olazabal), motor munduan (Txus Jaio), itsas-gizonen artean (Jose Luis Ugarte) edota xistera, pelota zein soka-tiran dabilzan kirolariei. Danak ez doguz orain aitatuko, baina bai arrazoi bategaitik edo besteagaitik, azken boladan nabarmendu diran batzuk.