Edorta Lamo euskal sukaldariak irabazi dau Urteko Sukaldariaren Lehiaketea
Bigarren postuan, Gasteizeko Sagartoki Erretegi-Jatexeko sukaldaria, Iñaki Rodrigo ‘Rodaballo’ geratu da hirugarrenean, barriz, Emilio Zamora Gipuzkoako Olaberria Gaztelu Hoteleko sukaldaria..
Seigarren finalerdi honetan parte hartu daben chef guztiek diplomea jaso dabe eta Edorta Lamo irabazleak, barriz, aukerea eukiko dau Alimentaria 2006ko Restaurama ekitaldiko final nagusian parte hartzeko, Francisco Javier García, Flavio Morganti, Antonio Granero eta Jordi Cruzegaz batera, hain zuzen Valencia, Gijón, Sevilla, Barcelona eta Palma de Mallorcako finalerdietako irabazleakaz.
Seigarren finalerdian, Daniel Garcia Zortziko Jatetxeko chefaren zuzendaritzeagaz, ondokoak izan dira epaimahaikoak: Beñat Ormaetxea, Galdakaoko Aretxondo Jatetxeko chefa; Isidro Arribas, Galdakaoko Andra Mari Jatetxeko Sukalde Burua; Mikel Población, Bilboko Etxanobe Jatetxeko Sukalde Burua; Joseba Lozano eta Igor Ozamiz, Artxandako Hostalaritzko Goi Eskolako irakasleak.
Urteko Sukaldariaren Lehiaketea WACS (World Association of Cooks Societies) erakundeak babestutako bakarra eta Michelineko hiru izar dituan Martin Berasategi chefaren laguntzinoagaz antolatzen da. Espainia osoan, finalerdiak entolatzen dituan lehiaketa bakarra da eta, era horretara, sukaldarien artean ez da bereizketarik egiten.
Urteko Sukaldariaren Lehiaketea bi urtez behingoa da eta Espainia osoko sukaldariei zuzenduta dago. Helburu nagusia sukaldarien lanari prestigioa emotea eta ogibide hori ezagutzera emotea da; era berean, chef onena saritzea be ez da helburu txarra.
Bizkaie!
Bilbon, Artxandako Hostalarirtzako Goi Eskolan egin da Urteko Sukaldariaren Lehiaketako zortzi finalerdietatik seigarrena. EAE, Nafarroa eta Errioxan izena emon dabenetatik aukeratutako zortzi profesionalen arteko lehia izan da. Hona hemen parte-hartzaileak:
1- Emiliano Caldera (Gasteiz).
2- Iñaki Rodrigo (Gasteiz).
3- Iñaki Ruiz (Bilbo).
4- Javier García (Iruñea).
5- Edorta Lamo (Donostia).
6- Emilio Zamora Olaberría (Gipuzkoa)
7- Iván Garin Estella (Nafarroa).
8- Enrique Arguilea Viena (Nafarroa).
Parte-hartzaile bakotxak bost orduko tartea euki dau lau lagunentzako menua preparetako. Menuan postreagaz hiru plater egin behar ziran eta personako 12 eurora arteko kostua zan mugea.
Esandako moduan, irabazlea Edorta Lamo izan da, Arabako Kanpezukoa da eta Donostiako Branka Jatetxeko sukaldaria da; datorren bagilaren 29an, 26 urte beteko ditu.
Menu saritua:
Lehen platera: parrillan erretako olagarroa patata bioleteagaz, sagar berdea eta pipermorroa txupitoan erreta haren tinta-orioagaz eta maldon gatz-pimentoiagaz.
Bigarrena: mero zuria mihilu ukutuagaz, tomatearen tagliatellle eta vainilla eta limoizko erredukzinoagaz.
Postrea: kalabazea, trufea, gorringoa eta ardia.