Gotzon Garate: ‘filologoek seriotasuna emoten deutse euskereari'
Europako Goi Mailako Hezkuntza Sistemea bateratzeko proiektua aspaldikoa da. Bolognako Deklarazinoa oinarritzat hartuta, orain arteko eskemea desagertu egingo da. Lizentziaturen eta diplomaturen lekuan, ‘gradu-ikasketak’ izango dira. Ikasleak danetariko oinarrizko irakasgaiak ikasiko ditu eta, ostean, ‘master’ deritxanek leku eta garrantzi berezia hartuko dabe, espezializazinoa bertan eskainiko da eta. Halanda be, karrera batzuk bere horretan segiduko dabe, Medikuntzea berbarako.
Bost bat urte falta dira Deklarazinoa indarrean jarteko eta, oraindino, sistemea zehaztu bako proiektua baino ez da. Halanda be, daborduko erabagi batzuk hartuta dagoz, besteak beste, filologiak desagertzea ekarriko dauen erabagia. Euskal Filologia bete-betean atrapau dau Deklarazinoak eta egoerearen azalpenak jasoteko, nor hobeto karrerearen sortzailea baino.
1.- Lehenengo eta behin, osasunez zelan zabiz?
Nik uste nebana baino hobeto. Hiru operazinoren ostean, oso ongo geratu nazala esan deuste, inongo minbizirik edo, behintzat, handitsu edo tumorerik barik.
Garrantzitsuena lan egiteko gauza nazala da. Goizetik gaueraino lanean nabil, aurten liburu bi argitaratuko ditut eta. Bata Lauaxetaren inguruan eta bestea baserrietan bildutako ipuinak. Baina momentu honetan nire lanik handiena Esapideen Hiztegia da.
Niretzat, lan egitea gauzarik ederrena da eta horretarako osasuna ezinbestekoa da.
2.- Deustuko Unibersidadean Euskal Filologia sortu zenduan 1978an. Ordutik hona arlo akademikoan izandako ze aldaketa nabarmenduko zeunke?
Nahiko handia. Euskal Filologia burruka egin ostean sortu neban. Deustuko Unibersidadeak lan bikaina egiten dau nire ustez baina, euskera arloan, ez. Hemengo giroa ez da euskerearen aldekoa. Friburg-etik etorri nintzanean ikusi neban Alemaniar Filologia, Hispaniar Filologia, Frantses Filologia... egozala eta pentsau neban: ‘hau ez da benetan justizia’. Euskal Herrian gagoz eta Euskal Filologiarik ez egotea ez dago ondo. Orduan, jaramonik egiten ez eustiela ikusita, artikulu bat idatzi eta bertoko egunkari danetara bialdu neban, esanez: ‘datorren ikasturtean Euskal Filologia izango da’. Orduan, erretoreak deitu eustan ‘eres un chantajista’ esanez. Azkenean, behintzat, hasi zan. Handik urte bira Gasteizen imini eben.
Mesede ikaragarria egin dau Euskal Filologiak. Lehenago, euskeraz ekienak dana ekiela uste eben. Baina Filologia karrerea egin dabenen preparazinoa askozaz be hobea da. Filologoek seriotasuna emon deutse euskereari.
3.- Bolognako Deklarazinoa 1999an onartu eben eta, 2010erako, daborduko martxan izango da. Orain arte ezagutzen izan dogun Euskal Filologia karrerea desagertu egingo da. Horrenbeste lan egin ostean lortutakoa erro-errotik kentzen dabela ikustean, zer sentiduten dozu?
Nik ez dakit erro-errotik kenduko ete daben. Gure arazo nagusia globalizazinoa da. Europak Amerikaren mailan jarri gura dau. Orain dala 40 urtetik, udak New Yorken pasetan dodaz eta mundu ha ezagutzen dot. Amerika oso ondo garatuta dago eta amerikarrek gogor egiten dabe lan. Unibersidadea be maila horretan jarri gura dau Europak. Mundua txiki bihurtu da eta Europak ez dau atzean geratu gura.
Baina kontuan hartu behar da Bolognatik ataratako ondorioa: estadu bakotxak edo eskualde bakotxak eskubidea izango dau heziketea eta irakaskuntzea bere modura antolatzeko. Zer pasetan da, orduan? ‘Guk gure kontura’ esaten dauena isolatuta, bakarrik geratzen dala. Hor dago kontua.
Nik, Euskal Filologiaren kasuan, ez dot ezelako arazorik ikusten. Guk Euskal Filologia Euskal Herrirako behar dogu, guk ez dogu konpetentziarik egin behar. Informatikea ikasten dauenak konpetentzia itzela dauka eta hareen mailan egon behar dau, baina guk ez. Nik uste dot Euskal Filologia nahiko autonomoa izan daitekela.
4.- Hezkuntza sistemea bateratu egingo da. Aldaketeari zeozer positiboa ikusten deutsazu?
Espainia oso atzeratuta dago hizkuntzen arloan, Herbehereakaz, Danimarkagaz edo Alemaniagaz konparauta. Bolognako Deklarazinoak hizkuntzen arloan Europako martxea hartzen behartuko gaitu eta horrek aurrerapausua ekarriko dau, behartu egingo gaitualako. Horregaitik, alde horretatik behintzat, ez dot uste kalterako izango danik. Niretzako kaltea Euskal Filologia desagertuko balitz etorriko litzateke. Baina uste dot erabagia ez dala horrenbesteraino. Berez, filologia guztiak bateratzeko asmoa daukie eta hor egongo litzateke geurea.
Nik Euskal Filologia sortu nebanean, Hispaniar Filologia erakusten eben irakasle asko haserratu egin ziran. Geure etxean, geure Filologia sortu gendualako sekulakoak entzun behar izan nebazan. Lotsagarria. Baina, gerora, Hispaniar Filologiak behera egin eban eta kendu egin da, ikaslerik ez dagoalako. Han irakasten eben irakasle askok ahaleginak egin dabez Euskal Filologian sartzeko, diru kontuak dirala medio. Horregaitik, ez jake ardura karrereagaz ‘txokolatea’ egitea. Ni horretan zorrotza naz: euskal arloa jorratzeko karrerea da Euskal Filologia.
5.- Datozan bost urteotan, hemendik eta Deklarazinoa indarrean sartu bitartean, ze bidetik joko dozue?
Bere horretan segidu eta, gero, ikusteko dago Europako erabagiak zelan hartzen diran. Euskal Herriko Unibersidadeko erretoreak esan eban lehengo egunean eurek be Euskal Filologia defendiduko dabela. Gai horretan danok bat egin behar dogu eta hori pozgarria da.
6.- Gero, ze leku izango dabe euskal gaiek goi-mailako hezkuntzan?
Hori oraindino ez dakigu, ez dabe erabagi. Lehenengo erabagiak urrian etorriko dirala dinoe. Horren arabera jokatu beharko dogu.
7.- Lizentziaturak eta diplomaturak albo batera itxita, ikasleek gero eta gehiago joten dabe lanbide heziketara. Hor ete dago euskerea indartzeko giltzetariko bat?
Deustuko Unibersidadeak itzelezko beherakadea izan dau ikasle kopuruan. Hemen, jente gehien batzen dauen karrerea abogadutzea izan da beti. Gogoan euki Deustuko Unibersidadeak ez daukala estaduaren edo gobernuaren laguntzinorik. Matrikuletatik bizi da, mundu guztiko unibersidade pribadu guztiak legez. Arrazoi bat baino gehiago dagoz unibersidadearen beherakadea azaltzeko: gero eta ume gitxiago jaioten dira eta, ondorioz, gero eta ikasle gitxiago dagoz; konpetentzia gero eta handiagoa da; ikasleek gero eta garbiago ikusten dabe ofizioek etorkizun seguruagoa eskaintzen dabela.
Orain dala urte batzuk, guraso guztiek gura eben euren semea edo alabea unibersidadera joatea. Nik, Ameriketan, ofizioak eukan garrantzia ikusten neban. Gaur egun, hemen be joera hori indartzen doa eta hor dago euskerearen geroa. Gizarteko arlo guztietan sartu behar dogu, unibersidadea baztertu barik.
8.- Karrera teknikoen aurrean, Humanitateen adarra gainbeheran dagoala esango zeunke?
Dudarik barik. Teknikoak aurretik doaz, mundu guztian. Ekonomia eta teknika dira munduan nagusi. Filosofo handia izanda be, praktikan, horregaz ez dozu jaten. Globalizazinoak konpetentzia esan gura dau eta horretan teknikeak, produkzinoak irabazten dau. Danak dabiz erotuta onenen artean onena izateko. Konpetentzia bildurgarria da eta mundua Humanitatezko karreretan oinarrituta egon beharrean, karrera teknikoetan oinarrituta dago.
Halanda be, kontuan hartu behar da personea persona legez formetan daben karrerak Humanitate adarrekoak dirala. Baina jaten emon, ez!
9.- Oraintsu Jaurlaritzeak egindako ikerketa baten arabera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzea D ereduan amaitzen daben ikasleen artean % 68 baino ez da gai euskeraz moldatzeko. Non dago hutsunea?
Hutsunea dago, bai. Zergaitik? Hor, D ereduan dagozan ikastetxeetako ikasleak nongoak diran jakitea garrantzitsua da. Azpeitian, berbarako, giroa erabat euskalduna da eta umeek euskeraz egiten dabe. Bilbon, barriz, umeek gelatan euskeraz egiten dabe, egiten dabenean behintzat, baina jolas-orduetan eta ikastetxetik kanpo, ez. Ganera, etxera heltzen diranean gurasoek ez dakie euskeraz berbetan. Bildurgarrizko diglosia dago. Ikasi, ikasten dabe, baina ez dabe egiten.
Euskal Herriaren arazorik larriena euskeraz ez dala egiten da. Jakin, bai, baina egin, ez. D ereduan egonda, ulertu ulertzen dabe, baina ez dabe berba egiten.
Ni Frankoren garai gogorrenetan jaiotakoa naz, 34an, eta erderaz egitera behartzen euskun irakasleak. Persona bategaz gaztelaniaz egiteko ohiturea hartzen badozu, gatxa da hori kentzea. Horretarako, kontzientzia behar da. D ereduko ikastetxeetan euskerea oso ondo erakusten da baina kontzientzia emon behar jake ikasleei. Kontzientziarik barik ez dabe euskeraz berba egingo eta errazenera joko dabe.
Giroak be garrantzi handia dauka. Giroa erdalduna bada, gatxa da. Horregaitik kontzientzia euki behar da. Hemen, unibersidadean, danak dakie Gotzon Garategaz euskeraz egin behar dala berba. Ganera, ondo jakin ez arren, ni poztu egiten naz, ahalegindu behintzat egiten diralako.
10.- Esapideen ganeko lanean bete-betean sartuta zabiz, osasunak ixten deutsunean behintzat. Zelan doa kontua eta noizko ikusiko dau argia proiektuak?
Momentu honetan, behintzat, ondo nabil osasunez eta horretan nabil, bete-betean. Urte biko kontua izango dala uste dot. Materiala batuta daukat, hamasei urtetan zehar zazpi probintzietako baserrietan batutako informazinoa.
Euskerazko esaldi bakotxarentzat ze esaldi dagoan gaztelaniaz eta alderantzizkoa aztertzen nabil. Ez da itzulpena, ikerketa- eta bilaketa-lana baino.
Oso liburu erabilgarria izango dala uste dot, gazteek esapide ugari erabilten dabezalako. Liburu praktikoa izango da, mardula, ona. Jo eta ke nabil horretan eta urte bi barru, edo, kanpoan egongo dala uste dot.
Saioa Torre Gereketa