Barriketan  I. urtea // 14. zenbakia - 2002ko zemendiaren 15a

Bizkaie!, Bizkaierazko Aldizkari Elektronikoaren barrikuntzak

Berbatxat eta bizkaiera.net


Berbatxat, txateorako Bizkaie! Aldizkariak emoten deutsuen aukerea

Denporea konturatu barik joaku, eta hasikerako egonezina, nerbioak eta dudak badoaz desagertzen. Bizkaie! Aldizkariak be egin dau bere ibilbidetxua. Honezkero zortzi hilebete joan dira; pasa dan apirilean, aurkezpen ekitaldi ofizialagaz batera 0 zenbakia sareratu genduan eta orain, zemendiaren 15ean, 14. zenbakia irakurri zeinkie http://www.bizkaie.biz helbidean. Hasikeran aurreratu gendunez, asmoak geldiro-geldiro doaz beteten eta orain hilebete batzuk berbea emon geuntsuen bizkaieraz txateetako aukerea emongo genduana, bizkaieraz zein ganerako edozein euskalkitan edo batuan txateetako aukerea, ze alde horretatik ez dogu mugarik ezarri gura, Bizkaie! Bizkaierazko Aldizkari Elektronikoa izan arren. Tarte horretan ez gara geldi egon; gauzak ondo aztertzen ibili gara, eta jakin arren euskeraz txateetako ohitura edo jokera larregirik ez dagoana, 'Berbatxat' martxan ipintea pentsau dogu. Hori bai, orain arte, 'Botazinoak' ataleko iruzkinetan eta 'Irakurlearen Txokoan' irakurleen artean saltsea egon da momentu batzuetan eta, egia esan, gure irakurleen arteko komunikazinorako beste tresna bat baino ez da 'Berbatxat'. Aldizkariaren hasikerako orrian zein ganerakoetan, goiko aldean ikusiko dozuen 'Berbatxat' logoan klik egin, IRC applet programea instaletako baietza emon eta atoan hasiko zarie txateetan. Hemendik aurrera ikusiko dogu gure artean berbaldunik edo barbalapikorik dagoan ala ez.


http://www.bizkaiera.net

Beste alde batetik, http://www.bizkaiera.net webgunea be aurkeztu gura deutsuet. Sarean udatik dago ikusgai, baina zemendiaren 15etik aurrera Bizkaie! Aldizkaritik be zuzenean hara joateko modua izango dozue. Bizkaiera.net webgunean mendebaldeko euskerearen ganeko kontuak jasoko dozuez modu arin eta errazean: geografia, historia, literaturea, loturak, bibliografia eta bestelakoak. Bizkaiera.net webgunean ikusten diran edukiak ez dira behin betikoak izango, eta geldiro-geldiro atal barriak gehitzen eta orain dagozanak aberastuten joatea da asmoa.

Bizkaie! Aldizkaria zein bizkaiera.net webgunea Bizikai Alkarte Kulturalaren umeak dira. Bilbon egoitzea dauen irabazi asmorik bako alkartea da Bizikai eta bere helburu nagusiena euskerea, kasu honetan mendebaldeko euskerea sustatzea da.

Koldo Isusi Zuazo