Kulturea  IV. urtea // 116. zenbakia

Paris Bilbon eta surrealistak bizirik


XX. mendeko bigarren hamarkadearen amaieran, Lehen Mundu Gerrearen hondamendien ostean, margolari, argazkilari, zinema zuzendari, idazle eta aktibista asko Parisera joan eta iraultza bisual eta ideologikoa aurrera eroateko gai izan ziran.

Kronologiari begiratuta, mobimentuaren hasikerea 1919an dago, Philippe Soupault eta André Bretonek ‘idazketa automatikoaren’ oinarrian dagoan Les Champs magnétiques lana argitaratu ebenean. Mobimentua 1966an amaitu zan, Breton hil zan urtean. Baina surrealismoaren eragina muga horreetatik harago be joan zan, eta ‘surrealista’ terminoa bera gure ohiko hizkerearen parte izatera heldu da.

Erakusketea hemeretzi gunetan dago egiturauta. Hasikeran, protagonisten erretratuen galeria bat dago, gehienak Man Rayk ataratakoak. Gero, mobimentuaren aurrekariei eskainitako saila dator, eta, bertan, Goya, Piranesi, Moreau eta De Chiricoren lanak dagoz. Ostean, amesen inguruan zentrauta, Roberto Matta, Francis Picabia, Yves Tanguy, Víctor Brauner eta Dalíren lanak dagoz. Miró, Masson eta Unica Zürnen obrek kontzeptu surrealista batzuk erakusten ditue, esate baterako, automatismo edo ‘zori objektiboa’, hau da, tresna eta gertakari erabagigarrien arteko topaketea, itxuraz kasuala.

Bata bestearen atzetik etorriko jakuz Freuden eragina izandako artisten lanak (tartean Magritte), ‘Beldurgarri bikaina’ edo ‘Itxuragabea’ izeneko atalak, Brassaïren argazkiakaz, edo ‘Sorgina eta musa’ izeneko saila, emakume artisten rola erakutsi gura dauena. Emakume horreen artean topauko ditugu Meret Oppenheim, Dorothea Tanning, Remedios Varo, Maruja Mallo, Leonora Carrington, Toyen, Kay Sage, Valentine Hugo, Leonor Fini eta Hielen Agar margolariak, eta Dora Maar, Claude Cahun eta Lee Miller argazkilariak.

Hemeretzi espazioak osotu arte, ‘Eros surrealistea’ izeneko atalean Man Rayren Ingresen biolina (1924) lana topauko dogu, esate baterako. ‘Begirada eta mozorroa’, ‘Artea eta konpromiso politikoa’, ‘Natura surrealistea’ edo ‘Paris surrealistea’ atalak ikusi ahal izango ditugu horren ostean, Brassaï, Lee Miller edo Cartier-Bressonen irudiakaz. Eta, beharbada, teknikearen aldetik interesgarrienetakoa dan atala ‘Objektu enigmatikoa’ izenekoa izango da. Bertan, besteak beste, ‘hilotz dotorea’ teknikea ezagutuko dogu (modu kolektiboan egindako lanak dira: beste artista batek hasitako lana jarraitzen da, harek lortutako emoitzea ikusi barik), eta tresna mota guztiekiko pasino fetixistak be topauko ditugu (topautako tresnak, aldatutakoak edo beste kultura batzuetatik ekarritakoak). Azken atalean, barriz, metamorfosiaren gai erakargarria hartuta, Magritte, Tanguy, Joan Miró, Giacometti, Arp, Duchamp edo Dora Maarren lanak bildu dira.

Azkenik, surrealismoaren motibazinoen gaineko begirada kaleidoskopikoa osotzeko, dokumentu mordo garrantzitsu bat (liburuak, katalogoak, aldizkariak, liburuxkak, panfletoak, gonbidapenak, ikus-entzunezkoak...) ekarri dira Bilbora.

Duda barik, erakusketa interesgarria da uda osoan Bilbon ikusgai dagoan hau. Halanda ze, surrealismoa bertotik bertora ezagutzeko atxakia barik gagoz: Paris Bilbon dago, surrealismoa berton dago.

Julen Gabiria

Joan dan asteko astelehenetik hasi eta irailaren 18ra arte, Bilboko Arte Eder Museoan sano erakusketa interesgarria bisitau ahal izango dogu, artearen historiako faserik garrantzitsuenetako bat ulertzen lagunduko deuskuna. Surrealismoa da fase hori, eta aitatzen gabilzan erakusketea, barriz, ‘Paris eta Surrealistak’, Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentroagaz batera produziduta. Ez gara egiatik urrun ibiliko esaten badogu erakusketa hau funtsezkoa dala surrealismoaren mobimentua ulertzeko.

Erakusketea hirurehun eta berrogeita hamar pieza baino gehiagok osotzen dabe, tartean margoak, eskulturak, argazkiak, topautako objektuak, collageak, antxinako artea, arte herrikoi eta naifa, idatzitako dokumentuak, soinu dokumentuak, pelikulak eta abar dagozala. Lantzen diran gaiak, barriz, surrealismoaren ohikoak: automatismoa, amesa eta inkontzientea, izugarrikeria, zoria, zoramena edo teknika artistiko barriak, besteak beste.

Erakusketako komisario eta arte kritikari ospetsua dan Victoria Combalíak aukeratutako artisten artean (ia ehun, guztira) honeek dagoz: Yves Tanguy, Francis Picabia, Man Ray, Victor Brauner, Roland Penrose, Giorgio de Chirico, Jean Arp, Óscar Domínguez, Alberto Giacometti, René Magritte, Dorothea Tanning, Remedios Varo, Lee Miller, Meret Oppenheim, Salvador Dalí, Marcel Duchamp, Max Ernst, Dora Maar eta Joan Miró, esate baterako eta zerrendea asko laburtuta.