Mendebala’05: Kantauriko herrien kultura eta musiken bategitea
Bizkaie!
Gero eta gitxiago falta da Kantauriko herrien kultura eta musika zaleentzako urteroko hitzordua Bizkaiko Sopuertan herrian. Garagarrileko lehen astegoienean, 1ean eta 2an, Mendebala jaialdiaren barruan, Galiziako Mercedes Peon eta Berroguetto, Asturiasko Skanda eta Felpeyu, Kantabriako Cahornega eta Euskal Herriko Karidadeko Benta, Dronadar eta Ghatusain taldeak izango doguz.
Aurtengo Mendebalari gaita doinuakaz ekingo jako, Oviedoko Xiranda taldearen kalejireagaz, hain zuzen be. Igazko Mendebala jaialdiko maketa lehiaketea irabazi eban taldeak joko dau lehenengo: Bilboko Dronadar taldeak. Ondoren, Asturiaseko Felpeyu eta Kantabriako Cahornegaren txandea izango da. Hiru talde horreekaz batera, aurtengo Euskal Herriko Folk maketen II. Lehiaketea irabazi dauen Bidasoaldeko Ghatusain taldeak be kontzertua emongo dau.
Mendebala jaialdiaren bigarren egunean, doinu herrikoiak eta bertsoak buztartzen dituan Karidadeko Benta taldearen kantuak entzuteko aukerea egongo da. Ondoren, Mercedes Peon galiziarrak bere azken diskoa ‘Arjú’ izenekoa aurkeztuko dau. Galiziarrakaz jarraituz, Berroguetto taldeak bertako doinu tradizional erabarrituak ekarriko deuskuz eta, azken buruan, Asturiaseko Skanda taldeak gaua alaitzen jarraituko dau soul, jazz, reggae, ska, rock eta funk doinuak maisutasunez buztartuz.
Barikuko eta zapatuko kontzertuak gaueko 22:00etan hasiko dira Sopuertan, Santa Anako zelaietan eta sarrerea dobanekoa izango da.
Kontuak kontu, musikea ez eze, bestelako ekitaldiak be izango dira Sopuertan, besteak beste, artisautza azokea, umeentzako magia saioa eta dantza erakustaldiak. Akanpatzeko lekua be egongo da.