Euskerea berbagai  IV. urtea // 115. zenbakia

“Tren azpiko gonak” akabo!


Xabier Paia

Orain aspaldi idatzitako artikulu batean barre egiten neutsen euskerazko “kondaira uritarrei”. Neska zerrendak, autobusak bihar eta berandu.... eulitu da? Berdin bai... eta holako erabilera sinistezinak parajetu nebazan. Gaur be bide beretik nator, baina barre egitera baino, irribarre egitera, joan dan astean Euskaltzaindiak iragarri ebalako aitatutako kondaira edo zurrumurru batzuk ezerezteko amesa daukala.

Izan be, FEVEk eta Euskaltzaindiak hitzarmen bat sinatu dabe tren-geltokien izenak eta euskerazko testu guztiak era egokian iminteko. Hitzarmenak urtebeteko iraupena izango dau. Ferrocarriles de Vía Estrecha eta Euskaltzaindiak lehendabiziko lankidetza-hitzarmena sinatu eben 2005eko bagilaren 15ean, lehengo astean, Erret akademiaren egoitzan. Hitzarmen horrek, hizkuntzearen normalizazinoa izango dau helburu nagusi. Horren bidez, tren-geltokien izenak edota trenbideko euskerazko testu guztiak, besteak beste, era egokian iminteko laguntzinoa emongo deutso Euskaltzaindiak FEVEri.

Orain arteko egoereari erreparau ezkero, egia da euskereak bizibarritzearen trenera igo behar ebala, gaur egungo geltokietan gauza ikaragarri ugari ikusi eta entzuten diralako ondino be. Izenburuan datorren hori ez da asmautakoa, Euskal Herriko trenbide eta geltokietan izandako errealidadea baino.

FEVEren izenean, Dimas Sañudo buruak sinatu dau eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak egin dau. Jose Luis Lizundia Euskaltzaindiako diruzaina eta Onomastika batzordeko kidea be bertan izan zan sinatze egunean eta berak azaldu ebazan hitzarmenaren ezaugarri danak.

Bi erakundeen arteko lankidetza jarduerearen abiapuntuak honeek dira:
FEVEk hizkuntzearen normalizazino plana abiarazotea erabagi dau, eta hori gauzatzeko Euskaltzaindiaren laguntza eta aholkularitza izatea gura dau. Bestalde, Euskaltzaindiak zerbitzu hori emotea onartu dau.

Hala bada, bi erakundeok alkarlanean ibiliko dira, euskerearen presentzia normalizatze aldera. Honeek izango dira hitzarmenaren helburu nagusiak:

1.- Tren-geltokien izenei buruzko laguntza teknikoa emotea, baita trenbideko seinalizazinoan dagozan beste leku-izenei buruzkoa be.
2.- Euskerazko testuak era egokian iminteko hizkuntzazko laguntzinoa emotea, txartel, ohar, jakinarazpen eta holakoetan.
3.- Hasikeran hizkuntza normalizazinoaren ezinbesteko beharrizanei erantzungo jaken arren, etenik bako zerbitzua eskainiko da.

Hitzarmena koordinetako, FEVEk eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea eratuko dabe eta bakotxak bi ordezkari izango dauz. Hitzarmenak urtebeteko iraupena izango dau, baina urtero luzatu ahal izango da. Espero daigun, horretan be, hitzarmenak luzapena eukitea, Euskal Herriko eta Euskal Autonomi Erkidegoko trenen etorkizuna horren agiriko kontua danean, Euskaltzaindiak be aztertu beharko dauelako taiuz ze puntura arte eragiten daben inguruko hizkuntzek euskerearen erabilerearen alde. Bestela esanda, berak be zeresanik izango dau Y grekoak euskereari ekarri leikionaz.