Eretxia  IV. urtea // 115. zenbakia

Ondorengo egunetako barrien zain


Iñaki Atxutegi

Galiziako hauteskundeetako botoen zenbaketea amaituta dagoanean, ez dago oraindino argi nork irabazi dauen. Behin behineko datuek oposizinoari emoten deutse garaipena, baina erbestean bizi diran galiziarren botoak falta dira oraindino.

Zentsuaren % 12 bizi da Galiziatik kanpo. Beraz, Argentinan, Uruguain, Suitzan eta Alemanian bizi diran galiziarrek erabagiko dabe kontua. Eta hemen lan handia egin dabe popularrek Xuntatik. Manuel Fragak konfidantza handia agertu eban eta egia da boto horreek erabagiorrak izan leitekezala. Ez litzake bape harrigarria izango hemetik egun batzuetara Fragak gehiengo osoa barriro lortu dauela jakitea.

Kontuak kontu, onartu egin behar da Alderdi Popularra uste baino sendoago ibili dala Breoganen lurraldeetan. Kanpainean zehar argitarau diran inkestak eta hauteskunde egunean bertan agertutakoak baino hobeto urten dira popularrak. Nork daki, kanpainan zehar egindako mobimentuek, atzerriko galiziarrak hegazkinez ekartea eta holakoak, azkenean garaipenea emoten deutsen.

Deigarria izan da BNGk izandako emoitza eskasa. Barrruan arazo larriak izan dabez Galiziako abertzaleek. Koalizinoa da BNG eta ez dira behar bezain sendo agertu kanpainan zehar. Alkarri mokoka eta jentaurrean ikusi doguz. Ganera, Beiras buruzagi historikoagaz izandako tirabirek min haundia egin deutse hauteskundeetan.

Beste alde batetik, ikusi beharko da Galizako emoitzek zerikusirik ba ete daukien Euskadiko kontuetan. ETA erakundeak argitaratutako komunikatuan espainiar hautetsien frontea bertan behera itxi dauela adierazo eban joan dan Zapatuan. Gauzak holan dirala, Alderdien Legea ebiteteari beste keinu bategaz erantzun deutsola ETAk emoten dau. Keinu hau ez dala nahikoa esaten da kazetarien aurrean. Halanda be, holako keinuek erakusten dabe “zeozer” bide onetik doala. Galiziako hauteskundeetan lehen baino hobeto urten dan alderdi bakarra Alderdi Sozialistea izan da. Xunta eskuratzen badabe, libreago sentiduko litzatekez bestelako “keinuak” egiteko. Ez dago oraindino bape argi, baina Euskadin badagoz sozialista ez diran asko emoitza ona lortu dagien errezetan. Erantzuna, ondorengo egunetan.