Resurreccion Maria Azkue (Lekeitio, 1864 - Bilbo, 1951)
R.M. Azkue: herri-euskerearen sustatzailea, teologian doktorea, kazetaria, hiztegigilea...
R. M. Azkueren txatalak:
- Bein da betiko nobelatik, 'Basa-txoritxu' abestia:
'Basa-txoritxu mustur luzeak 
ez igan zerura billa, 
aingerutxurik bear ezkero 
orra or nire mutilla. 
Bere musua edurra da ta 
sua biotza ta ezpanak: 
berton urturik biziko dira 
nire bularra ta zanak. 
Ai! Nok leukezan urrezko orratza, 
urre-miesa ta aria, 
urrez asi eta amaituteko 
ume onentzat jantzia. 
Larrosatxuak bost orri daukaz, 
krabeliñeak amabi; 
gure umea gura dabenak 
eskatu beren amari. 
Neure leioko inzirrituak 
illun-abarran begiak, 
ene umea lo datzanarte 
lo egin bei eguzkiak. 
Argi goiztarra betor gurera, 
betoz izartxu gautarrak; 
ezpeiz lotsatu or ikusiaz 
buruak illun ta zaarrak. 
Begi bik ikuskizun bat dauke, 
belarri biak sentzun bat, 
usain bakarra sur-zulo biak, 
zeru-lurrak bat Jaubetzat. 
Batu beiz orain beti-betiko 
nire biotza ta irea, 
aingerutxurik bear ezkero 
orra or nire mutilla'. 
1909. urtean RIEVen (III, 158 orr.) argitaratu eutsen izenbururik bako ondoko olerkia:
'Hispalis zarra, Toledo, Burgos, 
Escorial ta Granada: 
Espaiñiaren ots ta agomena 
betikotu bear bada, 
motel ditugu orren izenak, 
dantzugun beste dunbada. 
Milla lurzale tarraz bijoaz 
eitzak iruta ikustera. 
mendi zuztarrez jaunetxeturik 
ta odeiz estalirik berera 
dakuskigunok, denok daukate 
esku ilkorren tankera. 
Gizondasunak zuen biotza, 
begia gizamirarik 
ezin asetu bizi zeranok, 
beti geiagoren bearrik, 
Ebro-gaiñeko arritxo batek 
ase zaitzan, zatoz poz-pozik. 
Arrizko azaldun irudi orrek 
beratx biguin du biotza, 
Ama baten samurtasuna 
doe tantoka biñotsa: 
tanto orrez bizi da ilkorgaturik 
gure siñiste-bizitza. 
O eskerzale maite ta laztan, 
metarri-gaiñeko Ama: 
beste erri batek eskertsuago 
balu zure oiñaren Jauna, 
Loreto-mendin etxezai dagon 
aingeru batek berama'.
Koldo Isusi Zuazo
R.M. Azkueren ganean
Resurreccion Maria de Azkue, 1864ko abuztuaren 5ean Lekeition jaioa, Eusebio Mª de Azkue olerkariaren semea zan, Miguel Unamuno eta Sabino Arana Goiriren sasoikidea. Euskerearen arloan eta euskal kulturearen berbizkundean berebiziko garrantzia izan eban, eta bizkaieraz zein gipuzkeraz idatzitako lan ederrak itxi euskuzan.Goiko zerrenda hori amaitu barik laga dogu, baina apropos, bestela lerro asko beteko geunkezalako; halan da be, beste pare bat datu emongo doguz: Azkue, Euskaltzaindiako lehenengo presidentea izan zan eta Bizkaiko Foru Aldundiak eratutako Euskal Katedrearen lehenengo irakaslea.
1890-1936 bitartean garbizaletasuna izan zan nagusi eta garbizalekeria, barriz, Sabino Arana eta beronen jarraitzaileakaz lotzen da, aranatarren eskoleagaz hain zuzen. Azkue, ostera, herri-euskerearen sustatzailea izan zan. Urte horreetan garatu zan bizkaiera idatziaren ereduan, aitatzeko modukoa da Azkue gaztearen lanaren eragin handia: alde batetik, garbizaleek erabiliko eben hizkuntza ereduaren ardatz nagusiak sortu zituan eta, bestetik, garbizaleen ereduari aurre egiten eutson eredu herrikoiagoaren buru izan genduan.
Garbizaleek eratu eta erabili eben eredu idatziari, Mitxelenak hiperbizkaierea jarri eutson izena. Gaiaren harian, eredu honetan ganerako euskalkietatik gehien bereizten ziran aditz eta berbak aukeratzeko jokera nabarmena agertzen zan. Hiperbizkaierearen iturria Azkueren Euskal Izkindean ikusten da. Obra horretako euskerearen eredua ez zan hutsetik eregi eta Astarloaren 'Discursos Filosoficos sobre la lengua Vascongada' liburuko ideia eta proposamenen arabera egindakoa da.
Azkuek idatzitako lerroaldeak
'Erderaz orainarteko izkiralariak legez izkinde hau izkiratu baneu arazu ta buruauste gitxiago emon izango eustan nire asmoak, eznintzan itz barririk sortuteko premina latzean egongo, liburu bi baten ipini bearrik bere ezneuan izango, eta ganera nire lantxo onek eukiko dauzan arerio askok abegi obea egingo eusten' (Izkindea).
'(...) Elizgizonak izango dira paper onetan iratsi edo eskribiduko daben geienak, R.M. Azkuetar artezkari dala (...). Erderazko gauzarik ezta ezer agertuko, guztia izango da euskeraz egina. Onetarako alik garbien da errezen agertuko dira euskerazko berbaak. Bentanea, sillea, pareta, Confesinoia, primerako billetea, ferrocarrileko estazinoia, habitazinoiak, fondak, jardinak eta euron antzeko berba guztiak oraindixek pilotuten asiko dira; ta iru urte barru, lenago ezpada, euron ordezko berba garbi ederrak zabaldu daizanean, su emongo iako erderakada-pilo orreri' (Euskaltzale, 1897ko urtarrilak 3).
R.M. Azkueren ibilbidea
- Kazetaritzan, euskerazko hutsezko aldizkari biren sorreran parte hartu eban: Euskaltzale (1897-1899) eta Ibaizabal (1902-1903). Horrezaz ganera, 1888ko El Vasco egunkariaren Apis literatur gehigarrian eta 1889ko La Abeja. Revista mensual cientifico literaria aldizkarian idazten eban.
- Euskal Izkindea.
- Diccionario vasco-español-frances (1905-1906).
- Bein da betiko.
- Urkiolako igarlea.
- Kristobal andia.
- Eremutarra.
- Batxi guzur.
- Ardi galdua.
- Latsibi.
- Euskalerriaren Yakintza.
- Euskal Herriko kanten bilduma.
- Urlo eta Ortzuri operak.
- Colonia Inglesa eta Pasa de Chimbos zarzuelak gaztelaniaz eta Vizcaytik Bizkaira, Eguzkia nora, Aitaren bildur eta Sasi-eskola zarzuelak euskeraz.
- Pianorako sonata bat.
