Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketea: Iparra(k) galdu barik!
Xabier Paia
Joan dan zapatuan Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketearen XVII. Edizinoaren finala izan zan Euskal Herriko Ikastolen Kondeferazinoaren eskutik Altsasuko Burunda pilotalekuan. Estitxu Fernandez gai-emoileak goiz eta arrasti kantuan ibilitako gazte eta gaztetxoak gidatu ebazan. Epaile lanetan ostera, Eneko Bidegain, Iñaki Etxeleku, Joseba Santxo, Mikel Aizpurua, Ekaitz Elorriaga eta Jon Abril ibili ziran, eta idazkari ni neu.
Goizeko 11tan hasi zan txikienen saioa. Bertan, Aramaioko Xabi Igoa eta Mikel Serrato, Leikeitioko Xabier Iturraspe, Bermeoko Nagore Beitia, Elgoibarko Mikel Olaizola, Urretxuko Amaia Iturriotz, Lesakako Josu Sanjurjo eta Ioar Tainta, Donibane Garaziko Mattin eta Bixente Luku, Jatsuko Ximun Cazaubon eta Hazparneko Txomin Elosegi ibili ziran kantuan. Seiko bi taldetan egin eutsen aurre tokau jakezan lanei.
Gaia emonda agur bana kantau behar izan eben lehenik. Lehen seiei, egun danak bardinak ez dirala eta finaleko egunaren berezitasunari buruz galdetu eutsen gaijartzaileak. Bigarren seikoteak ostera, final eguna biharamunean lagunei zelan kontauko eutsen azaldu behar izan eban. Azkar eta egoki bete eben lana. Mattin Lukuk, berbarako, saioa bera baino aurkezlea Estitxu Fernandez izan zala kontauko eutsela esan eban. Ondoren, Estitxuk bakotxari launa oin emon eutsozan bertsoa osotzeko, eta ale politak entzun ahal izan genduzan ofizioen aurretik.
Zortziko txikiko ofizioetan, Nagore Beitia eta Ioar Taintaren lanaren ostean, Bixente Lukuk eta Mikel Olaizolak saio sano polita egin eben. Ordura arte gela berean lo eginiko anaia-arreben papelean kantau eben, gela banatara bialdu behar ebezala eta Mikel gustura eta Bixente triste egozala. Mikelek zurrungak aitatu ebazan eta “hobe egongo gara / gelak banatuta” amaitu eban lehena. Bixentek, “pijametan nintzalaik / hain itsusi al naiz?” erantzun eutson. Xabier Iturraspe eta Txomin Elosegi be egoki ibili ziran. Herriko jaietan gurasoek jarritako ordua iritsi eta Amaiak etxera joan gura eban; Ximunek, ostera, ez. Amaiak “Gure herrian dago / sekulako jaia / eta pasatu dugu / momentu alaia / baina etxeratzeko / heldu da garaia / orain egin gura nuke / loaldi lasaia” kantau eban. Ximunek “ea gaur biok gaiten / behingoan mozkortzen” luzatu eutson proposamena. Amaiak, “Jostatzen hartu duzu / orain Ximun lana / nik ez nuke hartu gura / mozkorraren zama / etxera joatea da / nik daukadan plana / kezkatzen hasi dira / aita eta ama” erantzun eutson egoki. Josu Sanjurjok eta Mattin Lukuk be sano lan polita egin eben. Bizikletan ebizela alkar jo ebenen kasuan ibili ziran, Josu lesionauta eta Mattin sanorik. (...) ta momentu luze bat / dut triste pasatu / zeren eta burua / ez dizut puskatu” esanez amaitu eban Mattinek saioa. Galbahearen aurreko azken saioa Mikel Serrato eta Xabi Igoa aramaioarrek osotu eben.
Mikel Olaizola, Bixente Luku, Txomin Elosegi, Xabier Iturraspe, Amaia Iturriotz eta Mattin Luku pasatu ziran bigarren zatira. Beharrezko batuketak egin ondoren, txapela Nafarroa Beherera joan zan, Mattin Lukuk bildu ebalako punturik gehien, eta Mikel Olaizola elgoibartarra geratu zan bigarren.
Arrastiko saioan, berriro be Estitxu Fernandez aurkezlearen aginduetara, Izar Mendiguren (Laudio), Hodei Lopez de Arkaute (Gopegi), Itxaso Paya (Getxo), Miren Amuriza (Berriz), Beñat eta Unai Gaztelumendi (Añorga), Julio Soto (Gorriti), Xabi Salbador (Barañain), Mizel Mateo (Bidarrai), Patxi Iriart(Hiriburu) eta Maddalen Arzallus (Hendaia) ibili ziran kantari.
Zortziko handian saio orekatuak entzun ziran. Ondoren, zortziko txikian Julio Soto, Unai Gaztelumendi eta Maddalen Arzallusek osotutako hirukoteagaz hasi ziran. Adin txikikoak zirala eta sarrera ukatu eutsen taberna batean: sano saio bizia egin eben. Julio erasoan hasi zan, debekua harritzekoa ez zala esanez, “bien artean metroik / ez dute osatzen” bota eutsen lagunei. Unaik “adin txikia degu / egarri haundia” esanez jarraitu eutson. Juliok kartera eskatu eutsen sarrerea pagetako atxakian, eta Unaik “nik kartera ekarri det / baina dirurik ez” erantzun eutson. Miren Amuriza eta Itxaso Paia izan ziran hurrengoak: Miren Basetxeko lehiakidea eta Itxaso bere ama izan ziran, alabearen portaereagaz lotsa-lotsa eginda egoan ama. Itxaso “zugatik aurpegia / jausi zait lurrera” aurpegiratuz hasi zan. Mirenek famatu izan gura eta bertsotan ezin baeban showgirl lez egin beharko ebala esanez justifikau eban bere burua. “(...) Miren, egin duzuna / egin dute gutxik / bertso txarrak kantatu / gainera bilutsik” bota eutson gero Itxasok.
Galbahearen momentua heldu zan, eta Miren Amuriza, Julio Soto, Unai Gaztelumendi, Maddalen Arzallus eta Beñat Gaztelumendi izan ziran kartzelako lanerako sailkatuak. Puntuari erantzun eta gai baten inguruan gehienez 5 puntuko bina bertso kantau behar ebezan. Txapeldun Maddalen Arzallus eta txapeldunorde Julio Soto. Txapel eta oroigarriez ganera, finalista guztientzat sari berezi bat be bazan ostera. Txikien zein handien mailako finalistek astebeteko ibilaldi baterako txartel bana jaso eben Ikastolen Konfederazinoaren eskutik.