Zinea  IV. urtea // 115. zenbakia

Batman bueltan barriro


Joseba Terreros

Barikuan estreinau zan Batman Begins, Christopher Nolan zuzendariaren film barria. Christian Bale da pelikulearen protagonista nagusia eta Katie Holmesek, Michael Cainek, Liam Neesonek eta Gary Oldmanek be Batman heroiaren abentura barrietan hartuko dabe parte.

Pelikula barri honi esker, ikus-entzuleok Batman personaiaren jatorria hobeto ezagutu ahal izango dogu eta, bide batez, Gotham-en Ongintzea jagoteko guraria zelan sortu jakon jakin.

Gurasoak hil ostean, Bruce Wayne (Christian Bale) munduan barrena ibiliko da, helburu zehatz bat lortzearren: bidebakokeriaren kontra egingo dau burrukan, persona behartsu nahiz ahulez aprobetxetan diranen kontra, hain zuzen be.

Gotham-era itzuli eta Batman personaiaren azalean agertuko da Bruce Wayne: mozorrotutako saguzarrak indarra eta adimena nahiz maila handiko teknologia erabiliko dauz uria mehatxatzen daben indar gaiztoei aurre egiteko.

Filma egiteko 120 miloe dolar gastau dabez eta guztiz pelikula ikusgarria agindu deuskue, efektu bereziez josia baina gidoi eta egitura aldetik ondo atondua; aste honetatik hasita eukiko dogu hori guztia egiaztatzeko aukerea.