Renoko Unibersidadeko euskal datu basea Sarean
Iratxe Ormatza
Laster danon esku egongo da Renoko Unibersidadeko Euskal Ikasketen Guneko 'Basque database', hau da, euskal datu basea. Mundu osoko ikertzaileek aukerea izango dabe euskal diasporearen ganeko materialen artxibora joteko.
Urte bi ibili dira beharrean Sarean prest egon daiten. Lan taldean Juan Arana, Molly Beisler, Urko Colomo, Lisa Foley, Gotzone Garai eta Michell Rachall egon dira, eta Kathryn Etxebarria eta Donnelyn Curtis izan dira lantaldearen koordinatzaileak.
Danetara, Euskal Datu Basean 30.000 artxibo inguru artxibo eta material dagoz. Euskal Herriagaz lotutakoak dira danak, eta 1994tik hona argitaratukoak. Datu basean hainbat argitalpenetako artikuluen aurkibidea dago, eta horreetariko batzuk PDF formatoan bajatu daitekez. Momentuz, dagoenaren %10 bajatu ahal izango da, baina urtez urte ehunekoa handitzea da egileen amesa. Datu basean artikuluak, liburuak, tesiak, bideoak, DVDak, grabautako musikea eta bestelakoak daukiez. Bilaketea euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez egin ahal izango da.