Euskaldunok munduan  IV. urtea // 115. zenbakia

Brasilgo Euskal Etxe bakarraren 46. urteurrena


Iratxe Ormatza

Sao Pauloko Eusko Alkartasuna Euskal Etxeak 46 urte bete dauz. Hori dala eta, bagilaren 5ean jaia egin eben bertan. Lagun ugari batu zan: Euskal Etxeko kideak eta lagunak, euskaldunak eta brasildarrak. Euskal Etxea dagoan lekua orain dala 46 urte erosi eben, euskaldun batzuen ekimenez eta oraindino bertan dirau.

Beste alde batetik, aitatzekoa da Eusko Alkartasuna Euskal Etxeko kide batek, Rodrigo Pandolf Janetek, hiru sari lortu ebazala Maiatzean Donostian egindako El sol Publizidade Jaialdi Iberoamerrikarrean. Rodrigo Pandolf Janetek interneterako publizidadea egin eban beharragaz irabazi ebazan sariak.

Euskaldunak Brasilgo historian

Euskal etxe bakarra da Brasilen Eusko Alkartasuna. Uruguaira, Txilera eta Argentinara baino euskaldun gitxiago joan izan dira Brasilera eta, beraz, Brasilen, herri horreekaz alderatuta, euskaldun gitxiago dago.

Edozelan be, XIX. mendean, emigrante ugari joan zan Brasilera, batez be Europatik eta Japoniatik, euskaldunak tartean, Brasileko gobernuaren ekimenaren ondorioz. Sao Paulora joan ziran gehienak, han kafe-soloetan behar egiteko. Esklabutzea legez kanpo imini eta behar egiteko persona gehiago behar eben. Emigranteak Sao Paulo eta hegoaldeko estaduetara joan ziran eta gaur egun be, bertan dagoz azal zuriko persona gehienak. Bitxikeria lez, Sao Paulon Japoniatik kanpo mundu osoan jatorri japoniarra dauen talderik handiena dago.

Halan da be, joandako euskaldunak ez ziran asko izan. Normalean Sao Paulora joaten ziran, itsasontziz Brasilera ailegau eta gero, eta bertan Emigrantearen Ostatuan egoten ziran, kafe haziendetako ugazabakaz kontratu bat sinatu arte. Rio de Janeirora be euskaldun gitxi batzuk joan ziran, eta horreetariko batzuk brasildarrakaz ezkondu ziran. Rio de Janeirora joan ziranen artean, Joaquim Luis Sanchez de Larragoiti izan zan bat: 'Sul America Companhia Nacional de Seguros de Vida' sortu eban eta gaur egun munduan zehar zabalduta dago.

XX. mendeko 20ko hamarkadan euskaldun gehiago joan zan, ekonomia gero eta indartsuagoa zan-eta. 36ko gerrearen ondorioz be, euskaldun gehiago joan ziran, nahiz eta gehienak Argentinara, Uruguaira, Mexikora eta Txilera joan. 50eko hamarkadan euskaldunen komunidadea sendotu egin zan eta Euskal Etxea sortu eben Sao Paulon. Bertan batu ziran euskaldun beharginak eta enpresaburuak. Enpresak be sortu ebezan: Kaiku, Aisola, Termotec, Urko, E.T.A, Mecanica Bilbao, etab.

1964an gobernu ezkertiarra indarrez agintetik kendu eben militarrek, AEBen laguntzaz. Hortik aurrera, bat aitatzearren, Emilio Garrastazu Medici euskaldunen jatorriko semea agintean egon zan 1969tik 1974ra bitartean.

Gaur egun, euskaldunak Brasilera be joaten dira biziten eta behar egiten, izan be, makina bat euskal empresa dago, Eusko Jaurlaritzako SPRIren lguntzinoagaz joandakoak, berbarako, CAF, Arteche, Irizar, Gamesa, Panda Software, MCC Mondragon, Ulma, Sidenor...