Oskar Espina Ruiz klarinete jole euskalduna Moskun
Iratxe Ormatza
Oraintsu Oskar Espina Ruizek Julian Menendez konpositore eta klarinete jole euskaldunaren lau pieza jo ebazan Pushkin museoko errezitaldian. Oskar Espina Ruiz orain dala hamabost bat urte New Yorkera joan zan biziten musikan sakontzeko asmoagaz, eta ordutik bertan bizi da.
Orain dala urtebete, Oskar Espinak Menendezek sortutako klarineterako lan bat grabau eban, Noriko Nagasawa piano jole japoniarragaz batera eta Moskun be alkarregaz egin eben kontzertua.
Edozelan be, joan-etorria ez da amaitu Moskun. Ondoren, San Petersburgoko Jauregien Nazinoarteko Jaialdian joko dau bagilaren 20an. Arriaga, Gaigne eta Sarasateren obrak eskainiko ditu. Beragaz batera St Petersburg State Academic Orchestra izango da. Joan dan urteko zemendiaren 26an, Oskar Espina San Petersburgon egon zan eta Julian Menendezen klarineterako eta orkestrarako 2. kontzertua lehengo aldiz jo eban. Arrakastea sekulakoa izan zan eta horrexegaitik deitu deutsie San Petersburgoko Jauregien Nazinoarteko Jaialdian parte hartzeko.
Oskar Espina klarinete jolea zazpi urtegaz txistua joten hasi zan, eta hamalau urtegaz klarineteagaz. New Yorken dagoanetik CD bi grabau dauz: 'Julian Menendez Rediscovered' eta 'Basque Heart'.
Julian Menendez birtuosoa
Julian Menendez bilbotarra 1895ean jaio zan. Musikeak Madrilera eroan eban, eta bertan klarinetea joteko eukan aparteko gaitasuna landu eban. Hainbat eta hainbat kontzertu pieza konposatu eban, klarineterako, orkestra sinfonikorako eta bandarako. Ahaleginak egin ebazan lanak argitaratzeko, baina ezinezkoa egin jakon. Pieza gehienak argitaratu eta jo barik hil zan Madrilen 1975ean. Frankismoak Menendezen lana isiltzen ahalegin handia egin eban. Gaur egun, baina, Menendezen lana Benny Goodman klarinete jole handiaren ondoan jarten dabe adituek.