Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 115. zenbakia

Gizateriaren zortzi desafio nagusiak


Zortzi helburu nagusien ganeko batzarra New Yorken

NBEk aurreikusten dau New Yorken irailaren 14an honen ganean berba egiteko eta eztabaidatzeko egingo dan gailurra erakunde honen 60 urteko historian egingo dan handiena izango dala, bertara 175 gobernuburu hurreratuko dira eta. Etorkizunerako ekimen giltzarria izango da; izan be, agintariek pobrezia gorriaren eta HIESAren kontrako burrukan nahiz heziketea eta genero bardintasuna bultzatzeko lanean emon beharreko pausuak eta jarraibideak zehaztu beharko dabez. Kofi Annan-en berbetan, ‘gaur egungo gizaldia da garapenerako eskubidea gizaki guztioi bermatzeko eta gizateriaren beharrizanak asetzeko beharrezko bitartekoak eta teknologiak daukazan lehenengoa’.

Ilunguneak nahiko handiak

Edozelan be, txostenean geriza edo ilungune gehiago ikusten dira argiak baino. Planetan muturreko pobrezia murrizten doan arren, behartsuak gero eta pobreagoak dira. Garapen bidean dagozan herrialdetako biztanleen % 21,3 egunean dolar bat baino gitxiagoko diru kopuruagaz bizi zan 2001ean; zenbateko hori, dana dala, % 27,9koa zan 1990ean. Asiako egoerea agiriko moduan hobetu da, baina Sahara azpiko Afrikakoa larriagotu; bertan biztanle guztien % 46,4 dolar bategaz bizi da eguneko. Hego eta Ertamerikan nahiz Kariben egorea hobetu egin da, baina ez behar dan baizen arin.

Positibotzat jo daiteken beste datu bat zera da: gose kronikoa murrizten doa; guztiagaz be, 800 miloe personaren jatekoa ez da nahikoa eta malnutrizinoak umeen lauren bati eragiten deutso garapen bidean dagozan herrialdeetan. HIESAren kontrako burrukan eta umeen nahiz amen osasunean izandako aurrerapenak urri-urriak dira. Eta aurrerapauso handiagoak eskatzen dira, edateko ura eskuratzeko edota oinarrizko osasun zerbitzuak opetsi ahal izateko.

Annan-ek honen ganean ataratako ondorioa sano argia da: ‘Aukera hau alperrik galtzen bada, salbetako moduko miloeka bizitza galduko dira; ganera, eskuratzeko moduko askatasun asko ukatuko dira eta ondorioz mundua arriskutsuagoa eta ezegonkorragoa izango da. Desafioa eskura daukaguzan bitartekoak imintea da’. NBEk azpimarratu gura izan dau mundua sekula ez dala segurua izango, garapena lortzen ez bada.

Begiluzea

Nazino Batuen Erakundeak planetearen egoerea aztertu dau munduko agintariek hartu behar leukiezan konpromisoen arabera.

Kopuruak ikaragarriak dira. 1.000 miloe persona inguru pobrezia gorrian bizi dira, 11 miloe ume urtean-urtean hilten dira aurrejagon daitekezan gaixotasunen ondorioz, miloe erdi emakume hilten dira erditukeran, ia 1.000 miloe persona txabolatan bizi dira, 115 miloe ume ez doaz eskolara, 10.000 animalia espezie desagertzeko arriskuan dagoz... Hauxe da, agintari politikoen konpromisoak gorabehera, Nazino Batuen txosten zehatz batek munduaren ganean emoten dauen irudia; txosten horretan 2000ko Milurteko Adierazpenean jasotako konpromisoen betete mailea aztertzen da datu jakingarrien bitartez.

Konpromiso horreek herrialde aberats nahiz pobreek, gizarte zibilek eta garapenaren alde behar egiten daben erakunde nagusiek onartutako zortzi helburu nagusitan gauzatzen dira. Eta helmuga bat, 2015. urtea, hatan be. Baina NBEren txostenak, planetearen egoerea sakon be sakon aztertzen dauenak, argi eta garbi ixten dau helburuok jadesteko ahalegin handiagoak egin behar dirala. ’Gaur egungo jokaerei eutsi ezkero, herrialderik pobreenek helburu horreek ez beteteko arriskua dago eta, hori jazoten bada, honako hau be aukera galdua izango da’, adierazo dau Kofi Annan NBEko idazkari nagusiak.