Jan-edanak  IV. urtea // 115. zenbakia

Berakatza


Egunero 800 miligramo berakatz jan ezkero (ale erdia), kolesterola % 9-12 artean bajatu daiteke. Dana dala, esan behar dogu propiedade guzti honeek berakatz gordinak emoten deuskuzala. Errekeran, egosikeran edo prijidukeran, ezaugarri on honeek galtzen ditu. Berakatz-orioak, berakatz-hautsak edo berakatz sikuak ez daukie propiedade medizinalik, gusto gozoa baino.

Euskal Herrian, berakatz nahiko hartzen dogu, baina gehienetan egosita edo prijiduta. Era asko dagoz berakatza gordinik jateko. Hona hemen batzuk:

- Txikituta, entsaladetan (normalean tomateagaz, patatakaz edo entsalada mistoan).
- Antxoakaz edo sardinakaz, orioagaz hartzen doguzanean.
- Gazpatxoari botata
- Saltsatan: ozpin-orioan, aliolian…

Aitatu dogu gusto eta usain gogor bereizgarria azufreagaitik dala. Azufreak hats txarra eragin leike berakatza jan ostean. Hau ebitetako, etxeko erremedio batzuk proposatzen deutsuedaz:

- Limoi ur atara barria edan.
- Klabo bat (espezia) osorik iruntzi.
- Perejila ahoan mamurtu.
- Eztia hartu.
- Baso bat esne edo ardao edan.

Gogoratu, egunero berakatz gordina jateak on egingo deusku, batez be hesteetako parasitorian, infekzinoei aurre egiteko, hipertentsinoan eta gaixotasun kardiobaskularretan.

Amaia Laforga,
Dietetika eta gizaki elikaduran diplomaduna

Barazkien artean, gehien erabilten doguna berakatza da. Izen zientifikoa Allium Sativum da. Historian zehar, kultura askotan sendagai moduan erabili izan dabe. Jatorri Asia erdialdean izanik eta txinatarrek erabili izan daben arren, egiptoarrek propiedade izugarriak emon eutsezan berakatzari: morroien bizigarri lez erabilten eben piramideak eregiteko energia hartu egien, momifikazino prozesuan erabilten zan eta diru legez be erabili izan zan.

Grezia eta Erroma klasikoan be erabilten zan: Pliniok, Virgiliok, Hipocratesek... berakatzaren inguruan idatzi eben, sendagarri moduan: kalenturea bajatuteko, tisia osatzeko... Afrodisiako moduan be erabilten ei eben.

Mahomak be baeukan berakatzaren inguruko teoria propioa: ziztadearen ganean jarrita, mina eta azkurea lasaitzen ditu.

Erdi Aroan, sorginak, banpiroak eta arima txarrak urruntzeko erremedio erabiliena zan. Erabilgarritasun hau oso ezaguna da gure artean, oraindino erabilten baitogu askotan.

Berakatzak ez deusku ez kaloriarik, ez proteinarik, ez karbohidratorik, ez gantzik emoten. Baina bitaminak eta gatzak emoten deuskuz. Gure dietan, osogai naturala eta gozoa da. Ganera, osasunerako ona bada, aprobetxau egin behar dogu natureak eskaintzen deuskuna. Bitaminen artean A-bitaminea, B1 eta B2 bitaminak eta C-bitaminea topauko doguz; kantidade txikiagoetan, azido folikoa, azido pantotenikoa eta niazina. Gatzen artean, Manganesoa, Potasioa eta Fosforoa daukaz, batez be. Burdina eta iodoa be topau geinkez. Alilo disulfuroa eta alilo trisulfuroa be badaukaz, usain txarraren errudunak eta propiedade osasuntsuak daukiezanak:

- Odolaren kolesterola gitxitzen dau.
- Kolesterolaz ganera, beste gantz batzuk be gitxitzen ditu.
- Arterien presinoa gitxitzen dau, infartoa izateko aukerea gitxituz.
- Laborategiko ikerketatan, minbizia eukiteko aukerak gitxitzeko gai dala ikusi da.
- Antibitikoa da.
- Bermifugoa da: hesteetako parasitoak eta harrak botaten lagutzen dau.
- Eztula eta bronkitisa osatzeko ona da.
- Desinfektante legez erabil daiteke zauriak garbitzeko.
- Gaur egungo ikerketak beste bide batzutatik doaz: antza, berakatzak burmuinaren serotoninaren kantidadea gehitzen dau, estresaren eta depresinoaren kontra egin ahal izateko.