Barriketan  IV. urtea // 115. zenbakia

Kirmen Uribe: 'Zintzotasuna izan da ikus-entzuleen erantzun onaren giltza'

Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Mikel Valverde, Bingen Mendizabal eta Rafa Rueda buru belarri sartu dira beste saltsa batzuetan baina pozik poesia gizarteratzeko 'Zaharregia, txikiegia agian' egitasmoagaz ondo egindako lanak ixten dauen sentsazinoagaz. Urte bi egin dabez gurean eta munduan, euskerearen eta Euskal Herriaren txikitasunetik 'Munduari begiratzeko' modua eskainiz eta orain agur esan deuskuen arren, disko-liburua hortxe geratuko da betirako.

Hona hemen, Berlingo VI. Poesia Jaialdian parte hartzeko, Loiun abioia hartu aurreko orduetan Kirmen Uribek kontau euskuzanak:

1.- ‘Zaharregia, txikiegia agian’ poesia, musikea eta arte plastikoen buztarketea pare bat urtetan arrakasta handiagaz eskaini dozue Euskal Herrian eta munduan. Zelan bururatu jatzun kontu hau?

Egia esan kontua atara zan nahikoa modu naturalean. New Yorken hainbat irakurketa egiteko deitu ninduen eta nik lagunok gonbidatu nebazan poesiaz ganera musikeagaz be horniduteko irakurketok. Gauzak holan dirala, bidaiatzera animatu ziran lagunak: Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal, Rafa Rueda musikariak eta Mikel Valverde marrazkilaria. Talde horrek gero atara eban “Zaharregia, txikiegia agian” liburu-CDa.

Izenburua garai jakin batean sortutako poema batean oinarritzen da, “Munduari begiratzeko” deritzona. Euskareak orain hiru urte momentu latzak bizi izan ebazan sasoi haretan. Emoten eban kultura oso bat zala susmagarri. Orduan nire euskalduntasunari buruz galderak egiten hasi nintzan eta hortik sortu zan poemea. Leloan esaten da gure hizkuntza ez ete dan zaharregia eta txikiegia garai honeetarako eta bestetik ez dala onena ez dala ederrena, akaso, baina munduari begiratzeko modu bat eskaintzen deuskula hizkuntzeak berak.

Aurrekoan, Arantza Ozaeta irakasleak esan eustan benetan barrizalea dala poemea. Euskereari buruz ez dala inoiz idatzi gizabanakoa kontuan hartuta, taldea baino. Ez dago gutasunetik idatzia nitasunetik baino.

2.- Bilboko Kafe Antzokian oraintsu eskaini zenduen azken emonaldia. Pozik zagoze azken urteotan egindako lanagaz?

Benetan pozik. Hasieratik genduan asmo bat: poesia entzungarri egitea, eta gustagarri. Beraz, CDko poemak entzuteko sortuak dira irakurteko baino. Nahi genduan jenteak poema bat entzutea behin eta barriro kanta bat izango balitz lez eta azkenean lortu dogula pentsetan dot.

Eta bestetik harrerea dago. Oso harrera ona izan dau bai hemen bai kanpoan. Bilbon, New Yorken edo Munichen jentea emozionetan zala ikusteak hunkitu egin gaitu. Konfidantzea emoten dau eta lanean jarraitzeko gogoa.

3.- Zein izan da ikus-entzuleen erantzun onaren giltza?

Zintzotasuna beharbada.

4.- Zein izan da taldekide bakotxaren ekarpena?

Bakotxa mundu desbardin batetik datorrela. Hortxe dago Mikel, kantagintzatik datorrena. Eta Bingen folk mundutik. Eta Rafa Rueda Rock mundutik. Bakotxak bere kolorea emoten deutso egitasmoari. Eta gero Mikel Valverderen lana dago, horren fina. Batzen gaituana soiltasuna da. Gauzak aharik eta soilen egiteko asmoa, apaindura gitxigaz, ahalik eta garbien.

5.- Poesia suspertzeko balio izan dau proiektuak?

Ez dakit gehiegitxo esatea ez dan hori. Gurea egitasmo jakin bat da. Asmoa be zehatza zan, poesia liburuetatik atara eta kalera eroatea, komunikazinoa sortzea idazle eta irakurlearen artean. Poemak be holakoxeak dira, hurreko erreferenteakaz egindakoak. Esangura horretan, irakurleak ausart izan behar dau eta bere irakurketak egin poemei.

6.- Arkaitz Basterra zinegilea dokumental bat grabetan dago taldeari buruz. Aurrerantzean (‘Zaharregia...’) eredu edo jarraibide izan daitekela pentsetan dozu’?

Guk “Ez dok amairu” eta beranduago Atxagak eta Ruperrek egindako bideari emon deutsagu jarraipena geure garaiko zeozer eginaz. Ederra litzateke bateren batek arrastoa jarraitzea...

7.- ‘Zaharregia, txikiegia agian’ izen bereko liburu-diska mundu mailako 2004ko hamar poesia audiorik onenen artean aukeratu eben Bob Holman eta Margery Snyder idazle eta kritikari amerikarrek. Norberaren egoa puztuteko ez da gehiago behar...

Horrek konfidantzea emoten deutsu eta zeure buruari esaten deutsazu merezi dauela kanpora joateak, beti dagoala norbait entzuteko prest nahiz eta hizkuntza txiki batean idatzi. Gauza handia da hori niretzat. Egoarena, tira, albo batera itxiko dogu, nahiago dot lanari buruz berba egin...

8. Zuk idatzitako poesiak ingelesera itzultzeko proiektua be martxan dago. Poemok benetako esentzia galduko ete dabe?

Beti galtzen da zeozer. Philip Larkin poeta inglesak esaten eban berak “Window” idazten ebanean, “Window” idatzi gura ebala eta ez “Fenétre” edo “Ventana”. Berbek alde batetik badaukie euren esanahia baina beste alde batetik musikea, eta musikeak garrantzi handia dauka poesian. Dana dala, badaki hori Elizabeth Macklin itzultzaileak eta trebea da musika hori inglesean jarten. Txukun geratuko dala uste dot.

9.- New York uri berezia da taldearentzat. Askotan eskaini izan dozuez han emonaldiak eta bateren bat bideoz be grabau zenduen. Bertako publikoa berezia dala esango zeunke ala ikus-entzule euskaldunakaz zerikusi asko dauka?

Badaukie alkarregaz zerikusirik. New Yorkeko eta Euskal Herriko entzuleak kuriosoak dira, zabalik dagoz, aurreretxirik barik. Horixe da batzen dituana.

10.- Hasikeratik poesian bete-betean sartuta egonda, orain nobelarako saltoa emongo dozula iragarri eta horretan zabiz aspaldian. Zeozer aurreratu zeinke? Batetik besterako bidean ze zailtasun topau dozu?

Beti esan dot poesia eta fikzinoa oso modu diferentean idazten dirala. Poesiak zerikusia dauka hondartzara heltzen dan olatuaren erritmo eta musikeagaz. Fikzinoaren musikea, barriz, ibai baten musikea da, eta baita mobimentua be, itsasorantz doa beti.

Benetan gogotsu nago itsas giroan oinarrituko dan lan barriari ekiteko. Agindu neiken bakarra da ausarta izaten ahaleginduko nazala.


Kirmen Uriberen lehen nobelea irakurri ahal izateko denporatxua pasauko da baina Rafa Ruedaren musikea 'Lauaxeta Herri Antzerkija', Esteban Urkiaga Lauaxetaren bizitzeari buruzko antzezlanean entzuteko aukerea egon zan hilaren 17ko estreinaldian eta aurrerantzean be egongo da horretarako aukerea (26an, Bilboko Arriaga Antzokian). Horrezaz ganera, Mungiako musikaria bakarkako bigarren diskoa preparetan dago.

Mikel Urdangarin zornotzarra, barriz, irailean argitaratuko dan 'Dana' diskoa grabetan hasita dago.

Bingen Mendizabal buru belarri dabil zinerako konposizinoakaz ('Fragil' eta 'Reinas') eta datozen hilebeteetan Mikel Urdangarinen diskoan bibolina jo behar dau.

Azkenik, Mikel Valverde marrazkilaria oso lanpetuta dabil Nazinoarteko SM saria irabazi ostean eta albuma urrirako atara gura dau. Ganera, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokarako Kirmen Uribegaz batera zeozer atarateko amesa dauka.

Bizkaie!