Fruteagaz preparautako produktuak
Kontuak kontu, gai honegaz amaitzeko ondoko hau gogoratuko dogu: azukera gehiago daben jakiak noizean behin eta neurriz jatea ondo dago (bakotxak bere neurria topetea da kontua), baina larregia be ez da inoiz ona izaten. Bestalde, azukeratan aberatsak diran jakiak oso onak dira modu arin eta errazean absorbiduten edo hartzen dan energia behar daben kirolarientzat.
Larraitz Artetxe,
Dietetika eta Nutrizinoan diplomatua,
ELAN VITAL Medikuntza Zentrukoa.
Zukuak
Zukuak aberatsak dira frutearen mantenugaietan, hau da, ura, azukera, bitamina eta mineraletan. Baina frutearen zuntza galdu egiten dabe, mamina edo pulpea bera be zukura botetan dogunean izan ezik.
Zukuak hainbat modutan saltzen dira, eta etiketan zer ipinten dauen ondo leidutea da onena:
a) 'Fruta zuku freskoak': prozesu desbardinen bitartez frutetatik lortutako zukuak dira, eta honeek ezin dira beste likido baten disolbidu (ur apur baten bakarrik) ezta hartziturik egon.
b) 'Zuku naturalak': honeen kontserbazinoa ziurtatzen dauen tratamentu fisikoa (pasteurizazinoa esaterako) pasau daben zuku freskoak dira. Kasu honetan hartzituarazoteko aukerea be badago.
d) 'Zuku kontserbatuak': baimendutako aditiboen zerrenda positiboetan dagoan kontserbatzaileren bat gehitu deutsien zuku fresko edo naturalak dira.
e) 'Zuku kontzentratuak': jatorrizko uraren gitxienez % 50 kendu deutseen zuku fresko edo naturalak dira. Ura gehitzen deutsenean, jatorrizko zukuaren ezaugarri berberak berreskuratzen ditue.
f) 'Zuku azukeratuak': orain arte aitatutako edozein zukuri baimendutako edozein substantzia gozotzaile gehitzen jakonean. Persona diabetikoek be hartu leikiezan zukuei, esaterako, fruktosea, sakarinea edo beste gozotzaile sintetiko batzuk gehitzen deutseez. Edozein modutara be, diabetikoen kasuan, zukuaren beraren azukera kopurua be kontuan hartu behar da.
Hori guztia aintzat hartuta, honako ondorioa atara geinke: zukua zenbat eta kontzentrazino maila handiagokoa izan, orduan eta azukera gehiago izango dabe. Beste alde batetik, gehitutako azukera kopurua aldakorra izan daiteke zukuaren arabera; izan be, marka diferenteek kopuru eta gozotzaile desbardinak erabilten ditue.
Zuntzik ba al dago erositako zukuetan?
Zukua preparaukeran frutearen mamina erabili badabe, bai. Ganera, gaur egunean badagoz zukuari berari prozesu industrialean bota ahal jakozan zuntz disolbagarriak be.
Eta bitaminarik?
Txiki-txikitatik eskolan ikasten dogu zuku bat preparau ostean, edan aurretik zenbat eta denpora gehiago pasau, orduan eta bitamina gehiago galduko dauena. Orduan, zer pasetan da hilebeteetan gordeta dagozan zukuakaz?
Antioxidatzaileek eta beste kontserbatzaile batzuek bitaminak mantentzen laguntzen dabe eta, beste alde batetik, gaur egun elikagai asko (eta zukuak horreen artean) aberastu egiten dira, hau da, prozesu industrialen bidez bitaminak (edo mineralak edo beste edozein mantenugai) gehitu egiten jakez; esate baterako, C bitaminetan aberastutako zukuak, burdinean aberastutako zerealak, zuntzean aberastutako esnea eta holakoak ugari topau geinkez dendetan.
Fruta-konpotak
Konpota egiteko frutea zuritu (gehienetan), txikitu, eta egosita preparetan da. Batzuetan, beti be bakotxaren gustuaren arabera, azukerea botetan jako. Egosteko prozesuan zenbat eta ur gehiago galdu, orduan eta kontzentratuago egongo da konpota, eta horrenbestez, karbohidrato gehiago (eta kaloria gehiago) eukiko dau. Diabetikoen kasuan, garrantzitsua da kasu honetan azukerea kontzentratuago egongo dala kontuan hartzea.
Gogoratu, beroaren eraginez, uretan disolbagarriak diran bitaminak galdu egiten dirala, eta horregaitik konpotek C bitamina eta B bitaminak galdu egingo dituela neurri handi baten.
Zuritutako frutea
Konpota edo frutea almibarrean edo marmelada moduan jaten dogunean, hartzen ete dogu ba zuntzik? Bai horixe. Fruten azalean zuntza dago, eta frutea zuritzen dogunean, zuntzaren parte bat kendu egiten dogu, baina fruteak okelean edo maminean be badauka zuntza, batez be zuntz hidrosolublea, pektina izenez ezagutzen doguna. Pektina horren berezitasunetariko bat da gure hesteetan glukosea absorbiduten dogun abiadurea apur bat geldituarazoten laguntzen deuskula, eta horregaitik, oso interesgarria da.
Zelan preparetan dira frutak almibarrean?
Frutak zuritu eta osorik edo zatituta dagozanean, azukereagaz preparautako jarabe bat botaten jako. Azukereak elikagaiak konserbetan laguntzen dau, elikagaien 'ur aktibidadea' deitzen dana murrizten laguntzen dauelako (gatzak be antzeko efektua dauka).
Almibarreko frutearen kasuan, hartzen dogu azukererik almibarra ur barik jan ezkero?
Bai. Lehenengo eta behin, frutearen beraren azukerea daukagu eta honezaz ganera, ur azukeratuan gordeta dagoan artean, fruteak berak azukerea absorbidu egiten dau. Almibarra edaten ez badogu azukera gitxiago hartuko dogu, baina halan da be fruteak 'tratamentu' barik dagoanean baino azukera gehiago eukiko dau.
Marmeladak
Honeetan frutea bahetu edo eralgi eta % 45 edo % 60an azukereagaz nahastau ostean egosi egiten da. Kasu batzuetan sakarosea barik fruktosea edo kaloriarik bako gozotzaileak gehitzen jakez, baina fruta kontzentratuaren azukerea ez dabe galtzen.