Jan-edanak  IV. urtea // 115. zenbakia

Ardao produzinoaren gorakadea Britainia Handian


Mahasti barri asko Ingalaterrako hego ekialdean dagoz. Nekazariek euren lurrei etekina atarateko aukera parebakoa ikusi dabe ardaoan.

Ardaogintzan aditu batzuek The Daily Telegraph aldizkarian argitaratutakoaren arabera, ardao produkzinoa bikoiztu egingo da datozan urteotan. Gaur egun, daborduko 330 mahasti dagoz 810 hektareatan, hainbat lekutan: Kent-en, Hampshire-n, Essex-en eta Sussex-en, berbarako.

Erromatarek bere garaian mahastiak Britainiar ugarteetara eroan baebezan be, Bigarren Mundu Gerrearen ostean hasi zan ardaoaganako zaletasuna. Merkadu mailara 70eko hamarkadan heldu zan.

Itsasoko klimeak neguko izozteak ebitetan laguntzen dau baina hainbeste euri egiteak sortzen dauen hezetasunak gaixotasunak eragiten ditu: gorrina eta mildiu-a, besteak beste.

Bertako produzinoa, ia osorik, ardao zuria da. Ingalaterrako hegoaldean, batez be Sussex eta Kent konderrietan, ondo hazten dira bariedade horreek, bai Chardonnay, Pinot Noir eta Pinot Meunier be. Bariedade honeekaz egindako goi mailako kalidadeko ardaoa zuri apartsua da arrakastarik gehien daukan ardao muetea.

Hasikeran pentsetan zan alemaniako landareak moldatuko zirala hobeto bertako klimara, baina gero jakin zan hori ez zala holan. Azken urteotan, produktore askok bariedade barriak erabili dabez ardao apartsu hau egiteko. Frantzian txanpaina egiteko erabilten diran mahasti eta teknikak oso onak dirala autortu dabe. Izan be, Ingalaterrako hego-ekialdeko lurra Frantziako Champagne lurraldekoa lakoa ei da, Richard Selley geologoaren esanetan. Bestalde, aitatzekoa da Sussex eskualdea Champagne eskualdetik 140 kilometrora baino ez dagoala eta bertako tenperaturea gradu bat bajuagoa baino ez dala.

Imanol Sarasola,
enologoa

Ingalaterran, ardaoa ez da gehien kontsumiduten dan edaria. Han, garagardaoa da jaun eta jaube. Halanda be, beste lurralde ardaogile batzukaz konparauta, kontsumoa gorantz doa.

Pasa dan udagoienean argitaratutako ikerketa batean agertu zan Britainia Handian ardaoaren kontsumoa gorantz doala, garagardoaren kalterako. 1998an, personako 14 litro kontsumiduten ziran eta, igaz, 16,6 litro. Halanda be, Frantziako kontsumotik urrun dagoz, berau munduan ardao gehien edaten dan herrialdea baita (2003an, personako 48,5 litro kontsumidu ziran).

Gaur egun, Londresen ‘Foods and Wine’ muetako jatetxe ugari ikus daitekez. Bertan kontsumidutako ardao gehiena ez da han produzidutakoa, kanpotik ekarritakoa baino (Australiatik batez be). Halanda be, gero eta barruko produkzino eta landare hektarea gehiago dagoz.