Antxina-barri  IV. urtea // 115. zenbakia

Barriro etxean

Jesusen Bihotzaren Monumentuaren ganekoak


Monumentuaren aldeko ekintzak

Bilbo eta Bizkaia osoa egozan erabagiaren zain eta hau ezagutzera emon zanean, berehala hasi ziran erabagiaren aldekoen jaiak eta kontrakoen protesta eta ahaleginak. Esaterako, Magisteritza eta Merkataritza Eskolako eta Institutuko ikasleek grebea antolatu eben. Alde Zaharreko dendek ateak zarratu ebezan 12etatik arratsaldeko 3etara. EAJk mitina eta manifestazinoa be antolatu ebazan, nahiz eta gero bertan behera geratu Gobernadoreak holan aginduta.

Ekintza horreen guztien artean ikusmin eta ondorio gehien ekarri ebana 60 emakumek egindakoa izan zan. Honeek, monumentuaren aurrean belauniko jarri ziran otoitz egiteko baina eurekaz joian gizon talde batek istiluak sortu ebazala esanaz, goardiek emakumeen kontra egin eben, zauritutakoak eta emakumeen arteko gorrotoa sortuz. Monumentuagaz alkartasuna erakusteko ekintza nagusia zezeilaren 14an egindakoa izan zan; egun horretan, goizez Bilboko parrokia guztietan monumentuaren aldeko eleizkizunak egin ziran Jaungoikoari hartutako erabagiagatik parkamena eskatuz eta arratsaldez Begoñako Basilikan egin zan meza nagusia.

Bilboko agintariek Udalak hartutako erabagia aurrera eroateko asmoa ez ebela aldatu ikusita, monumentuaren alde egozanak epaitegian errekurtsoa ipintea pentsau eben. Epaitegi hau euren alde eta Bilboko agintarien kontra agertu zan eta monumentua mantendu behar zala erabagi eban; edozelan be, erabagi horren kontra Bilboko Udalak beste errekurtso bat aurkeztu eban; azkenean, 1936ko urtarrilean Epaitegi Gorena barriro be monumentua mantentzearen alde agertu zan.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria


Orain dala egun batzuk, beharrezko ‘arpegi garbitzea' egin eta gero, barriro jarri eben bere lekuan, Bilboko izen bereko plazan, Jesusen Bihotzaren monumentua. Ganera, harrizkoa zalakoan kendu eben monumentua, 'urre gorrizkoa' bueltau jaku. Hurrengo artikuluan monumentu horren ganeko kontu batzuk ezagutuko doguz eta batez be 1930eko hamarkadan monumentua bota eta desegiteko egin ziran ahaleginen barri emongo dogu.

Monumentuaren historia laburra

Monumentua bere lekuan ipinteko lehenengo pausua Isidoro Palaciosek emon eban, bilbotar honek 1921eko bagilaren 21ean eregiteko eskaria egin ebanean.

Ideiak arrakasta handia izan eban, batez be, Eleizearen inguruan egozan hainbat taldeen artean, eta 1922ko garagarrilaren 8an 'Junta de Apostolado de la Oracion' izeneko erakunde katolikoak, ideia beregan hartuz, monumentua jarteko lurra eskatu eutson Udalari. Era berean, fededunen artean monumentuaren gastuak pagetako diru batuketak hasi ziran. Holan ba proiektua egin eta Udalari luzatu jakon.

1922ko urriaren 20an, behin horretarako ardurea eukan batzorde teknikoaren aholkuak ikusi eta kontuan hartu ostean, Udalak monumentua eregiteko baimena emon eban, baina hori bai, zehaztazun eta agindu batzuk ezarriz. Gehienak teknikoak eta araudiaren gainekoak baziran be, danen artean hurrengo hau aitatzea merezi dauela uste dot: Bilboko Udaleko teknikariek emondako aholkuen artean modu berezian adierazoten zan monumentuan ezelako inskripzinorik ez imintea, eta inskripzino edo esaldiren bat imintekotan, 'Reinare en España' ez izatea agintzen eben. Monumentuaren ideia aurrera eroateko eta jentearen nahiari erantzuna emonaz, Udalak lurrak be emon ebazan orduko Belgika Plazan, gaur egun dagoan leku berean.

Beraz, baimena eta dirua lortuta eta lekua be erabagita egoala, monumentua egiteko ardurea Pedro Muguruza arkitektoari emon jakon. Azken protagonista honetan dudarik ez badago be, hain argi ez dagoana eskulturgilearen izena dogu, iturri batzuen arabera, Lorenzo Coullaut Valera zan baina beste batzuen arabera, barruz, Angel Calahorra.

Kontuak kontu, hilebeteak igaro eta monumentua 1927ko bagilaren 26an inaugurau eben.

Monumentua kentzeko ahaleginak

Monumentuak urteetan iraun eban Belgika Plazan, orduko Gran Via edo Kale Nagusiaren luzapenean. Baina Errepublika gobernu sistemea ezarri zanean, ezkerreko alderdiak nagusi zirala, alderdi honeek ordura arte erlijino katolikoak Gobernuaren aldetik izandako erraztasunakaz amaitu guran, Erlijino Erakundeen Legea onartzeko proposamena egin eben. Lege honegaz batera, orduan kaleetan eta hainbat leku publikotan ziran ikur edo monumentu erlijiosoakaz amaitzeko gogoa be erakutsi eben.

Bilboko Udalean ezkertiarrrak ziran alkate, orduan Ernesto Erkoreka, eta zinegotziek, Jesusen Bihotzaren monumentua kendu beharra egoala esan eta horretarako proposamena egin eben. Matraka ikaragarria sortu eban asmo honek Bilboko, Bizkaiko eta Euskal Herri osoko kaleetan.

Erabagia hartzeko asmoagaz, 1933ko zezeilaren 8an arratsaldeko seiretarako aurreikusi zan Bilboko Udaletxean Udal Batzarra. Batzar gelea jentez ganezka egoan, antza danez, oposizinoaren kritikeari jaramon eginaz, Udal Gela Nagusira sartu ziran gehienak poliziak eta langile ezkertiarrak ziran.

Eztabaidea bero-beroa izan zan eta botazinoan monumentua kentzearen aldekoak nagusitu ziran, sozialistak, errepublikarrak eta muturreko sozialistak eurten botuak batu eta 24 boto zenbatuz. Beste aldean, hau da monumentuaren aldekoen artean, EAJko kideak eta monarkikoak batu ziran, danetara 21 boto. Erdibidean geratu ziran EAEko abertzale ezkertiarrak, arazoa Bilboko Udaletxean eztabaidatu beharrean Madrilen eztabaidatu behar zala esanaz.