Euskaldunok munduan  IV. urtea // 115. zenbakia

Josu Feijook eta Jon Goikoetxeak McKinley mendiaren tontorra zapaldu dabe


Bizkaie!

Josu Feijoo eta Jon Goikoetxea euskal mendizaleek bete dabe amesa: McKinleyren tontorra zapaltzea. McKinley Ipar Amerikako tontorrik altuena da (6.194 metro) eta kontinente bakotxeko mendirik altuenak eskaletea helburu dauen "Zazpi Gailurrak-The Seven Summits" egitasmoko bigarren helburua.

Euskal espedizinoko kideek bakotxak bere aldetik egin dau tontorrerako bidea Josu Feijoo gasteiztarrak izandako izozte-arazoak dirala eta. Gauzak holan dirala, Jon Goikoetxea bagilaren 6an heldu zan tontorrera, aurreikusitako epeak bost egunetan aurreratuz; Feijook, barriz, zazpi egun itxaron behar izan ditu arazo posibleak ebitetako.

Feijoo abentura honi ekin deutson eta diabetesa dauen lehenengo euskal alpinistea da, eta beste espedizino bategaz joian Manu Oudertegaz batera lortu dau gailurra. Biak bagilaren 13an heldu ziran tontorrera.

Kanpin-basera heldu ondoren, alpinistek azaldu eben eguraldi txarrak eragin ebala Feijoo zain gelditzea, batez beste 30 gradu izan baitira zero azpitik. 'Oso deshidratauta eta hauts eginda heldu gara, baina egoera ezin hobean eta izozterik barik. McKinley ezer erregaletan ez dauen mendia da, baina gailurrera heltzea atsegina da', ziurtatu dabe.

Aurreikuspenen arabera, Feijoo eta Goikoetxea bagilaren 19an heldu ziran Loiuko Aireportura. "Zazpi Gailurrak-The Seven Summits" egitasmoaren hurrengo helburua Vinson Massif izango da (4.897 metro). Mendate hau Antartidan dago eta zemendiaren 29an joango dira bertarantz.

Orain arte mundu osoko 27 lagunek baino ez dabe lortu zazpi gailurretara heltzea: McKinley (6.194 metro), Vinson Massif (4.897), Aconcagua (6.962), ELbrus (5.642), Carstensz (4.884), Kilimanjaro (5.895) eta Everest (8.850).