Ia 400 ikasle matrikulau dira daborduko EHUren Bilboko Udako Ikastaroetan
Bizkaie!
Ia 400 ikasle matrikulau dira daborduko Arte eta Kulturako VI. Topaketetan, Euskal Herriko Unibersidadeak (EHU) Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz Bilbon antolatzen dituan Udako Ikastaroetan.
Hamasei ikastarok osotzen dabe aurtengo eskaintzea, arte eta museoen arloa jorratzen dauena. Ikastaroak bagilaren 27tik garagarrilaren 22ra bitartean egingo dira EHU-BBK etxean, Guggenheim Bilbao Museoan, Euskalduna Jauregian, Bilborocken, Astiunen (Mungia) eta Social Antzokian (Basauri).
EHUko iturriek jakinarazo dabenez, eskainitako 16 ikastaroetatik, bostek matrikula epea zarratu dabe eta izena emon dabenen artean aukeraketa prozesua egin behar izan da: arte eszenikoen teknikarientzako hiru ikastaroak (Aplikazino elektroakustikoak zuzeneko ikuskizunetan, Egiturak eta materialen erresistentzia (Rigging II) eta Ikuskizunetako argi instalazinoei aplikatutako elektroteknia'); Dantza garaikideko ikastaroa, Sommer Ulrickson koreografo estatubatuarrak zuzendua; eta Kantu ikastaroa, Ana Luisa Chova Rodríguez 2004ko Gaurko Opera sariduna irakasle dauena.
Momentuz eskaera gehien jaso dabezan ikastaroen artean, museoen arloari buruzko biak dagoz. Alde batetik, 'Arteguneetako hezitzailea, kultura garaikidean bitartekari' izenburuko mintegia dago. Ikastaroa Guggenheim museoan egingo da. Arte hezitzailearentzat ez dago oraindino titulazino zehatzik. Mintegian arlo honetako adituek parte hartuko dabe, besteak beste, Carmen Möorsch, Kunstkoop Taldekoa, Toby Jackson, Londresko Tate Gallery-ko Hezkuntza arduraduna edo Kim Katanaki, Solomon R. Guggenheim Museum-ko Hezkuntza zuzendaria. Bestetik, 'Museoak: ekonomia, gizartea eta garapena' dago. Honek museoetan izandako aldaketak aztertuko ditu.
Musikea eta dantza
Aurtengo topaketetan, musikEaren atalean, piano, biolin eta klarinete ikastaroak BE egongo dira, ikasle espezilizatuei zuzenduak. Tailer honeek Euskalduna Jauregian egingo dira eta irakasleak ondokoak izango dira: Almudena Cano Madrilgo Musika Erret Kontserbatorioko Piano katedraduna, Keiko Wataya japoniar biolinistea eta José Luis Estellés egungo klarinete jole esanguratsuenetako bat.
Dantzeari dagokionean, dantza garaikideko ikastaroaz ganera, ikasleek dantza klasikoan sakontzeko aukerea izango dabe Igor Yebra dantzariaren eskutik. Ikastaro biak Euskalduna Jauregian izango dira eta horreetan parte hartzeko eskatzen dan mailea ertain-altua da.
Arte eta Kulturako VI. Topaketen eskaintzea ondokoek osotzen dabe: Mungian izango dan Lauaxetaren omenezko jardunaldia bere jaiotzearen mendeurrenean, eta aurtengo barrikuntza lez 'Hirien gestino estrategikoa' eta 'Konpromiso barriak txikizkako merkataritzan' izenburuko mintegiak aitatu behar dira, bai eta 'Hedabideetako hizkera' eta 'Jarduera fisikoa eta osasuna: teoriatik praktikara'.
Ikastaro honeetarako matrikula epea oraindino zabalik dago eta parte hartu gura dabenek Arte eta Kultura VI. Topaketen Ikasleen Idazkaritzan egin leikie matrikulea EHU-BBK Etxean edo bestela 94 601 78 60/52 telefonoetara deituta, 9:30etatik 13:30etara.