Musikea  IV. urtea // 115. zenbakia

John Scofield eta Richard Galliano XXIX. Getxoko Europar Jazzaldian


Getxoko XXIX. Jazzaldiaren Talde Lehiaketa

Aurten, Alemaniako, Norvegiako, Frantziako eta Eslovakiako taldek lortu dabez norgehiagoka honen azken zatirako lau postuak. Lehiaketaren finala garagarrilaren 1etik 4ra izango da.

Aurtengo finalean sartu diran taldeak ondokoak dira: Felix Fromm Sextett (Alemania), Motif (Norvegia), Franke Wöste Trio (Frantzia) eta No Limit (Eslovakia). Danetara, 18 herritako 86 taldek parte hartu dabe lehiaketearen aurretiko aukeratze-prozesuan eta parte-hartze errekorra lortu da.

Kontzertuak

Urtero lez, jazzaldiak hiru kontzertu mueta izango ditu. Biotz Alai plazan Taldeen Lehiaketako emonaldiak eskainiko dira 21:30etan. Horreen ondoren, agertokian artista nagusiak eta eguneko talde garrantzitsuenak agertuko dira. Bestalde, "Tercer Milenio Ataleko" kontzertuak Getxo Antzokiko plazan izango dira (19:30etan).

Azkenik, Jam Sessions-ak be izango dira Algortako Piper´s Irish Pub-ean Biotz Alai Plazako emonaldiak amaitu ondoren.

Bizkaie!

Aurten, garagarrilaren 1etik 5era Bizkaiko udalerrira hurreratzen diran entzuleek John Scofield-en eta Richard Galliano-ren mailako artistakaz gozau ahal izango dabe. Maria Joao, Baldo Martínez "Proyecto Miño" eta Pirineos Jazz Orchestra lagun, emonaldi nagusienak izango dira. Horrezaz ganera, Taldeen Lehiaketako, "Tercer Milenio" ataleko eta Jam Sessions-etako kontzertuak be ezin ahaztu.

2005eko Getxoko Jazzaldiari Maria Joaok, emongo deutso hasierea, Europako musika munduko jazzaren ahotsik aitagarrienetako batek, hain zuzen. Kantari portugaldarrak zur eta lur ixten ditu entzuleak eta kritikariak musika apurtzaileari eta ausarteari esker. Bai bakarka, jazz, folk taldeakaz, bai orkestra sinfonikoakaz, Joaok aldakortasun handia erakusten dau eta horrek bere ahotsa musika mueta ugaritara egokitzea ahalbidetzen deutso. Ibilbide emonkorrean grabazinoak, lankidetzak eta emonaldiak egin ditu Joe Zawinul-en eta Dulce Pontes-en mailako artistakaz.

Hurrengo egunean, garagarrilaren 2an, John Scofielden txandea izango da. Egungo jazzaren gitarrista onenetako bat da eta estilo ugari joteko dauen gaitasunagaitik da ezaguna. Gitarreagaz izan ebazan eragin goiztiarren artean, Chuck Berry, Albert King eta B.B.King nabarmendu behar dira. Eragin horreen ondorioz, rock&roll, uriko blues-a eta rhythm and blues joten hasi zan. 1977an bere lehen taldea sortu eban eta 1982an Miles Davis tronpeta jolearen taldean sartu zan. Horren ondoren, bakarkako ibilbideari ekin eutson beste musikari batzuekaz lankidetzak egiteari itxi barik; esaterako: Eddie Harris, Pat Metheny, Joe Lovano, Idris Mamad eta Bill Frisell. Scofieldeen 30 album baino gehiagoz osotutako diskografia zabalean, argi ixten dau blues, soul, funk, jazz eta country soinuakaz dauen abilidadea.

Garagarrilaren 3an, jazzaldiaren erdian, 'Proyecto Miño' Baldo Martínez kontrabaxu jolea buru dauen taldea izango da izarra. Konposizinoak Portugaleko, Pontevedrako, Ourenseko edo Zamorako kantutegi herrikoietan oinarrituta dagoz.

Garagarrilaren 4an, Pirineos Jazz Orchestraren kontzertua izango da. Taldean Euskadiko, Nafarroako eta Akitaniako 19 musikarik parte hartzen dabe. Antzeko beste orkestren aldean, Pirineos orkestrak taldekideek egokitutako eta moldatutako euskal folklorean oinarritutako lanak eskaintzen ditu. Halan da be, ez dabez alde batera ixten jazzaren konposizino klasikoak eta big band-eko musikea.

Talde lehiaketako irabazlearen kontzertuaren ondoren, azken eguneko (garagarrilak 5) izarra Richard Galliano musikari ezaguna izango da. Mundu guztian ezaguna dan artistea eskusoinua tradizionalki ez jagokon musika eremuan sartzeko gai izan da. Cannesen (Frantzia) jaio zen 1950ean. Galliano berehala sartu zan musikearen munduan bere aitaren eskutik. Gaztaroan munduko eskusoinu lehiaketa garrantzitsu asko irabazi ebazab. Nizako kontserbatorioan bere musika prestakuntzea amaitu ondoren, Parisera joan zan. Bertan Charles Aznavour, Juliette Greco, Georges Moustaki edo Claude Nogaro lako artistakaz joten hasi zan. Gallianok erritmo barriak bilatzen jarraitzen dau baina Mediterraneoko sustraietatik abiatuta, Frantziako abestietara, tartean musika klasikoa eginaz.