Zentsurea Txinako weblog-etan
Bizkaie!
Microsoft enpresearen weblog zerbitzuak erabilten dabezan txinatarrek ezin izango dabez, besteak beste, berba honeek idatzi: ‘demokrazia’, ‘manifestazinoa’,
‘askatasuna’ eta ‘giza eskubideak’. Horretan ahalegintzen diranei honako mezua urtengo jake ordenadorean: ‘Ezin dira galazotako berbak idatzi’.
Google-k eta Yahoo!-k gobernu txinatarren eskariei aspaldi egin eutsen men eta MSNk be gauza bera egin behar izan dau.
Txinako gobernuak Internet bidez zabaltzen diran komunikabideak kontroletan ditu. Milaka ziberkafe zarratu eta webguneak erregistro ofizial batean batu ditu (bestela, jai dago). Ganera, Pekinek honako hau lortu dau: txinatar bersinoa daukien enpresa handien webguneak gobernuak eskatutakoaren arabera moldatzea.
Kontua da Pekinen edozein gai jo daitekela legez kanpokotzat. Horregaitik, nazinoarte mailako enpresa handiek gurago dabe Gobernuari kasu egin, saltsaren baten sartzea baino. Azken baten, autozentsurearen alde egiten dabe oihartzun handia euki leiken zentsurearen aurrean. Google eta Yahoo! dira horren lekuko eta euren jarrereak kritika ugari sortu ditu. Kazetarien alkarte askoren arabera, jokabide hori adierazpen askatasunaren kontrakoa da.
MSN Spaces, Microsoft-ek weblog-ak egiteko daukan webgunea dogu Pekineko gobernuaren zentsurearen azken adibide garbiena. Kontzeptu eta berba batzuk erabili be ezin dira egin weblog-etan, ‘Taiwanen independentzia’ eta ‘demokrazia’ berbea kasurako.