Bidaide  IV. urtea // 115. zenbakia

Uda negargarria


Bidean aurrera egin ahala gorputzean daukazun zapalketa-sentsazinoa itzela da. Aurreratxuago, erasoaren hurrengo egunetan ataratako argazkiak dagoz ikusgai. Gorpu baltzak, txikituta. Zauritutako emakume batek begiradea galduta dauka eta, ahal dauen moduan, umeari bularra emoten deutso. Umea be zaurituta dago. Neskatxu bat lurrean etxunda dagoan lagun bati begira dago, nonor laguntzinoa eskaintzen etorriko ete dan itxaroten. Zauritu batzuei, asko jaiobarriak, pasta zuria emoten deutse erreduren ganean. Erradiazinoaren inguruko azalpenak agertzen diran hormearen alboan, arpegi erdia galdu dauen gizon baten argazkia dago. Milaka lagunek lortu eben bizirautea baina gaixorik egon ziran, botaka, goragaleagaz, odol-jarioakaz, larruazalean erredurakaz... Hori guztia epe luzerako gaixotasunak, anemia eta leuzemia berbarako, kontuan hartu barik.

Gela horretan entzun daiteke Chiekok bizitakoa. Ahots gozoa dauka. Ume bati ipuin bat irakurten dagoala emoten dau egunek aurrera egin ahala hanketako okelea zelan usteltzen joakon ikusi ebala azaltzen dauen bitartean. Amak kutxilo bategaz kentzen eutson erretako azala, hazurrera heldu zan arte... Istorioak norberak aguantau eta entzun leiken punturaino segiduten dau. Urteeran, energia atomikoaren inguruko informazinoak turista sentiduarazoten deusku barriro, bildurraren museora bisitatxua egiten daben turistak.

B-29 gerra-hegazkinak bonba hilgarria bota eban leku berean dago museoa, hildakoen omenez eregitako estatua batzuk dagozan parkearen alboan. Baten batek, erasoa izan eta hurrengo 75 urteetan ez zala landaredirik izango iragarri eban. Hirurogei urte geroago, arbola erraldoiak dagoz eraikinaren inguruan.

Testua: Demelsa Gonzalez
Argazkiak: Zigor Aldama

Abuztuan, hezetasuna eta beroa dira nagusi Japonen. Burua ondo daukienek, orain 60 urteko egun haretan Nagasaki urian goizeko hamaiketan zeozer egiten egozala gogoratzen dabe. Handik minutu bira, bizitea lortu ebenak, hilzorian egozanak eta hildakoak itxi ebazan argi itsugarriak. Milaka lagunek biziraun eben; zaurituek aurpegia desitxurauta euken eta ura eskatzen eben (batzuk Urakami errekaraino heltzea lortu eben baina ura edan eta berehala hil ziran). Euren seme-alaba gaixoak ondo egozanen eskuetan itxi gura ebezan, eurak hil egingo zirala jakin baekielako; 75.000 bat lagun hil ziran eztandearen ondorioz.

Orduak pasau ostean jaubetu zan Chieko Watanabe jazotakoaren larritasunaz. Eztandeak sortutako energiak hurakan itzela eragin eban eta Mitsubichiren arma-fabrikea erabat suntsituta geratu zan. Bertan egiten eban lan Watanabek. Hankak atrapauta geratu jakozan. Berak Nagasakin bizitako istorioa herrialdeko bigarren eta azken nuklear-bonba erasoa izan zala gogoratzen dauen museoan dago entzungai.

Sarreran, argi gitxi dago. Behin eta barriro ikusten dogun zuri-baltzeko irudiak Ura-Kami eskualdearen ganean sortutako onddo erradioaktibo harek eragindako kalteak ekarten deutsoz burura bisitariari. Imajinau daitekeen infernurik gordinena sortu eta Bigarren Mundu Gerrea amaitu zan. Pantailearen atzean ia formarik bako erloju bat dago. Orratzak geldi dagoz: 11.02. Okertutako hagaz eta txikitutako estatuaz betetako gela batetik pasau ostean, apurtutako erropak eta lan-tresnak dagoz ikusgai. Kristal baten ganean hazurrak dagoz, eztandearen unean 10.000 gradura egoan lekuan bertan izandako zoritxarreko nonoren hazurrak.