Jan-edanak  I. urtea // 14. zenbakia - 2002ko zemendiaren 15a

Oportoko ardaoak


Oporto muetak

Oporto guztiak Ruby lez jaioten dira, baina kupelean zahartu ondoren, bere kolorea galtzen dabe eta Tawny bihurtzen dira.

Ruby:

. Ruby: Pipan edo kupelean 3 urte pasau ondoren.

. Late Bottled Vintage edo LBV: uztako ardaoa eta 4-6 urtetan barrikan gordetakoa.

. Crusted: Oporto nahasketak eta merkatura atara baino lehen 4 urte botilan egondakoa.

. Single Quinta: uzta-urte eta finka batetik ataratako Oportoa; hau urte bitan euki behar da pipetan.

. Vintage: uztea oso ona danean baino ez da egiten. Ardao hau mahatsa batu eta urte bitara erabagiten dabe Jatorri Deiturako adituek Vintage izena emotea. Behin izena emon ondorik, ardao honeek botilan zahartzen dira.

Tawny:

. Tawny: Pipan 5 urte egon ondoren.

. Tawny zaharrak: 10, 20, 30 edo 40 urtekoak izan daitekez. Edade desbardineko Oportoen nahasketak dira. Etiketan jarten dauen urtea, nahastautako ardao guztien batez bestekoa izaten da.

. Colheita Tawniak: uztako ardaoak dira, eta gitxienez 7 urtetan euki behar dira pipetan.

Mikel Garaizabal,
Enologoa eta sommelierra.

Lehengo eta behin, argi itxi gura neuke, Oportoko ardaoak ez dirala Oporton egiten. Ardao mueta horreek izen hori hartzen dabe, herri horretako portutik ataraten dituelako kanpora eta ardaook merkaturatzearen lehenengo pausua hortxe emoten dabelako. Ardao mueta honeek egiteko mahastiak Portugaleko Ipar-ekialdean dagoz, Oportotik 100 kilometrora, eta Espainiako mugaraino ailegetan dira; mahastiok Douro ibaiaren ertz bietan lantzen ditue. Lurralde honen Ipar-ekialdean dagoan Marao mendikateak (1.500 m.) Ozeano Atlantikoko haize hotzak eta hezetasuna geldituarazoten ditu; kontuan izan behar dogu Marao mendikatearen beste aldean Portugaleko ardao berdeak egiten dituela, hango klimea nahikoa hezea eta aproposa dalako.

Ardaoa egiten dan lurraldea 3 azpigunetan banatzen da: 'Baixo Corgo' (Behe Douroa) 'Cima Corgo' (Goi Douroa) eta 'Douro Superior' (Gorengo Douroa). Mahats kalidade onena, 'Cima Corgon'-ekoa da.

Azpigune honeek Pomal markesak jarri zituan, eta berau izan zan gaur egungo Jatorri Deiturearen asmatzailea; 1757. urtean markau zituan lurrik onenak eta imitazinoen kontrako eta kalidade handieneko ardaoen parametro edo ezaugarriak finkatu. Mahastirik onenak klasifiketako orduan, gauza asko hartu behar dira kontuan: geografia eta klimea ez eze, lurraren konposizinoari be garrantzia emoten jako. Lur muetarik baloratuenak, arbel-lurrak dira, eta esaten dabe lehenengo ilargiaren argiagaz ontzen zirala; izan be, kalidade gitxiko lurretan dizdirea egon ezkero, lurrok ez ziran onartzen mahastiak landatzeko; baina lurra arbel-lurra bazan, ez zan ilargiaren argia islatzen, eta hori seinale onaren erreferentzia zan, arbel-lurrak ez dauelako ilargiaren argitasuna islatzen.

Hogei bat bariedade onartuta dagoz, baina onenak eta landatuenak, Touriga Nacional (ardao tanikoak eta ilunak emoten dituana), Touriga Francesa, Tinta Roriz (Tempranillo izenez ezagutzen doguna; honek ardao suabeagoa eta kolore gitxiagokoa emoten dau), Tinta Barroca eta Tinta Cao.

Lurzatiak klasifiketako orduan, ondoko araudia apliketan dabe:

Bost mailatan klasifiketan dira mahastiak A, B, C, D eta E letrakaz hain zuzen be. Ehunekoak edo portzentajeak kontuan hartzen dira, beti be ondoko aldaeren arabera: hektarea bakotxetik zenbat eta etekin gitxiago atara hoba (honek % 22ko garrantzia izango dau), mahastiaren altitudea (300 metro baino beherago hoba; honek % 20ko garrantzia izango dau), lurraren konposizinoa (% 14), kokalekua (%13); % 100era heltzeko falta dan puntuazinora heltzeko, mahastiaren edadea, bariedadea, lur zatiaren orientazinoa eta bestelako puntu batzuk baloratuko dira.

Gorago aitatutakoa gorabehera, % 20ko portzentajea lortu dauen mahastia A eta B mailan klasifiketan da; % 75ekoa lortu dauena C mailan eta % 5era ailegau dana, barriz, E mailan. Zenbat eta maila altuagoa, orduan eta hobea izango da ardaoa, eta jakina, karuago pagau beharko dogu.

Mahastien kokapenaz, esan geinke Douro haraneko maldak desnibel handikoak dirala eta, beraz, landatu baino lehen terrazak egin behar izaten dituela.

Behin mahatsa heldutasun puntura ailegetan danean, upeldegietara eroaten da eta 4º-5º gradura heldu arte fermentetan ixten da; graduazino horretara heltzen danean, 77º-ko ardao pattarrekin alkoholeztatzen da (ardaoari alkohola gehitzea, graduazinoa handitu edo hartzidurea gelditzeko), ardaoak, gitxi gorabehera, 20 gradu hartu arte.

Hortik aurrera, 3-4 hilebetera, Vila Nova de Gaia-ra eroango dira. Inguru horretan kategoria zehatzetan klasifikau, eta bertan zahartuko dira. Lehen kupelak erabilten baziran be, gaur egun zisternetan sartzen dira.