Bertsotan  IV. urtea // 114. zenbakia

Europan badaukie bertsoaren barri


Bat-bateko bertso baten itzulpena da. Emon beharreko itzulpena, joan dan astegoien honetan Londonen batutako kultur eta hezkuntza eragileek Euskal Herriko ordezkaritzearen azalpena ulertuko baeben. London Ekialdeko Unibersidadeko areto batean izan zan, Europa mailako kulturarteko proiektu baten jardunaldietan. Han izan ginan Xabier Paya eta biok, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen (EHBE) izenean.

Europako Batzordeak lagunduta eta Bartzelonan egoitza daukan INTERARTS fundazinoak antolatuta, "Gazteriaren partaidetza heziketa eta elkartruke kulturalaren bidez" (FORTE) proiektua garatzen ari da 2005ean. Proiektu orokor horretan Europako lau kultur alkarte batu gaitue, beste horrenbeste herrialdetakoak, gure ohiko jardun eremuetan oinarrituta proiektu bana garatu daigun. EHBEagaz batera, Londoneko Newham’s Sixth Form College (NewVIc) bigarren hezkuntzako institutua, Berlingo Wrangelnetz kultur alkartea eta Vilniuseko (Lituania) Babilonas Youth Center alkartea dira proiektuko partaideak. Zezeilean batu ginan lau ordezkaritzak lehenengoz Bartzelonan, INTERARTS fundazinoaren egoitzan. Orduan, proiektu orokorraren aurkezpenak egin eta alkarte bakotxarenak zehazteko konpromisoa hartu genduan. Oraingoan Londonen batu gara barriro, daborduko zehaztuta dagozan proiektuak alkar ezagutzera emoteko.

INTERARTSek hezkuntza eta kulturearen bideetatik gazteriaren partaidetza soziala bultzatzen daben esperientziak landu gura dauz ekimen honegaz. NewVIc eskoleak musika orkestra gazte baten bidez garatzen ari da bere proiektua, eta inprobisazinoa eta talde lanean oinarritutako esperientzia bat dala erakutsi deuskue Londoneko Stratford auzoan. Alemaniarren proiektuak be musikea dauka oinarri, eta Londonekoan lez kultur jatorri desbardineko gazteek hartzen dabe parte. Lituaniarren kasuan, artea eta gorputz adierazpena erabilten dabez euren talde dinamikak garatzeko. Gure proiektuak kultur tradizinoa eta komunikazinoa daukaz ardatz. Antolatzaileek ezagutzen eben Bertsozale Elkarteak transmisinoan egiten dauen beharra, eta interesgarria begitantzen jaken zelan egokitu dan gaurkotasunera tradizinoan oinarria daukan kultur adierazpen bat eta batez be horrek euki leiken aplikazinoa gazteen heziketa prozeduretan. Esan beharrik ez dago, hori guztia hizkuntza gitxiagotu baten eta egoera diglosikoan egiteak aparteko begirunea sortzen dauela askorengan.

Bertsofitxak bertso-eskoletan

FORTE proiektu orokorraren barruan, gure proiektua, "Dana ez da bat-batekoa", hezkuntza ez-formalean garatuko dogu, bertso-eskoletan hain zuzen be. Proiektuaren helburu nagusia bertsolari gaztetxoak komunikazino eraginkorrerako baliabideez jaubetzea da. Izenak adierazoten dauena zera da, bat-bateko kantuan prozedurak ez dirala berezkoak, landu egiten dirala, eta ikasketa horrek egiten dauela posible komunikazino eraginkorra helburu dauen bat-bateko adierazpen hori. Proiektu honek “Ahozkotasuna irakaskuntzan” Elkartearen aurreko proiektuaren ondorio da. Ahofitxak izeneko unidade didaktikoen bidez, gazteen ahozko komunikazino gaitasuna hobetzea da haren helburua. Orain, metodologia beraren aplikazinoa proposatu dogu bertso-eskoletarako. Guk bertsofitxak erabiliko doguz gaztetxoen bat-bateko jarduerea lantzeko. Londonen proiektuaren zehaztasunak azaldu ebazan Xabik, ingelesez egin be, eta esan beharra dago txundituta itxi ebazala FORTEko ganerako partaideak. Kokapen egoki baten ostean, bertsofitxen metodologia azaltzea zan gure asmoa. Bertsofitxa bat eroan genduan horretarako. Labur esanda, bertsofitxak bat-bateko testu batean oinarritzen dira, eta hiru zati daukaz unidade didaktikoak. Lehenengoak testua bera gozetea dau helburu, entzun, ikusi, eretxiak eta sentsazinoak batu; bigarrenean testua aztertu egiten da, egilearen komunikazino estrategiez jaubetzeko helburuagaz; hirugarrenean jardun egiten da, ikasitako estrategiak ariketa desbardinen bidez apliketako.

Xabik “Emaidazu” bertsofitxea azaldu eban. Abiapuntuko testua Andoni Egañaren bertso bat da, igaz Iruñean kantautakoa, Bertsoaroaren barruan Aitor Mendiluzegaz egindako saioan. Gaia zan Andoni ikasle gazteak Aitor aspaldi gustoko dauela eta azkenean zer edo zer esatera ausartuko dala. Bertso batean Andonik isiltasun momentua eta eskuez eta keinuez baliatzen da Aitorri zuzentzerakoan. Bertso horretan oinarrituta, berbazko eta ez-berbazko komunikazinoaren erlazinoak lantzen doguz bertsofitxan. Aitatu bertsoa goikoa da, ingelesez emondakoa, eta jatorriko testua emonda Andoniren estrategia osoa ikusiko ez badogu be, aiko hor:

Belarriena ez det ulertu
hor jarri didazu ginda
ulertu nahian alperrik nabil
buruari eraginda.
Aspalditxoan nik hauxe neukan
zuri aitortu ezinda:
ur pixkaren bat eman zaidazu
nerea bukatu egin da.

Aitatzeko modukoa da Europako txoko desbardinetako partaideek gure proiektuari eta oro har bertsolaritzeari dagokionean erakutsi eben interesa. Egiten dogunagazko miresmen puntu bat dago interes horretan, kultur tradizinoaren eguneratzeak eta heziketeagaz daukan lotureak sortzen dauen miresmena, eurak autortu euskuen moduan. FORTE proiektuaren jarraipena egiteko hurrengo jardunaldiak non egin proposatzerakoan be argi eukien: udagoienean Euskal Herrira etorri gura dabe. Hor dago aukerea, eta gustauko litzakigu erronka horreri heltzea.

Iñaki Aurrekoetxea

I haven’t caught the joke
about the ears, no,
I try to understand it,
but I’ll have to let it go.
It’s a long time that I wanted to
tell you something I dream of:
Give me some water
because mine is off.